Haiti

1.297 dira jada Haitiko lurrikararen ondorioz hildakoak

Euro-Mediterraneoko Zentro Sismologikoaren arabera, 7,6 gradukoa izan da. Hildakoez gain, 5.700 zaurituren berri eman dute oraingoz.

Port-au-Prince hiriburua suntsitu zuen duela 11 urte zazpi graduko beste lurrikara batek. ORLANDO BARRIA, EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Iker Tubia
2021eko abuztuaren 14a
16:00
Entzun

Momentuz 1.297 dira hildakoak, eta zaurituak 5.700 baino gehiago direla jakinarazi dute, baina kopurua gora doa etengabe. Astindua penintsula osoan nabaritu da, eta kalte materialak eragin ditu hainbat tokitan. Herritarrek sare sozialetan zabaldu dituzte irudiak.

Ez da nolanahiko lurrikara izan Haiti astindu duena. USGS AEBetako Ikerketa Geologikorako Zentroaren arabera, Richter eskalako 7,2 gradukoa izan da. Euro-Mediterraneoko Zentro Sismologikoak, berriz, 7,6ko neurria eman dio. Epizentroa, berriz, Saint-Louis du Sud herritik hamabi kilometrora kokatu dute, hamar kilometroko sakoneran. Tsunami arriskuaz ere ohartarazi zuten hasieran, baina azkenean bertan behera utzi dute alerta. Gobernuak larrialdi egoera ezarri du hilabetez herrialdean.

Halaber, Haurrentzako Nazio Batuen Funtsak (UNICEF) jakinarazi du hiri horretan dagoen Sortzez Garbiaren Ospitalea «gainezka» dagoela. «Gurasoak kanpoan zain daude, zauritutako seme-alabekin», azaldu du Twitter bidez.

Errepliken arriskuaz ere ohartarazi due adituek; izan ere, lehen seismoak hondatuta utzitako eraikinak erori egin daitezke erreplikekin, hildako eta zauritu gehiago eraginez —4 gradutik gorako bederatzi errepika izan ziren lurrikararen ondorengo orduetan—. Lurrikara ez da nabaritu soilik Haitin, baita inguruko herrialdeetan ere, hala nola Kuban, Jamaikan eta Dominikar Errepublikan.

Bestalde, Babes Zibilak ohartarazi du datozen bi egunetan Grace ekaitz tropikala iristea espero dela. Ekaitzetik babesteko prestatzen hasteko eskatu die herritarrei.

USGSk alerta gorria paratu zion lurrikarari, sor zitzakeen giza kalteengatik eta eremu zabal bati eragin ziola ikusirik. «Mota honetako alertako gertakariek nazio mailako eta nazioarteko erantzuna behar izan dute», ohartarazi zuten. Kalte ekonomikoaren aurreikuspena ere egin zuen erakunde horrek: «Haitiko BPGaren %0-3 arteko galerak izan daitezke».

Elkartasuna

Inguruko herrialdeetako agintariek ere elkartasuna adierazi diete haitiarrei. Ariel Henry Haitiko lehen ministroak esan du egoera «dramatikoa» dutela herrialdean, eta, horri aurre egiteko, herrikide guzien «elkartasun eta konpromiso izpirituari» dei egin dio Twitterren zabaldutako mezuen bidez: «Batasunak indartsu egiten gaitu». Lurrikararen biktimei dolumina adierazi die, eta, kalteak handiak izanen direla aurreikusirik, behar adina baliabide paratuko dituztela egoerari aurre egiteko. PAHO Osasunaren Panamerikar Erakundearen datuen arabera, atzoko lurrikarak kaltetutako eremuan 7.049.255 lagun bizi dira. Gainera, datorren astean helduko da herrialdera Grace ekaitz tropikala, euriteak eta haizete gogorrak eraginez. Meteorologoek ohartarazi dute uholde arriskua handia izango dela bihar eta etzi.

Egoeraren larriak mugiarazi egin ditu nazioarteko agintariak, eta AEBek esku hartuko dutela jakinarazi du hango presidente Joe Bidenek. Etxe Zuriak bidalitako ohar batean azaldu dutenez, presidenteak «berehalako erantzuna» iragarri du. Llaguntza bidaliko dute Haitira, eta Samantha Power izendatu du lan hori koordinatzeko buru. Haitiko hainbat erietxek, berriz, ohartarazi dute baliabiderik gabe geratzen hasiak zirela, heldutako zauritu guztiak artatzeko. Horietako bat izan da Jeremie hirikoa.

Ez da lehena

11 urte dira Haitik neurri bereko lurrikara bat jasan zuela. Aldi hartan dozenaka mila izan ziren hildakoak, eta askoz gehiago zaurituak. Milaka geratu ziren etxetik gabe. Ordu hartan, seismoak Port-au-Prince hiriburuan izan zuen epizentroa, eta ia erabat suntsituta utzi zuen. Hark eragindako hondamenditik erabat bere onera etorri gabe dago oraindik ere herrialdea.

Bestalde, egoera politikoa ere ez da askoz hobea. Joan den uztailaren hasieran, Jovenel Moise estatuburua hil zuten. Ez zen ahalegintzen ziren lehen aldia. Gobernuak otsailean zabaldu zuen Moise hiltzeko saio bat geldiarazi zutela. Bi aste lehenago, oposizioak Joseph Mecene epailea Haitiko presidente izendatu zuen, sare sozialetan zabaldutako bideo baten bidez, Moiseren agintaldiak ordurako amaitua behar zuela argudiatuta. Inongo herrialdek ez zion kargu hori aitortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.