Argindarra

Argindarrak markak hautsi ditu uztailean, eta garestitzen segitzen du

Facuaren arabera, batez beste 85 euro ordainduko dituzte uztailean merkatu arautuan daudenek, iaz baino %36 gehiago. Prezio handienetan bigarrena ordainduko da bihar, 106 euro megawatt-ordua

Iberdrolaren zentral termiko bat, Ladan (Asturias). Itxita dago eta desmuntatzen ari dira. ELOY ALONSO / EFE
Iker Aranburu.
2021eko abuztuaren 2a
18:49
Entzun

Facua Espainiako kontsumitzaileen elkarteak zenbaki bat jarri dio hurrengo egunotan Hego Euskal Herriko etxeetan jasoko duten argindarraren faktura gero eta puztuagoari: %36,2 garestitu da aurtengo uztailean, iazkoarekin alderatuz gero. Eta abuztuko faktura ere handia izan daiteke, hilabetea preziorik garestienetan bigarrenarekin hasi duelako argindar merkatuak.

Garestitzea, noski, tarifa arautua dutenek nabarituko dute hasiera batean, hamar herritarretik lauk, gutxi gorabehera. Haiek ordaintzen dutena orduero aldatzen da, merkatu maioristan argindar ekoizpenak lortzen duen prezioen arabera. Hamarretik seik, berriz, tarifa librea dute, finkoa, argindar konpainiak eskainitakoa, eta, orain arte behintzat, garestiagoa dena.

Facuaren arabera, familia batek 85,34 euro ordainduko ditu uztailean batez beste, 2020an baino ia 23 euro gehiago. Garestitzea handiagoa zatekeen, baldin eta, Espainiako Gobernuak, fakturaren igoerak eragindako haserrearengatik kezkatuta, ez balu argindarraren BEZa jaitsi: %21 izan beharrean, %10 izango da megawatt-ordua, 45 eurotik gora dagoen bitartean.

Hori gabe, 85,34 euro izan beharrean, batez besteko faktura 93,88 euro izango litzateke, inoizko garestiena. Orain arteko marka 2012ko lehen hiruhilekokoa da, 88,66 eurorekin.

Bihar, oso garesti

Hurrengo hilabeteetan argindarraren prezioak garesti jarraituko duela ohartarazi zuen duela gutxi Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Ekologiko ministroak. Aurreikuspen horretan bete-betean asmatu zuen Riberak, abuztua goranzko joerarekin hasi baitu argindarraren prezioak. Batez beste, 106,27 euro ordainduko da bihar megawatt-ordua, inoizko preziorik garestiena uztailaren 22an markatu zuenaren ondoren (106,27 euro MWh).

Gainera, orduaren araberako oso gorabehera txikia izango denez, 113 eta 100 euro artekoa, ez du eragin handirik izango gastu handiko ekintza batzuk —garbigailua jartzea, esaterako— ordu batean zein bestean egiteak, ez bada sarbide tarifa desberdinak baliatu nahi direla —merkeagoa gauean, garestiagoa egunez—.

Merkatu maioristaren prezioa herritarren tarifaren laurden bat inguru da. Gainontzekoa, berriz, sarea erabiltzeagatik ordaintzen den tarifa, energia berriztagarriak bultzatzeko sariak, eta zergek osatzen dute. Horregatik, Facuak eskatu dio Espainiako Gobernuari elektrizitatearen zerga %10era jaisteko erabakia ez izatea behin-behinekoa.

Susmo txarrak

Argindarraren prezio igoeraren arrazoien artean gasaren eta CO2 isurketa eskubideen garestitzea aipatzen dira gehien. Horrek eragin du Espainiako argindar merkatuan ez ezik besteetan ere argindarra garestitu izana.
Baina badira argindar konpainien ezkutuko eskua ikusten dutenak ere.

Horien artean dago ASE energia aholkularitza. Efe agentziari egindako adierazpenetan, ASEk ohartarazi du azken asteetan erdira jaitsi izan dela ekoizpen eolikoa eguneko hainbat ordutan, eta azalpena ez dela «klimatologikoa». Hau da, haize errotak ez direla geratu haizerik ez zegoelako. Egunaren erdialdean gertatu da hori, argitasunaren ondorioz zentral fotovoltaikoek ekoizpena asko handitu duten orduetan. Eolikoa erdizka baizik sartu ez denez ordu horietan, ziklo konbinatuko zentralak erabili dituzte argindar beharra betetzeko, eta horrek igo du prezioa, teknologia garestiagoa delako. Izan ere, energiagatik ordaintzen den azken prezioa eskaria estaltzen duen azken eskaintzak zehazten du; kasu gehienetan ziklo konbinatuko zentralak (gasa) eta ikatza erretzen dutenek.

Uztaileko kasuan, gainera, bada ASEri susmagarria iruditzen zaion beste zerbait: zentral hidroelektriko bat sartu izana. Azken energia horrek oso kostu txikia du, eta horregatik etekin izugarriak eman ditzake argindarra ziklo konbinatuaren prezioan ordaintzen denean. Horregatik, ikerketa bat hasteko eskatu dio ASEk Espainiako Gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.