FUTBOLA

Espainiak finala jokatuko du

0-1 nagusitu zaio Japoniari, luzapenean. Oiartzabal erabakigarria izan da berriro, eta Zubimendik, Merinok eta Simonek hasieratik jokatu dute.

Martin Zubimendi, gaurko partidan. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
Igor Susaeta.
2021eko abuztuaren 3a
16:08
Entzun

Gizonezkoen Espainiako futbol selekzioak 0-1 irabazi dio Japoniari finalerdietan, eta, modu horretan, finalerako sailkatu da. Brasil azkeneko txapelduna —finalerdietan Mexikori irabazi dio, penaltietan— izango du aurkari Espainiak, datorren larunbatean, Euskal Herrian 13:30ak direnean. Okerrik gertatu ezean, final horretan protagonismoa edukitzekoak dira euskal herritarrak, Unai Simonek, Martin Zubimendik, Mikel Merinok eta Mikel Oiartzabalek osatzen baitute Espainiako selekzioaren bizkarrezurra. Gaur, hasieratik aritu dira laurak —Jon Moncayolak minutu batzuetan jokatu du, aulkitik aterata—, eta aurrelari eibartarra erabakigarria izan da berriro, pase zehatz bat eman baitio Asensiori, eta partidako gol bakarra sartu du luzapenean.

Nekeak markatutako partida izan da gaurkoa. Lehia asko jokatzen ari dira selekzioak egun gutxiren buruan, eta kontuan hartuta behar da, gainera, bai Japoniak eta bai Espainiak luzapenak jokatu behar izan zituztela final-laurdenetan, aurreko larunbatean.

Hortaz, gaurkoan ikusi ahal izan dira baloi jabetza luzeak. Ez dute, baina, aukera garbi askorik sortu ez batzuek ez besteek, argitasuna eta zehaztasuna falta izan baitzaie zelaiaren azken laurdenean. Hain zuzen, argitasun eta zehaztasun hori erakutsi dute Oiartzabalek eta Asensiok 115. minutuan, luzapeneko bigarren zatian. Eskuin hegaletik egindako eraso batean, alboko sake baten ondoren, Oiartzabali pasatu diote baloia. Realekoak atzelariak erakarri ditu area handiaren inguruan, eta pase zehatz bat eman dio Asensiori japoniarren hanken artean. Real Madrilekok ez du bitan pentsatu, eta atera jaurti du, ezkerrarekin. Gurpil ederra eman dio baloiari, eta Tani atezainak ezin izan du ezer egin gelditzeko.

2000n Sydneyn gertatu bezala, gizonezkoen futbolean urrezko domina irabazteko aukera edukiko dute euskal herritar batzuek. 2000n Mari Lacruz, Unai Bergara eta Daniel Aranzubia euskal herritarrek eduki zuten aukera hori, baina finala galdu zuten Kamerunen kontra. Iñaki Saez izan zen Espainiaren hautatzailea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.