Palestina

«Egoiliar babestu» estatusa eskaini diete Xeikh Jarrahko familia palestinarrei

Israelgo Gobernuak zehaztu du palestinarrek etxeetan jarraitu ahalko dutela, baina Nahalat Ximon elkartea izango dela haien jabe. Auzi saioa akordiorik gabe amaitu da.

Xeikh Jarrah auzoan bizi diren familia palestinarretako kideak Israelgo Auzitegi Gorenan, asteleheneko auzi saioan. ABIR SULTAN / EFE
maddi iztueta olano
2021eko abuztuaren 2a
18:49
Entzun

Xeikh Jarrah auzoan bizi diren palestinarrei «egoiliar babestu» estatusa ematea proposatu du Israelgo Auzitegi Gorenak. Proposamen horren arabera, ezingo dituzte etxetik bota 1950etik auzoan bizi diren palestinarrak. Kontua, baina, ez da hain sinplea: trukean egoiliarrek alokairu kuota bat ordaindu beharko diote Nahalat Ximon kolonoen elkarteari, 1948an auzoan bizi zen familia judu bati lurrak erosi zizkionari. Urtean 1.500 shekel ordaindu beharko dituzte familiek, 400 euro inguru.

Nahalat Ximon elkarteko abokatu Ilan Xemer-ek, proposamena baztertu, eta eskatu du familia palestinarrek onar dezatela juduena dela lurren jabetza. Palestinarrek, berriz, uko egin diote kolonoei errenta ordaintzeari. Bi aldeen desadostasunak ikusita, Isaac Amit epaileak ohartarazi die: «Jendeak bertan bizitzen jarraitu behar du, eta hori da asmoa, akordio praktiko bat lortzen saiatzea».

Jordaniako Gobernuak eraiki zituen etxe horiek 50eko hamarkadan, NBE Nazio Batuen Erakundearekin elkarlanean, helburu garbi batekin: 1948ko Israelgo Independentzia Gerraren ondoren errefuxiatu palestinarrei ostatu ematea. Hareetz egunkariaren arabera, Jordaniako Gobernuak aurrerapauso garrantzitsuak eman zituen palestinarrei emateko Jerusalem ekialdeko Xeikh Jarrah auzoko eraikinen jabetza, baina Sei Eguneko Gerrak prozesua eten zuen.

Orduz geroztik, gero eta zailagoa izan da palestinarrentzat etxeak beren izenean erregistratzea. Sami Arxid abokatuaren arabera, gerragatik izan ez balitz, jabetzak egoiliarren izenean erregistratuko zituztela frogatzen dute dokumentuek, eta, beraz, «Israelen betebeharra da jabetza hori aitortzea».

Epaiketa akordiorik gabe amaitu ostean, epaileek «egoiliar babestu» estatusa lor zezaketen pertsonen zerrenda aurkezteko eskatu die palestinarrei, zazpi eguneko epean, eta hurrengo auzi saiorako eguna programatu dute.

Auzo horretan bizi diren dozenaka familia palestinarrek etxea uzteko aginduak jaso zituzten 2009an, eta geroztik gora egin dute jasotako mehatxuek. Nazioarteko erakundeek salatu dute horrelako ekintzak Israelen politika sistematikoaren parte direla, «palestinarrak lekualdatzeko eta lur gehiago eskuratzeko».

Familia palestinarrek etxegabetzea eragozteko duten azken aukera dela uste dute askok, akordiorik ez balego, egoera bertsuan diren bederatzi familia etxerik gabe gelditzeko arriskuan baitaude. Gainera, egunetik egunera gora doa kaleko tentsioa. Asteburuan, esaterako, israeldarrak eta palestinarrak Xeikh Jarrahn bildu ziren manifestatzeko, asteleheneko epaiketa baino lehen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.