Istiluak

Josu Erkoreka: «Gertatzen ari dena ez nuke kale borrokarekin lotuko»

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak zehaztu du «62-63» pertsona ikertzen ari direla Donostian azken astean gertatutako istiluengatik. Larunbatean atxilotutako hamarrak epailearen esku geratu dira.

Bi lagun erakusleiho bat apurtzen, bart, Donostian. BERRIA
Igor Susaeta - Paulo Ostolaza
2021eko abuztuaren 22a
18:18
Entzun

Azken astean Donostian gertatutako istiluen harira, Josu Erkorekak zehaztu du «62-63» pertsona ikerketapean daudela. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua Radio Euskadin elkarrizketatu dute, eta adierazi du atxilotuen %60k «ohiko delinkuentziarekin» lotutako aurrekariak dituztela. Larunbat gauean atxilotutako hamar pertsonak aintzat hartuz, Ertzaintzak guztira 40 pertsona atxilotu ditu azken astean istiluengatik. Horietako gehienak aske daude, behin-behinean.

Larunbatean atxilotutako hamarrak epailearen esku geratu dira gaur. Mezu bat eman nahi izan du Erkorekak elkarrizketan: «Ezin dugu baieztatu [istiluek] planifikatutako estrategia bat dutenik edo helburu sozial edo politiko bat daukatenik. Gertatzen ari dena ez nuke kale borrokarekin lotuko».

Erkorekak Gogoratu du Donostian gertatutako istiluen modukoak uda guztian gertatzen ari direla Euskal Herrian. «Kale zurrutean zeudenak edo onargarria den baino alkohol gehiago edan dutenak eta autoritatearen agenteei aurre egiten dietenak dira. Nolanahi ere, ez da soilik Euskadin gertatu den fenomeno bat». Sailburuak uste du «hedonismo arduragabe baten» isla direla gertatutakoak.

Adierazi du, gainera, Ertzaintzaren bitartekoak nahikoak direla. «Ez da erraza ondorioztatzea agente gehiagorekin [istiluak] saihestu ahal izango zirenik, kaleak poliziaz betetzen ez badituzu salbu». Iruditzen zaio ez dela erraza toki jakin baterako bitartekoak planifikatzea. Azpimarratu du, bide batez, Ertzaintza «edozein gertakariri» erantzuteko moduan dagoela.

Larunbat gauean Donostian izandako istiluetan, besteak beste, lau saltokitako erakusleihoak hautsi zituzten, eta zaborrontzi batzuk erre; Ertzaintzak salatu du agenteei gauzak bota zizkietela, eta haietako hiruk zauritu zituztela. Hori dela eta, Poliziak hamar lagun atxilotu ditu, haietako bat 18 urtetik beherakoa, eta gainontzekoak, berriz, 18 eta 22 urte artekoak.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, istiluak 02:40 aldera hasi ziren Donostiako Parte Zaharrean. Lagun batzuek botilak eta bestelakoak jaurti zizkieten ertzainei. Horren ostean, haietako batzuk hirian zehar zabaldu ziren, eta erakusleiho batzuk hautsi eta zaborrontziak erre zituzten. Batek edo bestek dendetan lapurreta egiteko ere baliatu zuen egoera. Ertzaintzak istiluen aurkako materialarekin erantzun zuen.

Eneko Goia alkateak salatu zuen ez dela kasualitatea istiluak alderdi zaharreko «gune jakin batzuetan» hastea: «Zaila da egoera batzuk saihestea, istiluak sortzen dituztenek hori nahi dutenean», adierazi zuen SER irrati katean.

Hitz horiekin zer esan nahi zuen galdetuta, esan zuen «ekintza horietako protagonistek» berek azaldu beharko dituztela euren jokabidearen arrazoiak. «Baina oso zaila da ulertzen», gehitu du. Esan zuen, halaber, atxilotuen artean badagoela «atzerritarren bat ere».

Udalaren adierazpen instituzionala

EAJk, PSE-EEk, PPk eta Elkarrekin Donostiak adierazpen instituzional bat adostu dute, ohartaraziz azken egunetakoek bezalako istiluek «arriskuan» jartzen dutela «bizikidetza eta etorkizuna», eta baita «donostiarren osasuna eta negozio askoren bideragarritasun ekonomikoa ere». Lau taldeek «gaitzespen irmoena» adierazi dute «jarrera insolidario, zakar eta inola ere justifikatu ezin direnen aurrean», eta horiek egin dituztenei egotzi diete beren «nahi pertsonalak lehenestea ongi komunaren eta gainerako pertsonekiko gutxieneko errespetuaren aurretik». Hurrengo udalbatzarrean onartuko dute testua.

EH Bilduk, berriz, bere testu propioa proposatu du. Horren arabera, indar subiranistak «ekintza bandaliko guztiak irmoki arbuiatu» ditu, eta elkartasuna adierazi die «gertakari horien ondorioak jasan dituzten pertsona, saltoki eta negozioei». Era berean, EH Bilduk nahi du udalak «publikoki aitortu eta eskertzea Donostiako herritar guztien ahalegin, konpromiso eta inplikazio handia, pandemia egoerako hilabeteotan». Hori horrela, herritarrei dei egin die pandemia egoeran «guztion ongizatea gailendu dadin jarrera indibidualisten aurrean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.