Albistea entzun

Lorea Agirre Jakineko zuzendaria

«Torrealdai ez zen ideietara mugatzen, praktikara begira aritzen zen beti»

Agirrek nabarmendu du Joan Mari Torrealdaik eta haren belaunaldiak euskaltzaletasunaren gaineko pentsamendu eta praktika berri bat ekarri zutela.

Jon Urbe / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza -

2021eko uztailak 30

Ikusi zein diren beharrak, egin azterketa bat, egin txosten bat, eta egin martxan jartzeko proposamen bat. Horrela gogoratzen du Jakineko zuzendari Lorea Agirrek (Beasain, 1968) Joan Mari Torrealdai (Forua, Bizkaia, 1942; Usurbil, Gipuzkoa, 2020). Jakinen 42 urte egin zituen zuzendari, eta Euskal Idazleen Elkartean, UEUn, UZEIn, Elkar argitaletxean, Euskaldunon Egunkaria-n eta beste hamaika egitasmotan izan zen sortzaile edo bidelagun. Euskara eta euskal kulturari dagokionez, 56ko belaunaldiko kide zen, gerraostean hutsetik abiatu zena. Ordudanik iritsitako lorpenez jabetzen zen, baina geratu zitzaizkion arantza batzuk ere: tartean, liburutegi nazionalaren proiektuak aurrera ez egitea.

Urtebete da Joan Mari Torrealdai hil zenetik. Distantzia horretatik, zer nabarmenduko zenuke hari buruz?

56ko belaunaldiko kidea zen Joan Mari, eta hark eta haren belaunaldiak, batetik, euskararen eta euskal kulturaren aldeko egiturak sortu, sendotu eta iraunarazi zituzten; bestetik, horrekin batera, euskararen, euskaltasunaren, euskal kulturaren eta herrigintzaren gaineko pentsamendu eta praktika berri bat ekarri zuten. Belaunaldi horrek —Txillardegik, Azurmendik, Arestik, Torrealdaik eta bestek— euskara eta euskal kultura mundu garaikide modernora ekarri zituen. Aldaketa epistemologiko oso bat izan zen hura: euskaldun egin egiten dela, euskara ikasi egiten dela, euskaratik mundu bat sor daitekeela, eta, euskara salbatuko bada, gu salbatuko bagara, kulturara, hezkuntzara, hedabideetara, literaturara eta abarretara ekarri behar dela aldarrikatu zuten. Jakin taldea ere aipatuko nuke, eta hor beti Joan Mari, eta, esate baterako, euskara batuaren alde egindako lana ere bai.

Jakin taldea aipatu duzu. 42 urtean izan zen Torrealdai hango zuzendari.

Arantzazun teologiaren bueltan sortutako aldizkari zena aldizkari garaikide moderno bihurtu zuten. Ikur nagusia aldizkaria bera izan arren, euskalgintzaren artikulazioan laguntzeko tresna gisa ere ulertzen zuten Jakin: euskararen beharrak zein diren ikusi, egin azterketa bat, egin txosten bat eta egin proposamen praktiko bat martxan jartzeko. Jakinen izenean, Joan Mari Euskal Idazleen Elkartearen abiapuntuan egon zen, UEUn bideratzaile, EKBn, Kontseiluan eta UZEIren eragile, Elkarren sorreran, Anaitasuna aldizkarian, Euskaldunon Egunkaria-n sortzaile, bideratzaile eta administrazio kontseiluko lehendakari, Euskaltzaindian, Martin Ugalde kultur parkearen sorreran eta beste hamaika egitasmotan.

2014an eman zizun Jakineko zuzendari lekukoa. Zerbait zehatza eskatu al zizun?

Belaunaldi desberdinetakoak izanagatik, mundu berekoak ginen, nor bere garaitik, esperientziatik eta ingurunetik. Joan Marik oso argi zeukan belaunaldi bakoitzak egin behar duela garaian garaiko bere bidea. Inoiz pentsatu izan dut: «Hau egitera ausartuko al gara Jakinen?». Baina begiratzen duzu 1960ko edo 1970eko hamarkadan Joan Marik-eta zer idazten zuten, eta harrituta geratzen zara: euskarari mundu berri bat eman behar horretan, berritzaileak, kritikoak, eztabaidara emanak eta erradikalak ziren.

Torrealdaik azkenaldian nola ikusten zuen euskararen egoera?

Zer basamortutatik abiatu ziren eta ordutik gaur egunera arte zenbat lortu den kontziente zen, baina ez zela aski ere jabetzen zen. Azkenaldiko erabileraren krisiarekin oso kezkatuta zegoen. Berresten zuen hizkuntza batek aurrera egiteko egitura guztiak behar dituela, sozialak, kulturalak eta politikoak, eta, bereziki, hizkuntz politika publiko ausartak. Haren obsesioetako bat zen hori.

