Albistea entzun

Afganistan

Milaka afganiar herrialdetik ihes egiten saiatzen ari dira, AEBen hegazkinetara igota

Askok talibanen eskuetatik ihes egiteko azken aukeratzat jo dituzte AEBek beren herritarrak handik ateratzeko bidali dituen hegazkinak, eta aireportuetan jende pilaketa itzelak egon dira. Irudi lazgarriak zabaldu dira sareetan.

Jone Arruabarrena -

2021eko abuztuak 17 14:21

Azken orduetan, sare sozialen bidez mundu osoan zabaldu dira Afganistango aireportuetako irudi lazgarriak: jende andana ageri da Kabulgo Hamid Karzai aireportuan—oraintxe herrialde osoan martxan dagoen aireportu bakarra—, AEBek beren herritarrak handik ateratzeko bidali dituen hegazkinetara nola edo hala igo nahian.

Gutxi batzuek sartzea lortu dute; beste batzuk, berriz, hegazkinen kanpoaldean nolabait lotuta geratu dira, eta aireratu direnean lurrera erorita hil dira zazpi pertsona gutxienez, BBC katearen arabera. Efe informazio agentziak, ordea, azaldu du bi direla eroritakoan hildakoak, eta beste lau pertsona estatubatuarren eta talibanen arte aireportuan izan den tiroketa batean hil direla: hiru afganiar eta taliban bat.

Herrialde batzuen enbaxadek aireportua baliatu zuten urgentziazko bisak emateko, baina ikusirik prozesua mantso zihoala eta gero eta hegaldi gutxiago zeudela, afganiar askok aireratzeko pistak hartu zituzten zuzenean. Batzuk aireportuko hormetara igo ziren katuka. Aireportura bildu ziren gehienek ez daukate pasaporterik ez bisarik.

Hasieran, AEBek iragarri zuten eurek hartuko zutela aireportuko hegaldien kontrola; jende uholdea ikusita, ordea, ezinezkoa izan da azkenean. 640 pertsonak lortu zuten AEBen hegazkin militar batean sartzea. C-17 Globemaster motakoa zen, eta, berez edukiera ofiziala txikiagoa bazen ere, tripulazioak aireratzea erabaki zuen.

Gaur goizean jakinarazi dute AEBek dagoeneko Afganistandik atera dituela bere enbaxadako 4.000 langileak. Gainera, aberriratuak izateko zain dauden herritarrei ohartarazi die aireportura joan ez daitezen, ez baita leku segurua.

Goizaldean, herritar batzuk aireportuan zeuden oraindik ere, Afganistandik aterako dituen hegazkin baten zain. Dena dela, Kabuldik irteten diren hegaldi guztiak ezeztatuak dituzte oraintxe.

Atzo, 70 herrialdek —besteak, Alemaniak, Frantziak eta Espainiak— adierazpen bateratu bat egin zuten, «Afganistango agintea daukaten horiei» eskatzeko herritarrei handik ateratzen utz diezaietela.

Migrazio politikak, jomugan berriz ere

Afganistango gatazkak izango dituen ondorioetako bat zera izango da, hango migratzaileen kopurua handitzea, eta Europako zenbait herrialde hasiak dira horren inguruan eztabaidatzen. Frantziako presidente Emmanuel Macronek atzo jakinarazi zuen Europa mailako egitasmo bat prestatzen dabiltzala, «migratzaileen fluxu irregularrei» aurre egiteko. Nahiz eta esan zuen Frantziak «zaurgarrienak babesten» segituko duela, azaldu zuen Europak ezin dituela «berak bakarrik» jasan gatazkaren ondorioak.

Horrenbestez, Alemaniako kantziler Angela Merkelekin eta beste herrialde batzuekin batera osatuko duten egitasmo baten berri jakinarazi du, «erantzun bateratu eta sendo bat» emateko asmoz. Macronek gaineratu zuen Frantziak dagoeneko 800 migratzaile hartu dituela.

Belgikak, Finlandiak, Frantziak, Alemaniak, Suitzak, Dinamarkak, Irlandak, Herbehereek eta Norvegiak, berriz, azken orduetan egin duten adierazpen bateratu batean, jakinarazi dute oraingoz gelditu egingo dituztela beren herrialdeetan afganiarren aurka abiatuta dauden erbesteratze prozesuak. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak astelehenean egindako eskaera bati emandako erantzuna da neurria.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sorgikeriaz akusaturiko emakumeen inguruko eztabaida, gaur, Kataluniako Parlamentuan. ©Kataluniako Parlamentua

Sorgin izateagatik zigorturiko emakumeak indultatu ditu Kataluniako Parlamentuak

Edu Lartzanguren

Sorginen ehiza «jazarpen misoginoa» izan zela erabaki du ganberak, gehiengo handiz, eta udalei eskatu diete biktima haien izena kale izendegian sartzeko.

Herritar bat aborigen bandera eskutan, Sydneyn. ©DAN HIMBRECHTS, EFE

Australiak aborigenen banderaren copyrighta erosi du, lehia biziaren ondotik

Uxue Rey Gorraiz

Orain arte, banderaren egilearenak ziren sinboloaren gaineko eskubideak, eta muga ugari zen haren erabilerarako. Gobernuak 12 milioi euro baino gehiago ordaindu du Copyright baimenaren truke. 

Errusiako armadako soldaduak, joan den astean, Bielorrusiara iristen, hango indar armatuekin ariketa militarrak egiteko. ©EFE

Ukraina eta Errusia Parisen bilduko dira, tentsioa baretzeko ahaleginean

Gorka Berasategi Otamendi

Bi estatu horiek Alemaniarekin eta Frantziarekin elkartuko dira, Normandiako laukoan. Macronek «diplomaziaren baliabide guztiak» erabiltzera deitu du. Putinekin hitz egingo du aste amaieran

Ehunka herritar, Uagaduguko kaleetan, estatu kolpea eman duten militarrei babesa adierazten. ©LAMBERT OUEDRAOGO / EFE

Kaborek dimisioa eman du, militarrek atxilo hartu ostean

Mikel O. Iribar

Burkina Fasoko presidente ohia atxilotuta dago oraindik. Damiba talde militarreko liderrak hartu du agintea estatu kolpearen ondoren

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.