Iraultza Txikien Akanpada

Ertzetan su txikiak piztera

Asteazkenetik martxan da Iraultza Txikien Akanpada, Arteagako Basoa etxean, igandera arte. Herri mugimenduek elkarren berri izatea eta sareak eraikitzea jarri dute helburu antolatzaileek

Sua pizten, harrera ekitaldian. ARITZ LOIOLA, FOKU
Naroa Torralba Rodriguez.
2021eko abuztuaren 26a
18:42
Entzun

Bildosola auzoan zuhaitzen artean ezkutatuta dago Basoa etxea (Arteaga, Bizkaia). Seinaleei kasu egin, eta aparkalekutik bada bidezidor bat heltzeko. Iraultza Txikien Akanpadara ongietorria ematen du pankarta batek, eta afixetan, lelo bat, proposamen modura: Piztuko dugu sua?. Herri mugimenduen topaleku izateko asmoa du. Asteazken arratsaldean hasi zen, eta, igandera bitarte, borrokarako, gogoetarako eta eraikitzeko topagunea izango da.

Garaiotan «sareak sortzeko» eta mugimenduak ezagutzeko aukera eskaintzen du akanpadak, Olatz Tavalera antolatzailearen hitzetan: «Mundu hau errotik aldatzeko eta batasun politikoa eraikitzeko beharrizanak batzen gaitu». 2018an egin zen lehen aldiz. Hasierako asmoa zen «tarteka» egitea, Gorka Nobales antolatzaileak azaldu duenez: «Dinamika bat da, aldakorra; prozesu ireki eta parte hartzailea den heinean, halabeharrez gertatzen da hori».

Euskal Herrian eta kanpoan gertatzen diren «mugimendu txiki» horiek ezagutu, eta «militatzen» duten horien artean «saretzeko» gune izan nahi duela esan du Tavalerak: «Galderak sortzea eta hausnartzea nahi genuke. Ez dugu erantzunik, ez dugu soluziorik, baina bai kezka». Parte hartzearekin «kontent» dago Nobales: «Etorri garen baino galdera gehiagorekin irtengo gara, baina baita gogoeta batzuekin ere, ikasiago». Herri mugimendua indartzeko «tresna» ere bada akanpada: «Ezagun gehiagorekin irtengo gara, kontaktu gehiagorekin eta zubi gehiagorekin. Hala, behar denean errazago batuko gara berriz».

Kanpadenden kremailerak zabaltzeaz bat hasi da goiza. Giharrak luzatzeko eta arnasketa sakontzeko ariketekin, falta ziren txandak bete eta egunaren nondik norakoak adostu dituzte asanbladan. Gosaltzera elkartu da jendea ondoren. 10:00ak aldera, hiru txoko banatu dira: krisi ekologikoaren ondoriozko mehatxu eta erronken hitzaldira joan dira batzuk; herri mugimenduetan jazotzen diren eraso matxistei erantzun kolektibo bat atontzera besteak; bada internazionalismotik Latinoamerikako esperientziak entzutera hurbildu denik; eta gainontzekoak zelaigunean lasai, bazkaria prestatzen edota txandak egiten egon dira. Haurrek ere probestu dute Basoa etxea. Sormen gunea eta lasai egoteko lekuari muzin egin diote askok. Igerilekuak irabazi du.

Hiru orduko tartea labur gelditu da karpa denetan. Galdera gosez gelditu dira asko, baina entsaladak eta dilistek ase dituzte Basoa etxean, bidea urratu duten bederatzi emakumeren irudien begiradapean. Bazkaloste musikatuak bide eman die arratsaldeko saioei. Mundua eraldatuz gozatzeko errezeta liburuaren aurkezpena, trans borroka teoriarik praktikara eramateko hitzartzea eta lurraren defentsan ari diren Latinoamerikako eta Euskal Herriko testigantzak izan dira.

Sargoria gorputzetik kendu ezinda, piztu da sua Basoan. Ostegunak berea eman du etxebizitzaren borrokari helduz; sendabelarrei buruz euskal tradizioan dagoen jakintza ezagutzeko aukera ere izan dute, eta XXI. mendean independentismoa nola eta zertarako erabil daitekeen eztabaidatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.