Albistea entzun

GALDEKETA

Herritarren %7k hartu dute parte Mexikoko galdeketan

Parte hartu duten herritar gehienek baiezkoa eman dute. Loteslea izateko, herritarren %40k eman behar zuten boza. Egiaren batzordea sortuko dutela iragarri du Morena alderdiko buruak.

Boza eman zuen herritar batek boto-papera eskuetan du, galdera erakutsiz, Guadalajaran.
Boza eman zuen herritar batek boto-papera eskuetan du, galdera erakutsiz, Guadalajaran. Francisco Guasco / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Iztueta Olano -

2021eko abuztuak 2

Igandean, goizeko zortzietan, ateak ireki zituzten Mexikon herrialde osoan jarritako ehunka hauteslekuk, nazio mailako lehen galdeketa egiteko. Herritarren parte hartzea oinarri, 1988. eta 2018. urteen artean karguan egon ziren presidenteen jarduerak epaitzearen inguruko galdeketa egin zuten. Jasotako erantzuna, baina, eskasa izan zen. Mexikon bizi diren 96 milioi herritarri zabaldu zieten parte hartzeko deialdia, baina 6 milioi eta erdik (%7 inguruk) bakarrik eman zuten boza, egitasmoa abian jartzeko beharrezkoa zen %40ko parte hartzetik urruti.

Boza eman zutenen artean, %89 inguruk presidente ohien jarduerak ikertzeko prozesuaren alde egin zuten; ezezkoa eman zuten herritarren %1,5 inguruk; eta bozen %2 baliogabeak izan ziren.

Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak berak bultzatu zuen galdeketa, eta herritarren parte hartzea apala izan zen arren, egitasmoa «arrakastatsutzat» jo zuten haren alderdikoek. Morena alderdiko kideek lortutako emaitzak txalotu zituzten. Honelaxe idatzi zuen Mario Delgado buruzagi nazionalak Twitterreko kontu ofizialean: «Baiezkoak irabazi du, eta biktimak protagonista izango diren inpunitatearen aurkako etapa berri bat hasi da gure herrialdean. Jendearen justizia goseak ezezkoari irabazi dio. Haien ahotsa ez dadila inoiz ahaztu!».

Lege proposamena ezartzeko herritarren %40k hartu behar zuten parte. Hala ere, Morena alderdiko buruak egiaren batzorde bat sortuko dutela iragarri zuen: «Ez dut uste gaurko galdeketa kalifikatzeko parte hartzean oinarritu behar dugunik. Lorpen handia da». Gainera, INE jo zuen parte hartze txikiaren erantzuletzat, eta galdeketa «boikotatu» izana leporatu zion. Ekainean 163.000 hautesleku jarriko zituela iragarri zuen institutuak, baina 57.000 baizik ez zituen jarri. INEk, berriz, salatu zuen «eskasa» zela kongresuak emandako aurrekontua.

Nazio mailako lehen galdeketaren emaitzak modu oso desberdinean interpretatu zituzten oposizioko alderdiek. Haiek porrot hitzarekin definitu zuten atzoko jardunaldia. Are gehiago, PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiko buruak salatu zuen galdeketa «gezur hutsa» izan zela: «Legea aplikatu egin behar da. Dagoeneko presidente ohiak epaitzeko tresnak badituzte, erabili ditzatela, eta ez badituzte, jendea engainatzen aritu diren demagogo hutsak dira».

PRDko buruaren kritikekin bat egin zuen Marko Cortes PAN Ekintza Nazionalerako Alderdiko buruak, eta galdeketa gobernuaren «kapritxo bat» zela esan zuen. Gainera, galdeketa egiteko 500 milioi dolar (420.804.576 euro) xahutu izana leporatu zion Mexikoko Gobernuari.

Galderak airean

Nazio mailako galdeketaren helburua garbia zen: herritarren babesa lortzea bost presidente ohiren jardueren ikerketa abian jartzeko. 2018an bozak irabazi zituenetik, Lopez Obradorrek sarritan adierazi izan du presidente ohi horiek auzitara eramateko asmoa. 1988tik 2018ra bitartean Mexikoko agintean egon ziren bost presidenteei egotzi zien ondasun publikoak pribatizatzea, iruzurra egitea, herritarren aurkako segurtasun estrategiak martxan jartzea eta ustelkeria kasuetan parte hartzea. Ekintza horien arduradunak izango liratekeen: Carlos Salinas de Gortari (1988-1994), Ernesto Zedillo (1994-2000), Vicente Fox (2000-2006), Felipe Calderon (2006-2012) eta Enrique Peña Nieto (2012-2018).

Mexikoko presidentearen helburua zehatza zen arren, herritarrek zalantza ugari izan dituzte azken asteotan. Galdeketan egin zuten galdera «orokorregia» zela salatu zuten askok. Hau zen herritarrek erantzun beharreko galdera: «Ados al zaude ekintza egokiak gauzatzearekin, esparru konstituzionalari eta lege esparruari atxikiz, aurreko urteetan eragile politikoek hartutako erabaki politikoak argitzeko ekintzei ekiteko, justizia eta biktima posibleen eskubideak bermatze aldera?». Gobernuak ez zuen azaldu, ordea, behin legea onartutakoan zein izango ziren eman beharreko hurrengo pausoak, eta horrek areagotu egin zuen herritarren mesfidantza.

Galderak zalantza ugari utzi zituen airean, eta herritarrak bitan banatu zituen: galdeketak herrialdeko goi kargudunen inpunitatea amaitu zezakeela uste zutenak batetik, eta legea aplikatzeko boza ematea zentzugabea zela uste zutenak bestetik. Erakundeen artean ere nabarmena zen bi iritzien arteko aldea. Zapatistek, esaterako, galdeketaren alde egin zuten, «masakreetako biktimen justiziaren alde». HRW Human Rights Watch erakundeko kideek, berriz, galdeketa «zirku politikoa» zela esan zuten.

Eta orain zer? Horixe da galdera. Atzoko galdeketa arrakasta borobila izan zen batzuentzat, sekulako porrota besteentzat. Anabasaren erdian, Lopez Obrador isilik mantendu da, eta oraingoz ez du hurrengo pausoen inguruko informaziorik eman.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ORSOLA CASAGRANDE

«Herrialdearen historiako lurrikararik okerrena izan da hau»

Orsola Casagrande

Kurdistanen krisi mahaia eratu du HDP alderdiak, laguntza kudeatu eta kaltetutako eremuetara iristeko. Aterpeak lortzea da orain lehentasuna Sancarrentzat.
Erreskate taldeak zauritu bat ateratzen, Diyabakirren, Kurdistanen. / ©Ref Tekin, EFE

«Ehunka familia daude hondakin azpian harrapatuta»

Lara Villalon - Istanbul

Goizaldean Kurdistango Gazintep hiritik hurbil gertatutako lurrikarak milaka lagun harrapatu ditu etxean lo. Seismoaren osteko orduetan kaosa izan da nagusi Turkian, Kurdistanen eta Sirian.

Ehunka pertsona hil ditu lurrikara batek Turkian, Sirian eta Kurdistanen

Bi lurrikarak astindu dute Ekialde Hurbila, eta gutxienez 3.600 pertsona hil dira

Edu Lartzanguren - Arantxa Elizegi Egilegor

Gaueko dardarak 7,8ko indarra izan du, eta bigarrenak 7,5ekoa. Turkia, Siria eta Kurdistan astindu ditu lurrikarak. Ankararen arabera, 3.700 eraikin amildu dira haien kontrolpeko eremuetan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...