AEBak
New Yorkeko gobernadore Cuomok kargua utzi du, sexu jazarpeneko salaketengatik
Fiskaltzaren txosten baten arabera, Cuomo 11 emakumeri jazarri zitzaien; besteak beste, funtzionario batzuei.

«Orain, laguntzeko daukadan modurik onena da alde batera egitea eta gobernuari berriz gobernatzen uztea», esan du Andrew Cuomo New Yorkeko (AEB) gobernadoreak gaur, kargua utziko duela iragartzeko agerraldian. Presio handia jasan du azken egunotan, Letitia James New Yorkeko Fiskal Nagusiaren bulegoak haren inguruko txostena plazaratu zuenetik. Horretan ondorioztatu dutenez, Cuomok 11 emakumeri sexu jazarpena egin zien; besteak beste, langile publiko zenbaiti.
Cuomok ukatu egin du leporatzen diotena, baina gaur kargua uzteko urratsa egin du. 63 urte ditu, eta haren inguruko hainbat ikerketa zabalik dituzte.
Politikariak esan du salaketek «motibazio politikoa» dutela eta ika-mika «bidegabea eta gezurrezkoa» dela.
Atzo AEBetako telebista batean elkarrizketatu zuten haren salatzaileetako bat, Brittany Commisso. 32 urteko emakume horrek Cuomorentzat egin zuen lan, eta, salatu zuenez, bitan jasan behar izan zuen nagusiaren ukituak.
«Egin zidana krimen bat da, legea hautsi zuen»
Txostena egiteko hainbat hilabetez ikertu du Fiskaltzak, eta, gutxienez, 200 pertsona elkarrizketatu dituzte.
Commissok adierazi du orduan ez zuela salaketarik egin, beldurrarengatik. Esan duenez, beldur zen Cuomo eta haren ingurukoek bere izena zikinduko ziotela, «beste batzuen izenarekin egiten ikusi eta entzun nien bezala».
Igandean, haren laguntzaile nagusi Melissa DeRossak kargua utzi zuen.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.