POLIZIA

Ehunka herritarrek Ertzaintzaren jokabidea arbuiatu dute Donostian

Manifestazio bat egin dute Errepresiorik ez lelopean, Parte Zaharra Aske taldeak deituta.

Manifestazio burua, Bulebarrean. IRUTXULOKO HITZA
2021eko abuztuaren 28a
21:30
Entzun

Donostian ez zen Aste Nagusirik ospatu hala zegokion astean, abuztuaren 14tik 22ra bitartean, baina Ertzaintzak 40 pertsona atxilotu eta 63 ikerketapean jarri zituen, istiluak eragitea egotzita. Parte Zaharra Aske taldeak, ordea, Ertzaintzaren zenbait portaera txarretsi ditu, eta, kolektiboak deituta, manifestazio bat egin dute Donostiako Parte Zaharrean, Errepresiorik ez, Alde zaharra bizirik lelopean.

Konstituzio plazan elkartzera deitu zuen Parte Zaharra Aske taldeak, eta ehunka herritarrek egin dute bat deialdiarekin. Ibilbidean zehar, protestara batutakoek  «gazteak gara, ez terroristak». «ez, ez, ez, errepresiorik ez», eta «Iñigo Cabacas, gogoan zaitugu» oihukatu dute, besteak beste. EAJren eta PSE-EEren aurka ere agertu dira.

Martxa amaierako hitzartzean, Ertzaintzaren jokabidea kritikatu dute: «Identifikazio arbitrarioak egon dira une oro, aurrekari penalak dituzten pertsonen zuzeneko atxiloketak eman dira, etxera zihoazen langile ugariren kontra ere oldartu dira, eta gazte ugari jipoitu dituzte atxiloketen unean eta komisaldegian». Protestara deitzeko oharrean, gainera, jakinarazi zuten «adin txikikoak gurasoen presentziarik gabe kalabozoetan autoinkulpazioak sinatzera bultzatu» zituztela.

Antolatzaileek ohartarazi dute «errepresioari modu kolektiboan aurre egiteko beharra» azpimarratu nahi dutela: «Manipulazio mediatikoaren zein inpunitate polizialaren aurrean, elkartasuna antolatzen jarraitzeko borondatean berresten gara».

Ia lau urteko eskaera

Gaur bertan, beste hiru herritar atxilotu dituzte Donostian bertan eta Andoainen (Gipuzkoa), COVID-19aren aurkako neurriak ez betetzea eta Poliziaren aurrean oldartzea egotzita. Zehazki, desordena publikoak eragitea eta agintearen aurkako atentatua egitea leporatu diete. 26 eta 23 urte dituzte Donostian atxilotutako biek, eta 21 ditu Andoainen atzemandakoak. Hirurak utzi dituzte libre ordu batzuk geroago.

Iruñean ere izan ziren liskarrak ostegunetik ostiralerako goizaldean, eta 11 lagun eraman zituzten atxilo. Iruñeko 2. Instrukzio Auzitegiko epaileak baldintzapean aske utzi ditu horietako sei, baina debekatu egin die Iruñeko Alde Zaharrera sartzea irailaren 9ra arte. Egun horretan egingo dute gertatutakoari buruzko epaiketa.

Hala ere, fiskalak gailu arriskutsu batekin eginiko atentatu delitu bat egotzi die seiei, eta hiru urte eta hamar hilabeteko zigorra eskatuko du horientzat. Beste atxilotuentzat erresistentzia jartzea eta lesioak eragitea egotzi diete, eta bi eta hamar hilabete arteko zigorrak eskatu ditu horientzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.