Atletismoa

Asier Martinez 110 metroko hesiduneko finalean sartu da, bere marka hobetuta

Hirugarren izan da bere lasterketan, baina oso denbora ona egin du, eta finalerako atea zabaldu dio. Odei Jainaga xabalina jaurtitzailea ezin izan da ondo lehiatu, eta finaletik kanpo geratu da.

jakes goikoetxea
2021eko abuztuaren 4a
07:39
Entzun

Isiltasuna estadioan. Irteera. Asier Martinez atzean geratu da, ondoko korrikalariekin alderatuta. "Ez naiz aspertuko esateaz nire irteera ez dela txarra", argitu du gero prentsa eremuan. "Ondoan hain jende bizkorra eta indartsua edukita, eman dezake ez naizela ateratzen behar bezala". Ronald Levy jamaikarraz eta Pascal Martinot-Lagarde frantsesaz ari da, bata laugarren kalean, bestea zazpigarrenean. Martinez, seigarrenetik. 110 metro eta hamar hesi aurrez aurre.

Hasi dira lehen hesiak. Martinezen kasuan, eskuineko hankarekin gainditzen ditu hesiak. Hesia gainditu, eskuinarekin lur hartu, ezker, eskuin, ezker, eta berriro eskuineko hanka, luzatuta, metro beteko hesia gainditzera. "Neure burua oso eroso ikusi dut lehen hesietan".

Bideo honetan, 110 metroko hesiduneko hiru finalerdiak jaso dituzte. Aurreneko finalerdian lehiatu da Martinez.

[youtube]https://youtu.be/xtp0fQWioVs[/youtube]

Hesi soinua entzuten hasi da. Korrikalariren bat hesiak jotzen ari da. Ez da korrikalari iruindarra. "Normalean, zorionez, oso hesi gutxi ukitzen ditut. Lasterketaren lehen erdian bere burua kontrolatu du, ohi bezala, azken metroetan estutzeko. Bere burua estutzeko, baina gaurko finalerdian kontrarioak ere bai. Hesitik hesirako tarte bakoitzean, ehunenen bat jan die aurkariei.

Lehen Ronald Levy eta Pascal Martinot-Lagarde urrunago zeudela zirudien. Helmugara iristear, oso gertu ditu. Martinezek ez du finalerdia irabazi, baina bigarren postua hortxe-hortxe du. Estadioko pantaila handian Asier Martinezen izen-abizenak jarri dituzte aurrena, eta gainerako korrikalarienak gero. 'Photo' jarri dute korrikalarien izenen ondoan. Helmugako argazkiekin berrikusi behar dituzte denborak eta postuak. Ez da seinale txarra.

Pixka bat geroago hasi dira denborak jartzen: Ronald Levy aurrena (13.23 segundo) eta... Pascal Martinot-Lagarde bigarren (13.25). Asier Martinez hirugarren (13.27). Ez da sailkatu lehenengo bi postuetan, hau da, finalera zuzenean egoteko aukera ematen dutenetan. Hala ere, denboren araberako beste bi txartel ere badaude finalerako, eta Martinezen denbora oso ona da. Atzoko sailkatze proban lortutakoa baino bost ehunen azkarragoa. Martinezek bere marka hobetu du (13.31koa zuen lehen).

Lasterketa bukatu eta oinetakoak kendu ditu aurrena. Atletismo pistaren inguruan geratu da, eskaileratan, beste bi finalerdiak ikusteko. Ea finalerako sailkatu den jakin nahi du. Badaki oso denbora ona egin duela. Eskaileratan dagoela, beste lasterkari batzuek agurtzen dute. Aintzat hartzen dute.

Akabo. Bigarren eta hirugarren finalerdietako hirugarren eta laugarren sailkatuek ez dute lortu Asier Martinezen denbora hobetzea. Biharko finalerako sailkatzea lortu du. 04:55ean izango da (Euskal Herriko ordua).

Pozik baina lasai agertu da prentsa gunera, marka ona egin duelako eta finalean sartu delako. "Bilatzen nuen marka zen, neure burua halako marka bat egiteko gai ikusten nuen", azaldu du. "Sasoi onean nengoen, baina ez nuen lasterketa on-onik egiten, eta azkenean egin dut".

Zentzuz hitz egiten duen gazte bat da Martinez. "Orain lasai egon behar dut. Guztia erlatibizatu behar dut. Zuhurra izan". Saiatuko da biharko finalean denbora hobetzen, baina batez ere finalaz gozatzen saiatuko da. Amets bat da harentzat. Bai finalera iristea, bai bizitza guztian jarraitu dituen korrikalarien ondoan lehiatu ahal izatea: "Ohore bat da haiekin lasterketak eta hitzak partekatzea". Gogoan izan ditu entrenatzailea (François Beoringyan), senideak eta lagunak, Azpi Crew taldekoak.

Lehen Olinpiar Jokoak ditu Asier Martinezek, eta finalerako sailkatzea lortu du. Atzo lehena izan zen bere lasterketan, eta orduko bere markatik ehunen bakarrera geratu zen. Europako 23 urtez azpiko txapelketa irabazi zuen Martinezek uztailean Tallinnen, eta joan den martxoan laugarren sailkatu zen pista estaliko Europako Txapelketako 60 metroko hesidunean.

Odei Jainagak, ezin

Bestelakoa izan da Odei Jainaga xabalina jaurtitzaile eibartarraren lehiaketa. Lesionatuta iritsi da Tokiora, bere lehen Olinpiar Jokoetara. Anestesia jarrita lehiatu da gaurko sailkatze proban, Olinpiar Jokoen aurreko lehiaketetan egin duen moduan. Bazuen jaurtiketa onen bat egiteko eta, agian, baita finalera sartzeko itxaropena ere. Baina Jainagak azkar ikusi du gaur ezingo zuela lehiaketa ona egin. Sorbaldak ez dio utzi jaurtiketa onik egiten. Lehen jaurtiketa izan du onena, 73,11 metrokoa. Oso urrun finalera zuzenean sailkatzeko 83,50 metrotik eta lehenengo hamabi postuetatik. "Gutxienez 77 bat metro-edo jaurtitzea espero nuen, halako jaurtiketak egin izan baititut ondo ez nagoenean ere, baina gaur ezin izan dut", Jainagaren esanetan. Egia esan, xabalina jaurtitzaileek ez dituzte jaurtiketa oso luzeak egin gaur.

Jainaga, gaur, Tokion, xabalina jaurti behar zuenean. Alberto Estevez

Jainagak bigarren eta hirugarren jaurtiketak ere egin ditu, baina lehiaketa bukatu ondoren onartu du bigarren jaurtiketa eta gero lehiaketa bertan behera uztea pentsatu duela. Hala ere, gustura dago Tokioko esperientziarekin. Orain, Olinpiar Jokoak amaituta, lesioa osatzeko beharrezko denbora hartuko du, hurrengo urteko mundu txapelketan eta 2024an Parisko Olinpiar Jokoetan lehiatu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.