GIMNASTIKA

Bilesek brontzezko domina eskuratu du oreka barrako finalean

Estatubatuarrak Tokion jokatu duen final bakarra izan da, besteetan lehiatzeari uko egin ondoren, osasun arazoak medio. Chenchen Guan txinatarra izan da irabazlea.

Biles, gaur, ariketa bukatu ondoren.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko abuztuaren 3a
11:52
Entzun

Gaur jokatu da emakumezkoen gimnastikako azken finala, oreka barrakoa. Txinatarrak ziren irabazteko faboritoak, eta ez dute huts egin. Chenchen Guanek lortu du urrezko domina, 14.633 puntu pilatuta; eta haren herrikide Xijing Tang izan da bigarren. Baina gaurko finalean egon da beste irabazle bat: Simone Biles gimnasta estatubatuarra. Urre zaporeko brontzezko domina eskuratu du Bilesek, eta ariketa amaitu ondorengo haren irribarrea izan da lorpenik handiena. Ondo osatu du ariketa, eta 14 puntu bildu ditu.

Atzo jakinarazi zuen AEBetako Gimnastika Federazioak Biles oreka barrako finalean lehiatuko zela, beste finaletan parte hartzeari uko egin ondoren, osasun arazoak tarteko. Presioa medio utzi zuen lehia. Aurrena, taldekako lehiaketatik erretiratu zen, lehia hasi berritan. «Nire osasun mentalean zentratu behar dut. Geure burua eta gorputza babestu behar ditugu, eta ez dugu mugatu behar munduak nahi duena egitera», adierazi zuen 24 urteko gimnasta estatubatuarrak. Gaur, azken finalean, lehiatzeko moduan sentitu da, eta parte hartzeko ausardia izan du. Ez hori bakarrik, hirugarren puntuaziorik onena ere lortu baitu. Halere, postuaz harago, haren irribarrea izan da emaitzarik onena.

Gimnastika artistikoaren azken urteotako izar nagusia da Biles, 24 urtekoa. Munduko Txapelketetan domina gehien lortu dituen gimnasta da: 25; horietako hemeretzi urrezkoak. Azkeneko Olinpiar Jokoetan, Rion, urrezko lau domina eta brontzezko bat kolkoratu zituen. Hain justu, orduan ere oreka barran lortu zuen brontzezko domina.

Gaurko beste finalak

Tokioko Jokoetan gimnastika artistikoko lehiaketari amaiera emateko, beste bi final jokatu dira gaur. Beste txinatar bat nagusitu da gizonezkoen barra paraleloetan ere: Jungyuan Zou. Lukas Dauserrek amaitu du bigarren, eta Ferhat Aricanek hirugarren. Azkenik, barra finkoan, Daiki Hashimotok irabazi du. Zilarrezko domina Tin Sribic eskuratu du, eta brontzezkoa Nikita Nagornyyk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.