Brontzea beharko du izan

Danimarkak 23-27 irabazi dio Espainiari, eta Julen Aginagaldek eta Eduardo Gurbindok ez dute domina ziurtatzerik izan. Munduko eta Olinpiar Jokoetako txapeldunak nahikoa izan du defentsan eta erasoan txukun antzera aritzea garaipena lortzeko.

Eduardo Gurbindo eskuin alboko nafarra, aulkian burumakur, gaurko partida amaitutakoan. FERNANDO BIZERRA, EFE
ainara arratibel gascon
2021eko abuztuaren 5a
18:32
Entzun

Badira talde edo selekzio batzuk neurketak inertziaz irabazten dituztenak. Hain onak dira, nahikoa dute gauzak txukun samar egin eta partidak ondo kudeatzea irabazteko. Hori da eskubaloian Danimarkaren kasua. Munduko eta Olinpiar Jokoetako txapelduna izanda, beren legea ezartzen dute. Eta gaur hala egin dute Espainiaren kontra. 23-27 irabazi du, eta Frantziaren kontra jokatuko du final olinpikoa, larunbatean. Horrenbestez, Julen Aginagaldek eta Eduardo Gurbindok brontzeagatik borrokatu beharko dute; larunbatean jokatuko da lehia hori ere. Egipto izango dute kontrario. Aginagalde ez du deialdian sartu gaur hautatzaileak, eta Gurbindok minutu batzuetan jokatu du.

Espainiak borroka egin du, eta bere izaera lehiakorra erakutsi. Baina partida betea ez jokatuta ere, Danimarkak irabazi egin du lehia. 6-0eko defentsarekin zulo guztiak itxi ditu, eta Mikkel Hansenek nahi bezala gidatu du taldea. Espainiak estutu duenean, Niklas Landin atezaina agertu da. Partida oso ona egin du. Espainian ere, Gonzalo Perez de Vargas atezaina izan da zutarrietako bat. Hark mantendu du bizirik taldea une zailetan.

Espainiako selekzioa ahalegindu da bizi jokatzen, eta hegalekoak eta piboteak, mina egiten. Izan ere, urrutitik ezinezkoa izan da Danimarkakoek ezarritako horma apurtzea. Gainera, postu horietatik abantaila lortu dutenean, ez dute behar beste asmatu, eta hori, ezinbestean, ordaindu egiten da.

Atsedenaldirako, jada lau golen errenta zuen Danimarkak: 10-14 amaitu da. Lehen zati horretan ondo kudeatu dute 2-3 golen aldea. Eroso aritu dira.

Bigarren zatian ere gauzak bide beretik joan dira. Danimarka une oro izan da aurretik. Espainia gol batera jarri da batzuetan. Baina ez du berdintzea lortu, eta, azkenerako, lehen zatian bezala, lau golen errentarekin amaitu du aurretik Danimarkak: 23-27.

Beste finalerdian, Egiptok ezin izan du ezustekoa eman. Afrikako lehen taldea izan da dominak lortzeko borrokan sartzen, baina ezin izan du beste mugarri bat ezarri eskubaloiaren historian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.