Donostiako 69. Zinemaldia

Altuna, Erkizia eta Oleagaren filmak lehiatuko dira, besteak beste, euskal zinemaren Irizar saria eskuratzeko

Euskal Herrian ekoitzitako hamazazpi lan emango ditu aurten Donostiako Zinemaldiak. Zinemira sailak hamabi lan jasoko ditu; horietatik zazpi, estreinaldi erabatekoak. Kimuak programari emango diote Zinemira saria.

Jose Luis Rebordinos eta Ruth Perez de Anucita, gaurko aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Berria
2021eko abuztuaren 26a
13:00
Entzun

Hamahiru film luzek, film labur batek, telesail batek, ekoizpen fasean den film batek eta proiektu batek osatuko dute Donostiako 69. Zinemaldiko euskal partaidetza, eta Sail Ofizialean, Zabaltegi-Tabakaleran, Zinemiran, Euskal Zinemaren eta EITBren galetan, WIP Europan eta Ikusmira Berriak sailean egongo dira banatuta.

Zinemiran, euskal zinemari berariaz eskainitako sailean, fikziozko eta ez-fikziozko hamabi lan emango dituzte, eta horietatik zazpi erabateko estreinaldiak izango dira. Hori dela eta, euskal zinemaren Irizar saria lortzeko aukera izango dute, Zinemaldiaren beste sail batzuetan parte hartuko duten beste bi filmekin batera. Beraz, bederatzi ekoizpen lehiatuko dira 20.000 euroko saria eskuratzeko.

Zinemaldiaren antolatzaileek jakinarazi dute, bide batez, Kimuak programari emango diotela aurtengo Zinemira saria. Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Institutuak eta Euskadiko Filmategiak bultzatutako programa hori 1998an sortu zen, eta euskal film laburrak Espainian eta nazioartean sustatzea, zabaltzea eta banatzea du helburu.

Zinemiran emango duten lehenengo filma Javier Corcueraren No somos nada izango da, La Polla Records taldearen agur biraren inguruan sorturiko ez-fikziozko filma, eta amaierakoa, berriz, Maru Soloresek zuzenduriko Aztarnak. Soloresek Camera obscura lanarekin(Zinemira, 2012) egin zuen debuta film luzeen zuzendaritzan, eta Aztarnak du iraupen luzeko bigarren lana. Haurtzaroko urteek uzten dituzten eta gogoratzen ez diren aztarnei buruzko gogoeta proposatu du filmean.

Iñaki Alforjak eta Iban Toledok Bolante baten historia estreinatuko dute Zinemiran, Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra desagertu zeneko eta haren familiak gorpuaren bila emandako 40 urteei buruzko ikerketa bat.

Xabier Erkizia soinu artista, musika ekoizle eta ikertzaileak, berriz, O Gemer bere lehen filma erakutsiko du Zinemiran. Idi gurdiek egiten duten soinu bitxian oinarritutako film esperimentala da O Gemer.

Maider Oleagak hainbat film proiektatu izan ditu Donostiako Zinemaldian, tartean Muga deitzen da pausoa, Ikusmira Berriak egonaldi programaren lehen edizioan garatu zuen proiektua. Orain, Kuartk Valley estreinatuko du Zinemiran, Arabako haran bateko herri batean bertako jendeak lagunduta filmatutako western baten istorioa.

Zinemiran estreinatuko dituzte, halaber, Iker Elorrietaren El radioaficionado fikziozko film luzea eta Pandemic Tour 2020 Belako (Hernan Zin), musika taldeak joan den urtean egin zuen bira bereziaren inguruko dokumentala.

Dagoeneko estreinatuak baitaude, Zinemiran baina lehiaz kanpo emango dituzte Fantasía (Aitor Merino), Ilargi guztiak (Igor Legarreta), Erlauntza (Mireia Gabilondo) eta Paperezko hegoak (Josu Martinez eta Samara Velte), Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako operazioan arakatzen duen dokumentala.

Altuna, Euskal Zinemaren Galan

Euskal Zinemaren Galan Hondalea estreinatuko dute, Asier Altunak zuzendutako ez-fikziozko lana. Cristina Iglesias artistak Donostiako Santa Klara uharterako sortu duen obraren inguruko lana da. EITB galan, berriz, Javier Garcia de Bikuñak zuzendutako Irabazi arte telesailaren lehen atala emango dute. Ama galdu eta Bartzelonatik Euskal Herrira bizitzera etorriko den futbolari nerabe baten istorioa kontatzen du telesailak.

Mikel Gurreak Veneziako Mostran erakutsiko du aurrenekoz Heltzear film laburra, eta Donostian Zabaltegi-Tabakaleran emango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.