Albistea entzun

Ingurumena

Herrialde bakoitzeko biodibertsitatea neurtzeko tresna bat proposatu dute

Biodibertsitatea eta giza garapena erabat lotuta daudela gogorarazi du hamabi adituko talde batek Nature Sustainability aldizkarian. Biodibertsitatearen egoera leku bakoitzean nolakoa den jakiteko tresna bat sortzea proposatu dute, politika eraginkorragoak garatu ahal izateko.

Kaiman bat suteengatik hila, iaz, Brasilgo Mato Grossok Pantanalen; munduko hezegune handienetako bat da.
Kaiman bat suteengatik hila, iaz, Brasilgo Mato Grossok Pantanalen; munduko hezegune handienetako bat da. ROGERIO FLORENTINO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel P. Ansa -

2021eko abuztuak 17

Ekonomiaren joera orokorra zein den jakiteko bada tresna bat, BPG barne produktu gordina esaten zaiona. Herrialde bakoitzeko zerbitzuen eta ondasunen produkzioa neurtzen du, eta indize batean ematen. Hari begiratuta, ondoriozta liteke herrialde edo eskualde edo kontinente jakin bateko ekonomiak hoberako edo okerrerako joera duen, eta agintariek erabakiak har ditzakete horren arabera. Ekonomia bai, nolabait, baina biodibertsitatea ezin da neurtu; ez era berean, bederen. Eta horrek zaildu egiten du gobernuen lana, biodibertsitatea kontserbatzeko.

Ondorio horretara iritsi da Carolina Soto Navarro biologo eta kontserbazioaren zientzialariak gidatutako aditu taldea, eta hutsune hori osatzeko tresna bat proposatu du, Nature Sustainability aldizkarian gaur astelehena argitaratutako artikulu batean: BIM biodibertsitatearen indize multidimentsionala deitu diote. Hamabi adituko talde batek parte hartu du biodibertsitatea neurtzeko indize horren diseinuan, eta tartean da Unai Pascual BC3ko euskal ikerlaria. Funtsean, proposatzen dute gobernu bakoitzak bere eskumeneko lurraldearen biodibertsitatea neurtzeko indize bat erabiltzea, eta indize hori nola osatu zehazten ahalegindu dira.

Ikuspegi ekologikoa eta ikuspegi soziala

Nature Sustainability aldizkarian aurkeztu duten proposamenean, BIM edo indize multidimentsional horrek bere barruan hartzen ditu biodibertsitatearen ikuspegi ekologikoa eta ikuspegi soziala. Ikuspegi ekologikotik, planetako sistemako espezieen ugaritasuna, haien interakzioak eta bariazio genetikoak hartzen ditu aintzat, horrek ekartzen baitu ekosistemen iraupena, eta horrek eragiten, gainera, «produktibitatean ondorio positiboak». Hori gabe ere, dena den, berezko balioa du biodibertsitateak adituon hitzetan, «Lurraren sistemaren kolapsoaren kontrako» ezaugarri gisa. Ikuspegi sozialetik, berriz, ongizatea eta ekonomia oinarritzen diren balio eta baliabideei eusteko ezinbestekoa da biodibertsitatea.

«Ekonomia globala garapen jasangarri batera eramateko, ekonomia nazionalak ebaluatu behar dira azterketa plural bat erabiliz, ez unidimentsionala». Horrek gobernuei eskatzen die garapenari betaurreko bat baino gehiagorekin begiratzea, «ez soilik BGParen lenteekin». Beharrezko jotzen dute ingurumenaren eta gizartearen iraunkortasuna ere aintzat hartzea, ez soilik ekonomiarena. «BPGaren nagusitasunak normalizatu egin du ekonomiaren hazkundearen kontzeptua, kapital naturalean edo kapital sozialean gertatutako beste murrizketak inondik ere kontsideratu gabe», ondorioztatzen du artikuluak. Ezin dela garapena neurtu, alegia, ingurumenean eta gizarteetan eragindako kalteak neurtu gabe.

Biodibertsitatea neurtzeko tresna asko daude, baina biodibertsitatea osorik indize bakar batean atzitzea ia ezinezko lana da. Zientziaren arloan ere urteetako eztabaida luze bat bada, biodibertsitatea nola neurtu beharko ote litzatekeen. Eztabaida horretan, ugaritu egin dira metrikak eta adierazleak. Komunitate zientifikoan onartua dago biodibertsitatearen dimentsio ugaritasuna eta guztiz atzitzeko zailtasun hori. Baina horrek eragiten du agintariek ez izatea erreferentziazko tresna bat, biodibertsitatearen adierazleak zertan diren jakiteko. «Biodibertsitatearen ebaluazio integratuago, adierazgarriago eta multidimentsionalagoak behar dira», ondorioztatu dute adituek artikuluan.

