Musika

Lee Scratch Perry hil da, reggaearen aitzindaria

Abeslari eta musika ekoizle jamaikarra 85 urterekin zendu da. 

Perry, 2016an, Alemanian emandako kontzertu batean. WIKIPEDIA
aitor biain
2021eko abuztuaren 30a
13:30
Entzun

Aitzindaria izan zen Lee Scratch Perry, bere garaiaz gaindiko musikaria eta ekoizlea. Reggae eta dub musikaren sustatzaile nagusietako bat izan baitzen, eta hari zor zaio, besteak beste, Jamaikako herri musika mundu osora zabaldu eta Bob Marley doinu horien ikur bilakatu izana. Ia 60 urteko ibilbide baten ostean, atzo hil zen, bere sorterrian, Jamaikan, gaixotasun luze baten ondorioz.

85 urte zituen. 1936an jaio zen, Rainford Hugh Perry izenez, Jaimaika ipar mendebaldeko Kendal hirian. Gazte zelarik utzi zuen eskola, eta berehala murgildu zen musikan. Dick Coxsone Dodd edo Joe Gibbs ekoizle ezagunekin lan egin zuen, harik eta zigilu eta estudio propioa sortu zituen arte: Upsetter Records eta The Black Ark.

Dozenaka disko grabatu zituen bertan, eta dagoeneko ezaguna zen estudioan grabatzeko sortu zituen teknika eta estilo berritzaileengatik: esperimentazioa ardatz hartuta, sample-ak (aurrez grabatutako soinu piezak, gerora instrumentu gisa berrerabiltzen direnak) edota soinu efektuak erabiltzen zituen. Hala, lorezaintzako tresnekin grabatu zituen soinu efektuak, zuhaitzen azpian mikrofonoak lurperatu zituen, edota marihuana keari putz egin zion grabazioetan.

Upsetter Records zigiluarekin kaleratu ziren Jamaikako musikari gehienen diskoak 1970eko hamarkadaren hasieran. Tartean ziren, besteak beste, Junior Murvin, Max Romeo, Beastie Boys, The Wailers edota Bob Marley bera. Perryk jarri zituen, hain zuzen ere, Marleyren ibilbide arrakastatsuaren lehen oinarriak, The Wailers taldearekin batera argitaratutako klasiko handietako batzuk grabatu baitzizkion: Small Axe, Duppy Conqueror, Jah Live, Punky Reggae Party edota Rastaman Live Up, besteak beste. Ez zuen asko iraun abeslariaren eta ekoizlearen arteko elkarlanak, halere. Bere sorterritik kanpo aritu zen, eta The Clash taldearekin lan egin zuen.

Dub musikaren sustatzaile ere izan zen urte haietan; reggae musikaren esperimentaziotik sortu zuten musika elektronikoko genero berria. 1983an, ordea, su eman zion estudioari, izpiritu gaiztoek hartuta zutela argudiatuta. Ordurako drogak bere egunerokoaren parte ziren, eta gorabehera asko izan zituen hurrengo urteetan.

Ez zion inoiz kantuak grabatzeari utzi, nolanahi ere, eta milatik gora abesti grabatu zituen 60 urteko ibilbidean. 1990eko hamarkadan, gainera, musika elektronikoaren arrakastari esker, bere eragina eta ospea berreskuratu zituen. 2003an Grammy bat irabazi zuen Jamaican E.T. diskoari esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.