Albistea entzun

Klima larrialdia

Suteak Ipar Mazedoniara, Albaniara eta Kosovora zabaldu dira

Lau dira hildakoak Albanian, Bulgarian eta Kosovon. Europako Batasunak laguntza bidali du kaltetutako eremuetara.

Suhiltzaileen helikoptero bat sute bat itzaltzen saiatzen, Turian, joan den astean.
Suhiltzaileen helikoptero bat sute bat itzaltzen saiatzen, Turian, joan den astean. Mahmut Serdar Alakus / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Iztueta Olano -

2021eko abuztuak 5

Europa hego-ekialdea inoizko bero boladarik larriena jasaten ari da. Muturreko tenperaturek suteak piztu dituzte azken egunotan; milaka hektarea baso eta etxe erre, eta ehunka zauritu utzi dituzte Turkian, Grezian eta Bulgarian. Azken orduetan, eremu horietako suek alboko herrialdeen mugak igaro dituzte, eta Albaniara, Kosovora eta Ipar Mazedoniara iritsi dira.

Albanian, Itsaso Jonikoaren kostaldean nagusitu dira suteak, Greziarekin mugan dauden Vlora eta Gjirokastra hiri turistikoen eremuan. Agintariek atzo eman zuten lehen hildakoaren berri; 64 urteko gizon bat hil zen, bere etxeko atarian zegoela. Kosovon, berriz, 50 sute zenbatu dituzte aste honetan, eta horietatik lau piztuta daude oraindik ere. Atzo 57 urteko gizon baten heriotzaren berri eman zuten, Novo Selo eremuan, keak itota. Egoera bertsua bizi dute Ipar Mazedonian, dozenaka suteetatik bi kontrolatzea lortu dute; oraingoz ez da hildakorik egon.

Halaber, azken orduetan bi hildako egon dira Bulgarian. Biktimak sute bat itzaltzeko lanetan ari ziren, baina haizearen norabidea aldatu eta sugarrez inguratuta gelditu ziren. Erreskate zerbitzuek ezin izan zieten lagundu.

Grezian eta Turkian hildakorik egon ez den arren, suak piztuta daude oraindik ere. Greziako agintariek kezka adierazi zuten atzo, fokuetako bat Olinpiar Jokoen jaioterrira azkar hurbiltzen ari delako, eta ohartarazi zuten sugarrek Antzinako Olinpia monumentu arkeologikoa kaltetu dezaketela. Handik gertu dauden dozenaka etxe erre dira dagoeneko.

Egoeraren larritasuna ikusita, EB Europako Batasuneko hainbat estatu kidek aireko eta lurreko baliabideak bidali dituzte hegoaldera: Frantziak, Ziprek, Herbehereek, Esloveniak eta Txekiak, besteak beste. EBko Babes Zibilerako Mekanismoak kudeatu ditu laguntzak, eta Europako Batzordeak garraio eta logistika gastuen %75 ordainduko ditu. Krisiaren Kudeaketarako Janez Lenarcik komisarioaren hitzetan, Europako herrialdeek emandako laguntza «elkartasunaren adibide bikaina» da.

EBko zientzialarien arabera, joan den hilabetea munduko uztailik beroenetako bat izan zen, 2019ko eta 2016ko uztailen atzetik. Europan, berriz, erregistratutako bigarren uztailik beroena izan zen, 2010ekoaren ondoren. Freja Vamborg adituaren arabera, tenperaturek gora egin dute mundu osoan, eta ohartarazi du datozen urteetan joera horrek hazten jarraituko duela. Gainera, adierazi du uztailean munduko hainbat eremutan jasandako muturreko eguraldiak, hala nola bero boladak eta uholdeak, Lurraren berotzearen ondorio direla.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ORSOLA CASAGRANDE

«Herrialdearen historiako lurrikararik okerrena izan da hau»

Orsola Casagrande

Kurdistanen krisi mahaia eratu du HDP alderdiak, laguntza kudeatu eta kaltetutako eremuetara iristeko. Aterpeak lortzea da orain lehentasuna Sancarrentzat.
Erreskate taldeak zauritu bat ateratzen, Diyabakirren, Kurdistanen. / ©Ref Tekin, EFE

«Ehunka familia daude hondakin azpian harrapatuta»

Lara Villalon - Istanbul

Goizaldean Kurdistango Gazintep hiritik hurbil gertatutako lurrikarak milaka lagun harrapatu ditu etxean lo. Seismoaren osteko orduetan kaosa izan da nagusi Turkian, Kurdistanen eta Sirian.

Ehunka pertsona hil ditu lurrikara batek Turkian, Sirian eta Kurdistanen

Bi lurrikarak astindu dute Ekialde Hurbila, eta gutxienez 3.600 pertsona hil dira

Edu Lartzanguren - Arantxa Elizegi Egilegor

Gaueko dardarak 7,8ko indarra izan du, eta bigarrenak 7,5ekoa. Turkia, Siria eta Kurdistan astindu ditu lurrikarak. Ankararen arabera, 3.700 eraikin amildu dira haien kontrolpeko eremuetan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.