Helburuen porrota

Gogora ekarri dute milioi bat animalia eta landare espezie desagertzeko arriskuan daudela, kaltetutako ekosistemek 3.200 milioi pertsonarengan «ondorio negatiboak» dituztela eta munduko populazioa osasun larrialdi globalen menpe dagoela horren guztiaren eraginez, oraingo aro pandemikoak ere erakusten duenez. Hori gutxi ez, eta nabarmendu dute Biodibertsitatearen 2011-2020 Plan Estrategikoa-k huts egin duela. «Helburu horiek ez dira beteko 2030erako». CBD Ugaritasun Biologikorako Hitzarmenak onartu zuen plan hori, baina porrot egin du, aditu taldearen esanetan, eta ez du asmatu planetaren bioaniztasuna zaintzeko urrats eraginkorrak egiten. Horrek guztiak are beharrezkoago egiten du lehenbailehen tresna berriak sortzea. «Biodibertsitatearen osasuna neurtzeko eta jarraitzeko tresnak behar ditugu».

Baina biodibertsitatea ez da, soilik, animalia asko egotea. Hiru maila hartu behar dira aintzat gutxienez, adituon arabera: geneena, espezieena eta ekosistemena. Eta hiru mailetan bermatu behar da ugaritasuna. Baina ez da hori bakarrik. Adituen esanetan, agintariek ulertu behar dute biodibertsitatea eta gizarteen garapena lotuta daudela, estu, ezinbestean. «Agenda sozioekonomikoa aintzat hartu gabe, ezin da biodibertsitatea zaintzeko eta kudeatzeko politika eraginkorrik garatu». Biodibertsitatea neurtzeko indize berriak, beraz, bi dimentsioak hartu behar ditu gogoan: integritate ekologikoa lortzea, eta giza ongizatea hobetzea. Eskutik joango baitira biak, joatekotan, adituon ustez.

BPGaren ezinak

BPGarekin parekatu dute indize berri honen balioa: «Ekonomiaren arloan, aski muga ezagunak baditu ere, barne produktu gordinak (BPG) jarraitzen du izaten agintarientzako politikak egiteko termometroa. Ondasunak gutxitzen badira, ekonomiaren ahalmen produktiboa jaisten ari den seinale da. Era berean, gizakiek biodibertsitatearen gainean egiten duten presio gupidagabeak haren egonkortasuna, erresilientzia eta gizakien garapena eta ongizatea garatzeko aukerak zapuzten ditu, eta horrek ondorio katastrofikoak izan ditzake gizarteen berdintasunean edo baita krak ekonomiko batean ere. Baina ez dago BPGa bezalako neurgailurik biodibertsitatearentzat».

Ez dute BPGa indize gisa zuritu; aldiz, gogoratu dute ekonomista asko ari direla eskatzen ekonomia beste era batera neurtzeko indize berriak, ekonomia orekarako diseinatu behar litzatekeela argudiatuz, ez beti hazteko helburuz. Hala ere, agintariek indize horri jarraitzen diote, eta nabarmendu dute ez dela aski, biodibertsitateari ere erreparatzea ezinbestekoa dela: «Agintariek agindu ekonomikoei jarraitzen diete normalean, baina ulertu behar dute biodibertsitateari buruzko ezagutza ezinbestekoa dela ekonomiek funtzionatzeko. Biodibertsitateak lehengaiak ematen dizkio jendeari, eta ezinbestekoa da janaria ziurtatzeko ere. Espezieen ugaritasuna eta bariazio genetikoak laguntzen du aldaketei erantzuten, batez ere klima aldaketa testuinguru honetan».

Agintarientzako tresna

Adituok uste dute BIMen gisako indize batek, urtean edo bi urtean behin kalkulatutako biodibertsitatearen osasunaren indize batek, agintariei lagunduko liekeela kontserbazio politika hobeak garatzen. Garapenaren eta ekonomiaren ikuspegi orokorrago bat edukitzen ere lagunduko luke. Eta biodibertsitatea eta gizakien ongizatea lotuta daudela ulertzen ere lagunduko luke. Artikulua erabat zuzentzen zaie agintariei eta gobernuei, eta biodibertsitatea kontserbatzeko politikak garatu ahal izateko tresna gisa kokatzen du BIM hori. Nabarmentzen du Parisko Akordioak «klimaren gobernantza estilo berri bat» ekarri zuela, «ekintza nazionaletan eta jarraipenean indarra eginez». Biodibertsitatearen arloan ere antzeko zerbait bat lortu nahiko lukete, arazo globalari maila lokalean erantzuteko politikak garatzeko tresna bat sortuta.

Aldi berean, konturatzen dira nekeza dela halako indize bat sortzea. Batetik, biodibertsitatea bera dimentsio asko eta aldakorrak dituen ezaugarri dinamiko bat delako. Bestetik, biodibertsitatea modu ugaritan kontzeptualizatu litekeelako, sarritan giza garapenerako asmoekin kontrajarritako eran gainera. Horrelako indizeek, bestalde, pertsona batzuek egindako hautaketen eta gardentasun faltaren menpe egon litezke. Alde horretatik, onartu dute Nature-ren aldizkarian egindako proposamena «hurbilpen bat» besterik ez dela, eta gabeziak izan ditzakeela. Edozein moduz, garatu beharreko eta denboran aurrera egin ahala hobetu beharreko tresnatzat aurkeztu dute BIM bat osatzeko proposamena.

