ZINEMALDIA

Marion Cotillardi emango diote Donostia saria

Aktore frantziarrak irailaren 17an jasoko du saria, inaugurazio ekitaldiko galan. Hainbat sari irabazitakoa da, tartean Oscar bat. Aurtengo beste Donostia saria Johnny Deppi emango diote, eta irailaren 22an jasoko du.

Marion Cotillard  azkeneko Canneseko jaialdian. EFE
2021eko abuztuaren 24a
12:13
Entzun

Marion Cotillard (Paris, 1975) aktore frantziarrak jasoko du Donostia saria Zinemaldiaren inaugurazio ekitaldian, irailaren 17an, Kursaaleko auditoriumean. Frantziako zinemagintzan azken bi hamarkadetan gehien nabarmendu diren aktoreetako bat da Cotillard, eta Hollywooderako jauzia ere egin du. Halaber, hainbat sari irabazi ditu azken hogei urteotan osatu duen ibilbidean; esaterako, Oscarra, Urrezko Globoa eta Bafta saria eskuratu zituen La Môme / La Vie en Rose (Oliver Dahan, 2007) filmean egindako lanagatik. Michael Mann, Christopher Nolan, Woody Allen, Steven Soderbergh eta James Gray zuzendariekin lan egin du, besteak beste. Aurtengo beste Donostia saria Johnny Deppi emango diote. 69. Zinemaldia irailaren 17a eta 25a bitartean egingo dute.

Jean-Claude Cotillard aitaren antzezlanetako batean egin zuen debuta aktore gisa Cotillardek, artean haurra zela. Telebistako zenbait telesailetan parte hartu ondoren, L’histoire du garçon qui voulait qu’on l’embrasse (Philippe Harel, 1994) filmean izan zuen lehen rola. Taxi (Gerard Pires, 1998) filmean egindako lanari esker, Cesar sarietarako izendapena jaso zuen. Geroago Lilly Bertineauren rola bete zuen, berriz ere, Taxi 2 (2000) eta Taxi 3 (2003) filmetan (biak Gerard Krawczyk zuzenduak).

Cesar sarietarako bigarren izendapena Les jolies choses (Gilles Paquet-Brenner, 2001) pelikulan egindako lanari esker jaso zuen —bi ahizpa bikirena egin zuen—, eta Frantzian are ospe handiagoa lortu zuen Jeux d’enfants (Yann Samuell, 2003) komedia erromantikoari esker. Hortik Hollywoodera egin zuen jauzi Tim Burtonen eskutik (Big Fish, 2003), eta hurrengo urtean bere lehen Cesar saria jaso zuen Un long dimanche de fiançailles (Jean-Pierre Jeunet, 2004) gerra osteko drama erromantikoan egindako lanagatik.

Edith Piaf abeslari ospetsuaren interpretazio txalotuarekin (La Môme / La Vie en Rose) urrats erabakigarria egin zuen Cotillardek bere ibilbidean. Film horrekin, frantsesez egindako antzezpen batengatik Oscar saria irabazi zuen emakumezko lehen aktore frantsesa bihurtu zen, eta Urrezko Globoa, Bafta eta Cesar sariak ere eskuratu zituen.

[youtube]https://youtu.be/G8xtj9gFE90[/youtube]

Donostiako Zinemaldiak bi Donostia sari emango ditu aurten. Orain dela aste batzuk jakinarazi zuten antolatzaileek Johnny Depp aktoreak ere jasoko duela ibilbide bati aitortza egiten dion saria, eta orduan polemika handia piztu zen, aktorearen bikotekide ohi Amber Heardek Deppen kontrako salaketa egina duelako tratu txarrengatik.

Horri lotuta, Donostiako Zinemaldiak eta (H)emen ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreetako emakume profesionalen elkarteak lan jardunaldi bat antolatuko dute zinemaldiaren barruan. Ohar bidez jakinarazi dutenez, helburua genero berdintasunarekin zerikusia duten gaiei buruz hausnartzea, eztabaidatzea eta akordioak lortzen saiatzea izango da. Zinemaldiak eta (H)emenek elkarrekin landuko dute eztabaida eragin duten gaien zerrenda.

Anderson eta Campionen filmak, Perlak sailean

Wes Andersonen The French Dispatch eta Jane Campionen The Power of the Dog filmak emango dituzte Zinemaldiko Perlak sailean, eta Publikoaren Saria irabazteko lehiatuko dira. Andersonen filma Cannesen estreinatu zuten orain aste batzuk, eta Campionena Veneziako Mostrako sail ofizialean estreinatuko dute irail hasieran.

Anderson estatubatuarraren pelikula egunkari baten erredakzioan girotuta dago, eta parte hartu duten aktoreen artean daude Adrien Brody, Bill Murray, Tilda Swinton, Frances McDormand eta Benicio del Toro, besteak beste. Campion zeelandaberritarraren filmak izen bereko Thomas Savageren eleberri bat du oinarrian, eta bi anaiaren arteko gatazka bat kontatzen du. Filmeko protagonisten rola jokatu dute Benedict Cumberbatchek eta Jesse Plemonsek.

Beste festibaletan jada estreinatu dituzten filmak biltzen ditu Perlak sailak. Hamabost filmek osatuko dute saila, eta, gaur iragarritakoez gain, Celine Sciammaren Petite maman, Paul Verhoevenen Benedetta eta Ryusuke Hamaguchiren Guzen to sozo izango dira garaikurra lortzeko hautagaien artean, baita Emmanuel Carrere idazlearen Ouistreham ere; lehiaketatik kanpo emango dute hala nola Julia Ducournau zuzendariaren Titane obra, Cannesko aurtengo zinemaldiko irabazlea. Hamabi film arituko dira lehian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.