AEB-AK

Robert F. Kennedy hil zuena baldintzapean aske uztearen alde bozkatu dute

1968tik dago preso Sirhan Sirhan. Kaliforniako baldintzapeko askatasunaren batzordeko talde batek bozkatu du alde, eta orain batzordeak berak erabakia berrikusi beharko du. Kennedyren familia baldintzapean aske uztearen alde dago.

Sirhan Shan, deklaratzen. BERRIA
Igor Susaeta.
2021eko abuztuaren 28a
14:07
Entzun

Robert F. Kennedy 1968ko AEBetako presidentetzarako hauteskundeetan ezustekorik ezean Alderdi Demokrataren hautagaia izatekoa zena hil zuten urte bereko ekainaren 6an, tiroz, Los Angelesen. Sirhan Sirhani egotzi zioten AEBetako presidente izandako John F. Kennedyren (1917-1963) anaiaren hilketa, eta bizi osorako zigorra ezarri zioten. Orduz geroztik, kartzelan dago. Baina Kaliforniako baldintzapeko askatasunaren batzordeko talde batek hura behin-behinean aske uztearen alde bozkatu du. The Washington Post egunkariaren arabera, Kennedyren beraren senideak Sirhan Sirhan aske uztearen alde daude.

Kennedy, tirokatua izan eta gero.

Nolanahi ere, ostiralean talde horretako bi pertsonak hartutako erabakiak ez du esan nahi 53 urteren ondoren aske geldituko denik. Hasteko, batzordeak berak erabakia berrikusi beharko du osoko bilkura batean. 90 eguneko epea dauka horretarako. Eta, gero, Kaliforniako gobernadore Gavin Newsomek beste 30 egun edukiko ditu osoko bilkurak erabakitakoari eusteko, deliberazioa aldatzeko, edo atzera erabakia batzordera itzultzeko.

1975az geroztik hamasei aldiz eskatu du zigortuak askatu dezaten, baina beti ukatu diote. Haren anaia baten hitzak aipatuz, The Washington Post-ek kaleratu du batzordeko taldeak ebatzi duela zigortua jada ez dela «mehatxu bat» gizartearentzat.«Mende erdi baino gehiago igaro da. Eta gazte oldarkor hura jada ez da existitzen. Kennedy munduaren itxaropena zen... Eta nik hari eta denei min egin nien», adierazi zuen Sirhan Sirhan 77 urtekoak, AEBetako hedabideak jaso duenez.

Sirhan Sirhan, atxilotua izan ondoren.

Hasieran heriotza zigorra ezarri zioten, baina Kaliforniako estatuak neurri hori bertan behera utzi zuen 1972an, eta, hortaz, zigorra aldatu zioten Sirhani. Eraila izan aurretik, senataria izan zen Kennedy AEBetako Kongresuan, baita AEBetako fiskal nagusia ere 1961etik 1964ra, haren anaia presidente zen garaian. Haren anaia ere tiroz hil zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.