Enpresak

Euskaltelen telebista negozioa saldu du MasMovilek

Jabe berriak, Kataluniako Agile Content enpresak, Bilbora eramango du egoitza, eta berrikuntza zentro bat eraikiko du Bizkaian.

Meinrad Spenge MasMovileko eta Euskalteleko kontseilari ordezkaria, uztaileko irudi batean. DAVID FERNANDEZ / EFE
Iker Aranburu.
2021eko abuztuaren 11
10:54
Entzun

MasMovilek ez du denbora asko behar izan Euskalteli buruzko erabakiak hartzeko. Euskal telekomunikazio konpainiaren kontrola hartu eta ordu gutxira, haren telebista negozioa saldu dio Agile Content enpresari. 32 milioi euro jasoko ditu horren truke.

Agile Conten telebista digitaleko zerbitzuak ematen dituen enpresa bat da, eta 50 milioi bezero ditu, munduko 24 estatutan. Beste milioi erdi batuko dizkio orain, Euskaltelek eta haren filial R Cablek eta Telecablek hornitutakoak.

Katalunian sortutako konpainia bat da Agile, eta, orain arte, Bartzelonan izan du egoitza. Hala ere, iragarri du Bilbora eramango duela egoitza eta «berrikuntza teknologikoko zentro bat» jarriko duela Bizkaian eta, horri esker, «Europan lehiakor izateko» aukera zabalduko duela. «Garai berri bat zabalduko dugu egoitza Euskadira eramanda eta MasMovil talde berrituarekin izan dugun elkarlana zabalduta», ziurtatu du Hernan Scapusiok, Agile Contenteko kontseilari ordezkariak.

Uztailaren amaieran bukatu zen, hain zuzen, MasMovilek Euskaltelen akzioak erosteko egindako eskaintza publikoari baiezkoa esateko epea. Euskalteleko akziodun handiek ez ezik, txiki gehienek ere baiezkoa eman zioten Espainiako telekomunikazio enpresaren eskaintzari, eta akzioen %97,67 eskuratu zituen. Gainontzekoak behartuta daude abuztuaren 27a baino lehen beren tituluak saltzera. Euskaltelek datorren asteartean utziko dio burtsan kotizatzeari.

Astelehenean, MasMovilek iragarri zuen bere buru Meinrad Spenger izendatu duela Euskalteleko kontseilari ordezkari. Edonola ere, jabe berriak aurreko administrazio kontseiluko kide batzuk utzi ditu organo berrian, eta haien artean izango da Xabier Iturbe, Euskaltelen lehendakaritzari eutsiko baitio, botere exekutiborik gabe bada ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.