Enpresak

Siemens Gamesak kaleratzeak aipatu ditu, galera handiak izan ondoren

Lehengaien garestitzearen ondorioz, haize errotak kostu azpiko prezioetan saldu eta 368 milioi euroren galerak pilatu ditu aurten.

Siemens Gamesaren haize errota bat, Bilbonb. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2021eko uztailaren 30a
16:07
Entzun

Lana badu, bezero berriak erakartzeko gaitasuna ere, eta etorkizuneko sektore batean ari da,  baina gauzak ez doaz ongi Siemens Gamesan. Azken bederatzi hilabeteetan 368 milioi euro galdu ditu, horietako 314 milioi azken hiruhilekoan, eta Espainiako adarrean kaleratze gehiago egiteko aukera ez du baztertu Andreas Nauen enpresako buruzagi berriak.

Berez, Siemens Gamesa iazko emaitzak hobetzen ari da, duela urtebete diru gehiago galdu zuelako. Baina iazko emaitzetan bete-betean jo zuen konfinamenduaren geldialdiak. Aurten ez dago halakorik, eta Zamudioko konpainiak sektore eolikoaren aje nagusiari egin behar dio aurre: errentagarritasun eskasari. Garestia da haize errotak egitea eta instalatzea, baina lehia handia dago sektorean eta erosleek asko estutzen dituzte prezioak, ekoizleen irabazi marjinak ia ezabatzeraino.

Altzairua, %60 garestiago

Azken hilabeteetan beste faktore bat batu zaio errentagarritasun txikiaren faktoreari: lehengaien garestitzea. Horren ondorioz, azken hiruhilekoan kostu azpiko prezioan aritu da haize errotak saltzen. Altzairu asko behar da haize errotak egiteko, eta azken urtean ia %60 garestitu da haren prezioa, ekonomiaren berpiztearen eskutik. Berri ona da hori Arcelor Mittalentzat —lan betean ari da Euskal Herriko fabriketan ere—, baina txarragoa da altzairua erabiltzen dutenentzat.

Lehengaien prezioen gorabeherei aurre egiteko, bere haize erroten salneurria haiei indexatzeko asmoa duela azaldu du Nauenek. Hau da, bezeroekin kontratua egitean klausula bat jartzea prezioa aldatzeko baldin eta altzairuaren eta beste materialen salneurria handitzen bada.

Kaleratzeen aukera

Kostuak txikitzeko eta «epe luzerako errentagarritasuna bermatzeko» beste bide bat lantaldea gutxitzea izan daitekeela onartu du Siemens Gamesako buruak. Duela ia urtebete itxi zuen Euskal Herrian geratzen zitzaion ekoizpen lantegirik handiena, Agoizkoa (Nafarroa), eta haren ondotik itxi zituen beste bat As Somozasen (Galizia) eta Cuencan (Espainia). Aurretik, Tuterako eta Altsasuko fabrikak (Nafarroa) itxi zituen, eta kaleratze asko egin zituen Zamudioko eta Sarrigurengo bulegoetan.

Galera handiak izan arren, enpresaren etorkizunari buruz baikor azaldu nahi izan du Nauenek. «Energia eolikoaren potentzialitate handia» gogorarazi du berriro Siemens Gamesako kontseilari ordezkariak, eta horren erakusgarria da eskarien zorroa gizentzen jarraitzen duela.

Azken urtean 11.864 milioi euroren eskariak jaso ditu, eta 32.561 milioi euroren lanak zituen egiteko ekainaren 30ean, urtebete lehenago baino %3 gehiago. Azken hiruhilekoan batez ere lurreko haize errotak eskatu dizkiete (+%13), eta offshore edo itsasokoetan eskaerak hiruhileko batetik bestera aldaketa handiak daudela onartu du Nauenek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.