IGERIKETA

Beste urre bat Dresselentzat

Estatubatuarra nagusitu da gizonezkoen estilo libreko 100 metrokoan, eta urrezko bigarren domina eskuratu du. Hainbat errekor ezarri dituzte gaurko finaletan.

Caeleb Dressel igerilari estatubatuarra, gaurko finala amaitu berritan. PATRICK B. KRAEMER / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2021eko uztailaren 29a
12:28
Entzun

Urrezko sei domina ditu jomugan Caeleb Dressel igerilari estatubatuarrak, eta hori lortzeko bidean beste urrats bat egin du. Astelehenean kolkoratu zuen aurrenekoa, gizonezkoen txandakako 4x100 proba librea irabazita, eta gaur jantzi du bigarrena. Estatubatuarra nagusi izan da estilo libreko 100 metrokoan.

Lehia estua izan dute Dresselek eta Kyle Chalmers australiarrak, eta sei ehunenen aldeaz soilik gailendu da estatubatuarra, amaiera justu batean. Marka olinpikoa haustea ere lortu du: 47.02 segundotan osatu du proba. Brontzezko domina Kliment Kolenikov errusiarrak irabazi du.

Errekor olinpiko gehiago ere ezarri dituzte gaurkoan. Yufei Zhang txinatarrak bigarren domina lortu du Tokion. Zilarra irabazi zuen tximeleta estiloko 100 metrokoan, eta urrea eskuratu du 200 metrokoan. Marka olinpikoa hautsi du, 2:03.86ko denbora eginda. Estatubatuarrek osatu dute podiuma: Regan Smith izan da bigarren, eta Hali Flickinger hirugarren.

Jokoetako inoizko denborarik onena egin dute gizonezkoen bular estiloko 200 metroko proban ere. Ez da ezustekorik izan, eta, iragarpenak beteta, Izaax Stubblety-Cook australiarra izan da azkarrena. Zilarrezko domina Arno Kammingak eskuratu du, eta brontzezkoa, Matti Mattsonek.

Txinak ere egin du errekorra; oraingoan, mundukoa. Haiek nagusitu dira estilo libreko 4x200 metrokoan, erreleboka, eta 7:40.33ko denbora ezarri dute. AEBek amaitu dute bigarren, eta Australiak hirugarren.

Eta, azkenik, Robert Finke estatubatuarrak lortu du urrezko domina gizonezkoen estilo libreko 800 metrokoan; aurrenekoz jokatu da proba hori Olinpiar Jokoetan. Azken luzean egindako erasoarekin lortu du loria. Greogorio Altrinieri iritsi da ondoren, eta Mykhailo Romanchukek osatu du podiuma.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.