Enpresak

Irizarrek kontratu handi bat lortu du Parisen

Lehen bi urteetan, Irizar Ie Bus modelo elektrikoko 113 unitate emango dizkio RATPri.

Irizar Ie bus modeloa, proba bat egiten, Donostian. IRIZAR
Iker Aranburu.
2021eko uztailaren 28a
17:31
Entzun

Paris eta haren inguruko hiriak bisitatzen dituztenek Euskal Herrian egindako autobus elektrikoak erabili ahal izango dituzte. Izan ere, Gipuzkoako kooperatibak akordio bat egin du RATP Parisko garraio publikoen enpresa publikoarekin, hari dozenaka autobus elektriko hornitzeko. Ibilgailu horiek Adunan (Gipuzkoa) egingo ditu Irizar e-Mobility adarrak.

«Autobus elektrikoak erosteko Europako proiekturik handienetako bat da», Irizarrek nabarmendu duenez. Kopuru zehatz bakar bat eman du, ordea: lehen bi urteetan, 113 unitate entregatuko ditu, Irizar Ie Bus modelokoak, %100 elektrikoak.

Ibilgailu horiek 12 metro luze dira, 350 kWh-ko Irizar bateriak izango dituzte, eta zama geldoaren bidez kargatuko dira autobus biltokietan. Elektronika, komunikazioak, osagai nagusiak eta sistemak Irizar taldearen teknologia dira. «Eskerrak eman nahi dizkiogu RATPri, autobus flota berritzeko gugan jarri duten konfiantzagatik. Parisen moduko hiri batean gure elektromugikortasun soluzioak inplementatu ahal izatea, mundu mailan elektromugikortasunean erreferente den hiri batean, erronka handia da guretzat, eta ezin gara harroago egon». azaldu du Imanol Rego Irizar e-Mobilityko zuzendari nagusiak.

Irizarrek salmenta ondoko zerbitzu bat izango du Parisen; teknikari adituek eta han kontratatutako pertsonek kudeatuko dute.

Kontratu ugari Frantzian

Azken urteetan hainbat kontratu lortu ditu Irizar adar elektrikoak Frantzian. 2016an, Marseillako lehen linea 100% elektrikoa jarri zuen martxan. 2019an, berriz, asmo handiko proiektu bat hasi zen Amiensen: BRT flota elektrikoa, karga ultralasterreko Europako flotarik handiena. Urte berean, Irizarrek beste bi BRT proiektu jarri zituen martxan Aix-en-Provence hirian. Itxitako azken kontratuak Orleans eta Estrasburgoren eskaerak izan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.