Hurrengo urratsak zein liratekeen? Lehenik eta behin, indizea bera talde lanean eraikitzeko prozesu bat abiatu beharko litzateke, agintari, aditu eta tokiko eragile zein indigenekin. Horrekin batera, biodibertsitateari buruzko datu bildumak ustiatu beharko lirateke, indizea elkarlanean eta modu gardenean zein ulergarrian garatzeko. Horrekin, BIM modeloak sortu beharko lirateke. Horrekin batera, indizea testatzeko probak egin beharko lirateke herrialde batzuetan. Aurrerago, ebaluazioak egin beharko lirateke, indizea egokitzeko, eta etorkizunera begira, indizea bera garatu eta zaintzeko aliantza gisako elkarlan zabal bat eratu beharko litzateke, adituon esanetan.

Lau maila, sei adierazle eta dozena bat helburu

Biodibertsitatearen Indize Multidimentsionalak badu esparru orokor bat, lau mailatan laburtzen dena, eta barnean hartzen ditu biodibertsitatea kontsideratzeko ikuspegi ekologikoa eta ikuspegi soziala. Lau maila horiek dira:

1) Bi azpi-indize: biodibertsitatearen egoeraren azpi-indizea (BI) eta biodibertsitateak jendeari egindako ekarpenen azpi-indizea (BCPI).

2) Azpi-indize bakoitzaren barruan dauden dimentsio garrantzitsuen multzoa, biodibertsitatearen funtsezko alderdiak ordezkatzen dituena, izaki bizidunen zati gisa eta biodibertsitateak jendeari ematen dizkion ekarpenen kategoria orokorrak.

3) Biodibertsitatearen osasunerako helburu publikoen multzoa, eta hala badagokio, azpi-helburuak dimentsio bakoitzaren azpian.

4) Politikari dagozkion metrikak eta adierazleak, helburu bakoitzaren arabera, errendimendua nahi den egoerara edo erreferentzia puntu batera dagoen distantzia gisa neurtzeko.

Biodibertsitatearen egoeraren indizea (BI). Integraltasun ekologikoa ordezkatzen du, hiru dimentsio aintzat hartuta, eta horien barruan sei helburu:

1) Dibertsitatea. Helburuak: genetika, filogenetika eta taxonomia.

2) Ugaritasuna. Helburua: espezieen populazioak.

3) Funtzioa. Helburuak: komunitateen konposizioa eta habitatak.

Biodibertsitateak jendeari egindako ekarpenen indizea (PCBI). Indize orokorraren ikuspegi soziala hartzen du, gizakientzat komenigarri eta desiragarri diren emaitzak neurtuz. Hiru dimentsio, eta, horien barruan, sei helburu markatu dituzte:

1) Ingurumen prozesuen erregulazioa. Helburuak: ur segurua, klima aldaketa arintzea eta hondamen naturaletatik babestea.

2) Materialen hornikuntza. Helburuak: jakiak —nekazaritza jasangarria, agrobiodibertsitatea eta ezagutza tradizionala— eta bizitzeko baliabideak —adibidez basogintza eta ekoturismoa—.

3) Ondasun ez materialak. Helburuak: osasuna eta bizi kalitatea —tokikotasunaren zentzua, naturaren gertutasuna eta leku berezien zaintza—.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alemaniako armadako bi soldadu, ariketa militarrak egiten, urtarrilen, Marienbergen, Alemanian. ©MARTIN DIVISEK / EFE

Alemaniak Leopard 1 tankeak bidaliko ditu Ukrainara

Mikel O. Iribar

‘Süddeutsche Zeitung’-en arabera, Berlinek 88 tanke emango dizkio Kievi. EBko zenbait goi kargudun Ukrainako hiriburuan dira, Zelenskirekin batera.

Italiako Polizia hilik aurkitutako zortzi migratzaileen gorpuak daramatzan ontziaren zain. / ©Concetta Rizzo, EFE

Kostazainek 42 pertsona erreskatatu dituzte Lampedusatik gertu

Arantxa Elizegi Egilegor

Zortzi lagun hilik atera dituzte ontzitik. Erreskatatutako migratzaileen esanetan, hotzez hil ziren. Beste bi desagertutzat jo dituzte.

Montanako zeruan ikusi duten ustezko globo espioia. ©BERRIA

AEBek Txinako ustezko globo espioi bat atzeman dute beren aire eremuan

Berria

Txinak «ez espekulatzeko» eskatu du, baina gertakariak korapilatu egin dezake igandetik aurrera Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria Txinara egitekoa den bi eguneko bisita.

Ukrainako armadako soldaduak, atzo, Kramatorsken, goizaldean Errusiak jaurtitako misilek eragindako hondakinen artean. ©SERGEI XESTAK / EFE

Bruselak ohartarazi dio Ukrainari EBko kide izateko bidea luzea dela

Igor Susaeta

Europako Batzordearen arabera, ez da «esprint bat» talde komunitarioan sartzeko prozesua, «maratoi bat baizik». Kievek berretsi du 2024ko abendurako egon nahi duela batasunean sartzeko prest

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...