Porrotxekiko elkartasun mezuz bete dira sare sozialak

Larunbatean euskal presoen aldeko mobilizazioan parte hartu zuen pailazoak, eta txiolari batzuek salatu dute Porrotxen bidez haurrak «zigorgabetasuna eskatzeko arma gisa» erabiltzen direla. Erabiltzaile askok elkartasuna adierazi diote pailazoari.

Porrotx Sare Herritarrak larunbatean antolatutako manifestazioan, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko abuztuaren 24a
13:11
Entzun

Sare Herritarrak antolatutako manifestazioa egin zuten larunbatean Donostian, Ibilian-ibilian, etxerako bidean lelopean. Milaka pertsona atera ziren kalera, besteak beste salbuespenezko espetxe politika bukatzea eta larri gaixo diren presoak askatzea eskatzeko. Bertaratutakoen artean zen Porrotx; Artzain Onaren katedraletik kairainoko bidea gidatu zuen haur motxiladunekin batera.

Txiolari batzuek pailazoaren parte hartzea salatu dute, eta adierazi dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek haurrei «ideologizazio txoil partzial eta etengabekoa» egiten dietela.

Consuelo Ordoñez ETAk hil zuen Gregorio Ordoñezen arreba izan zen lehena gertakaria gaitzesten: «Terroristen zigorgabetasuna eskatzeko arma gisa erabilitako haurrak. Ez diete kontatuko hitz egiten duenaren aita kartzelan dagoela norbait hiltzeagatik edo hiltzen laguntzeagatik. ETAk haiek bezalako 22 haur hil zituela eta gutxienez beste 1.635 umezurtz utzi zituela. Gaur, Donostian».

Ordoñezen txioa erreferentziatzat hartuz, pailazoek «kontakizun interesatuki aldrebesa» egiten dutela adierazi du beste erabiltzaile batek. Eta gaineratu du «Pirritx eta Porrotxek haurrei xaloki egiten dieten ideologizazio txoil partzial eta etengabekoa bereziki lotsagarri» zaiola.

Asko dira Porrotxen alde agertu direnak, eta pailazoarekiko elkartasun, babes eta maitasun mezuz bete dira sare sozialak. Euskal Herrian «ezinbestekoak» direla aldarrikatu dute erabiltzaileek, eta adierazi dute haien kontrako mezuek «hamarkadetan zehar Pirritx eta Porrotxek jasan duten kriminalizazio kanpaina elikatu besterik» ez dutela egiten.

Porrotxek trasmititutako balioak nabarmendu ditu beste txiolari batek; besteak beste, elkartasuna, bizitza bizigarria, tristuraren garrantzia eta poztasun kolektiboa. «Mila gauza on eta ez-neutral erakutsi dizkigu», gaineratu du.

Exprai artistak ere adierazi dio babesa pailazoari, eta gaiarekiko duen iritzia plazaratu du Naiz-en egin duen zintan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.