AFGANISTAN

Talibanek Kabul hartu dute

Afganistango presidentea herrialdetik atera da, eta talibanek hartu dute boterea. NBEk bilerara deitu du biharko.

Axraf Ghani, Afganistango presidentea. HEDAYATULLAH AMID/EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Jone Arruabarrena
2021eko abuztuaren 15a
09:53
Entzun

Azkenean esperotakoa jazo da: Afganistango presidentea herrialdetik irten da, talibanek Kabul setiatzearekin batera. Ordubete eskas geroago iragarri dute talibanak azkenik Kabulera sartu direla. Hasieran, talibanek esan dute botere aldaketa modu baketsuan egin arte ez zirela hirian sartuko, baina azkenean hartu egin dute, hirian «lapurretak saihesteko», milizietako bozeramaileen hitzetan. Iragan den astean Dohan eginiko negoziazioetan talibanek Axraf Ghani presidentearen dimisioa jarri zuten baldintza gisa, inolako akordiorik egongo bazen. Gobernuko ordezkaritzak ez zuen onartu, baina agintea partekatzeko aukera eskaini zien trukean. Azkenean, ordea, miliziek hartu dute herrialdea osoa. NBEko Segurtasun Batzordeak bilerara deitu du biharko, herrialdeko egoerari buruz eztabaidatzeko.

Horrela, azken orduetan iragarri dute talibanen eta gobernuaren arteko «trantsizio prozesua» hasiko dutela. AEB Ameriketako Estatu Batuak ere enbaxadako langileak herrialdetik ateratzen ari dira, beste hainbat herrialde bezala: Espainia, Italia, Suitza eta Alemania, besteak beste. Londresek talibanei eskatu die indarkeria amaiarazteko, eta Alemaniak, berriz, jakinarazi du «ahalik eta herritar gehien» aterako dituela Afganistanetik: enbaxadako kideak, beren familiartekoak eta Alemaniaren «laguntzaile» lanetan jardun duten biztanleak. Azken orduetan, hala ere, AEBek Afganistanen bizi diren estatubatuarrei eskatu die beren etxeetan salbu egoteko, Kabuleko aireportuan sute bat piztu omen delako.

Abdul Sattar Mirzakwal barne ministroak adierazi duenez, trantsiziozko gobernuari «ingurune seguru eta baketsu batean» emango zaio boterea, eta, era berean, baieztatu du, oraingoz, hasierako akordio bat lortu dela hiriburuaren aurkako eraso armatu bat saihesteko. Mirzakwalen agerraldia baino minutu batzuk lehenago, Al Arabiya kateak berretsi du azken minutuetan ordezkaritza taliban bat iritsi dela Lehendakaritza jauregira, talibanak hiriburuan behin betiko sartzeko baldintzak eztabaidatzeko.

Zirkulua itxiz doa

Ghanik ahaleginak eta bi egin ditu azken egunetan nazioartearen babesa —AEBena zehatzago esateko— berreskuratzeko. Baina huts egin du hor ere. Nazioarteak, Washington buru dutela, eutsi egin die tropak erretiratzeko asmoei, eta aurreratu ere egin du haiek ateratzeko azken eguna, irailaren 11tik abuztuaren amaierara. Azken orduetan, gainera, Afganistanera 5.000 soldadu bidaltzeko agindua eman du, bertan dauden tropak azkarrago ateratzen laguntzeko. Gainera, Joe Bidenek erantzun «azkar eta irmo» batekin mehatxatu ditu talibanak, Estatu Batuetako interesak erasotzen badituzte. Bestalde, Errusiako Gobernuak Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren ezohiko bilera deitzeko prozedurak hasi ditu, eta Italia bertan bizi diren italiarrak eta enbaxadako langileak Afganistanetik ateratzen hasi da.

Talibanek behin eta berriz diote hiriak «ia borrokarik egin gabe» hartu dituztela —hala zabaldu zuten atzo ere Mazar-e-Xarifen kasuan—, baina herritarren artean, eta batez ere, emakumeen eta gobernuarentzako nahiz atzerriko indarrentzako lan egin dutenen artean, izua da nagusi. Miliziek menpean hartutako eskualdeetan, etxetik kanpo lan egiten zuten emakumezkoak kaleratu egin dituzte, eta gizonak jarri haien tokian; horrez gain, zenbait iturriren arabera, haietako hainbat mujahidinekin ezkontzera behartu dituzte. Gobernuko kide eta armadako soldaduen kasuan, berriz, sare sozialetan ikus daiteke nola kamioietan preso eramaten dituzten hirien kanpoaldera. Beste askok Uzbekistan aldera ihes egitea erabaki dute, han babesteko esperantzarekin.

Gero eta gehiago dira nazioartearen kudeaketari ez ezik, gertatzen ari denaren erantzukizunaren zati handi bat Ghaniri berari egozten diotenak, ez delako gai izan gerra jauntxo eta komunitateko buruen babesa bereganatzeko. «Elkarrizketetatik kanpo geratu da Ghani. Eztabaida beste alor batera igaro da. Orain mahai gainean dagoena da trantsizioa odola isuri gabe egitea, ahalik eta modu ordenatuenean eta, ahal dela, era leunean», azaldu du Harun Rahimik, Afganistango Unibertsitate Amerikarreko irakasleak. Rahimiren esanetan, talibanek Kabul indarrez hartzea saihestea da orain helburua, eta horretarako beharrezkoa da miliziekin adostasun batera heltzea: «Baina Ghani ez da horretarako pertsona egokia. Trantsizio gobernu sinesgarri bat izendatu ezean, testuinguru okerrenean aurkituko gara».

Kezkatuta daude Afganistanekin muga egiten duten herrialdeak ere, batez ere Pakistan, gatazkak bultzatuta, asko izango direlako herrialdera helduko diren iheslariak. Zor publiko handia du Pakistanek, eta bere ekonomia ez da gai milaka errefuxiatuk ekar dezaketen gastuari aurre egiteko, ez eta Afganistanen balizko gerra zibil batek ekar ditzakeen ondorioei ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.