Atletismoa

Yulimar Rojasek jauzi hirukoitzeko munduko errekorra hautsi du

Venezuelarrak 15,67 metroko saltoa egin du. Aurreko markak 26 urte zeramatzan indarrean, 1995etik. Altuera jauzian urrea partekatu dute Mutaz Essa Barximek eta Gianmarco Tamberik.

Rojas, gaur, egin duen marka erakusten duen markagailua atzean duela. CHRISTIAN BRUNA / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko abuztuaren 1a
18:40
Entzun

Denbora kontua zela diote adituek. Yulimar Rojas venezuelarrak gaitasun bikainak ditu jauzi hirukoitzerako, eta gaur historiarako une bat egin du munduko errekorra hautsita: 15,67 metroko saltoa egin du. Aurreko marka Inessa Kravets ukrainarrak 1995ean jarritakoa zen, hamabost metro eta erdikoa. Horri esker, urrea lortu du Rojasek; bigarren izan da Patricia Mamona portugaldarra, eta hirugarren Ana Peleteiro galiziarra.

Finaleko lehen saltotik eman du abisua Rojasek, 15,41 metroko saltoa egin eta errekor olinpikoa hautsita. Hirugarren saltoan, berriz, balio ez zuen salto bat egin du, baina hura ere hamabost metrotik gorakoa. Begi bistakoa zen urrea lortzeko lehian ez zela borroka handirik izango. Seigarren eta azken jauzirako ziurtatua zuen hori Rojasek, baina helburu bakarrarekin egin du salto hura: munduko errekorra haustea. Saiatu, eta lortu.

Jauzitik altxatzerako bazekien errekorra hautsi zuela, eta zoro moduan ospatu du venezuelarrak; ez da gutxiagorako.

Etorkizuna berea da

Rojasek urteak daramatza jauzi hirukoitza menderatzen, eta azken ziklo olinpikoan hamabost metro baino gehiagoko jauzia egin duen atleta bakarra da; hamazazpi aldiz gaurko finala baino lehen. Gaitasun fisiko zoragarriak ditu kirol horretarako (1,92 metroko altuera du, eta 72 kilo), eta gaztea da: 25 urte besterik ez ditu.

Hitzemana zuen gaurko finala ikusgarria izango zela, eta gaur hedabideei egin dizkien adierazpenetan beste erronka bat jarri dio bere buruari, hamasei metroko jauzi bat egitea: «Egunetik egunera gertuago ikusten dut, eta uste dut neure buruak eta bihotzak nahi dutena lor dezakedala», esan du.

Urrea bientzat

Tokioko gauak beste final ikusgarri bat ere utzi du: gorako jauzikoa. Mutaz Essa Barxim qatartarra eta Gianmarco Tamberi italiarra akatsik egin gabe iritsi dira 2,37 metroko altuerara, baina hor geratu dira biak. Ezi izan dute 2,39ko muga gainditu.

Gauzak hala, euren esku geratu da erabakia, eta garaipena partekatzea erabaki dute. Euren marka bera egin du Maksim Nedasekau bielorrusiarrak ere, baina aurretik, 2,19ko saltoan, akats bat egin izanak brontzea irabaztera kondenatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.