Gainerakoan, zer kezka zituen?

Gertatzen zen guztiaz interesatzen zen Joan Mari. Kazetaria eta soziologoa zen, eta ezin bestela izan. Bazituen zenbait kezka: ekologia, hirigintza, garapen eredua, Euskal Herriaren burujabetza, abertzaletasunaren aurrerabidea, ezkerraren norabidea... Baina, gehienbat, 1956ko belaunaldi horrek abiatutako eta gerora beste belaunaldi askok honaino ekarritako lorpenak zalantzan egoteak edo bide galduetan egoteak amorratzen zuen.

Iaz digitalizatu zenuten haren obra osoa. Zer dago eskura?

Joan Marik argitaratu zuen guztia, zenbakitan, 593 obra: haren 24 liburu, taldean egindako 47 liburu, 41 egunkari eta aldizkaritan ateratako 517 artikulu, hiru itzulpen eta editore gisa egindako beste bi lan. Joan Mari oso ikerlaria zen, baina ez zen ideietara mugatzen, praktikara begira aritzen zen beti. Sartzen zen eremu berri guztietan, datuak hartu eta txosten sakonak egiten zituen, ia tesiak, egiturak sortzeari, proiektuak abian jartzeari, ekipoak osatzeari eta abarri begira. Gaurkotasunez betetako pentsalari eta ekintzailea da Joan Mari, eta merezi du haren obra ezagutzea.

Hain zuzen, transmisioa zen haren kezketako bat, ezta?

Bai, haren beste obsesioetako bat ere hori zen, eta, seguru asko, euskalgintzan eta euskal kulturan dugun arazorik larrienetako bat da: mundu globalizatu eta digital honetan, gero eta zailagoa da belaunaldi berriengana iristea, baina altxor hori transmititu beharra dago, hurrengo belaunaldiek ezagut dezaten, kontra egiteko, txikitzeko, eraikitzeko, osatzeko edo beste leku batera eramateko.

Liburutegi nazionalaren proiektuari ere behin baino gehiagotan heldu zion. Hori izan al da geratu zitzaion arantzetako bat?

Estatua izan edo ez, kultura normalizatu guztiek daukate liburutegi nazionala, hor biltzen delako hizkuntza baten kultura. Eta hori zen Joan Mariren azken helburua. Liburutegi nazionalarena proiektu handia da, esku askoren eta erakunde publikoen inplikazio erabatekoa beharko lukeena. Behin eta berriz atera zuen gaia, erakundeei ere aurkeztu zien, baina ez zuen aurrera egin, eta arantza hori geratu zitzaion.

Gainerakoan, nolakoa zen Torrealdai?

Gustatzen zitzaion bizitza ospatzea, poztea, jatea, lagunekin ibiltzea... Mendizale ikaragarria zen, maratoilaria ere bai. Bizitzaren aurrean oso jarrera positiboa zuen. Euskalgintzaz ari zela, beti esaten zuen maratoia korritzera atera ginela. Bere bizitza hor eman zuen, eta bizitza interesgarria eta zentzuz betea izan zuen. Egindako lan horrek guztiak bere zigorra ere izan zuen: Egunkaria-ren auzian atxilotua eta torturatua izanik, ondo larrutik pagatu zuen bere ekarpen eskuzabala. Publikoki esan zuen tortura egunetan jasotakoaren ondorio zela bere gaixotasuna [minbizia], eta, alde horretatik, sinbolo bat ere bada.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat, Donostian, artxiboko irudi batean. ©JON URBE / FOKU

Soraluzeko andre bat labankadaz hil dute Benidormeko bere etxean

Jon Ordoñez Garmendia Ion Orzaiz

Emakumearen senarra da susmagarri nagusia: trafiko istripu batean hil da, lehen ikerketen arabera, bere buruaz beste eginda. 2003tik, Euskal Herriko 115 emakume hil dira indarkeria matxistagatik

Lau akusatuk onartu dute abusuak egin izana tutoretzapeko adingabeei

Edurne Begiristain

Sansoheta auziko ahozko epaiketan hamar gizonezko eseri dira akusatuen aulkian adingabeei sexu abusuak egitea egotzita. Sei akusatuk esan dute ez zekitela biktimak adin txikikoak zirela
 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Giza historiako krisi larrienean gaude, eta ez dago erantzun proportzionalik»

Maite Asensio Lozano

Tokiko borroken gainetik Euskal Herrian «hegemonia kapitalista ekozidari» aurre egingo dion mugimendu sendo baten premiaz arituko dira, besteak beste, Ekotopaketetan, datorren asteburuan, 'Azken krisia, gure garaia' lelopean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...