ZALDIBARKO HONDAMENDIA

Zaldibarko hondamendiaren akusatuek ez dute kartzelara joan beharko homizidioagatik

Akordioa lortu dute hildako bi langileen familiekin. Sei hilabeteko kartzela zigorra onartu dute delitu horrengatik, eta kalte ordaina eta isun bat ordainduko dute. Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze hil ziren 2020ko otsailean gertaturiko luizian.

Verter Recycling enpresaren zabortegia. 2020ko otsailaren 6an amildu zen, eta egonkortze lanak abuztuaren 31n amaitu zituzten.. EUSKO JAURLARITZA
jone arruabarrena
2021eko irailaren 3a
09:29
Entzun

Jose Ignacio Barinaga Zaldibarko zabortegiaren jabeari, Arrate Bilbao kudeatzaileari eta Juan Etxebarria ingeniariari egotzi zieten Zaldibarko hondamendiaren erantzukizuna, eta horiek Fiskaltzarekin eta akusazio partikularrarekin akordio batera iritsi direla baieztatu ahal izan du BERRIAk. Jada sinatu dute akordioa, eta, horren arabera, sei hilabeteko kartzela zigorra baino ez zaie ezarriko akusatuei homizidio delituengatik.

Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze hil ziren 2020ko otsailean gertaturiko luizian. Zuhurtziagabekeriazko giza hilketa eta langileen aurkako delitu bat leporatzen zitzaien akusatuei, eta horrek, berez, lau urte baino gehiagoko kartzela zigorra ekarriko zien. Akordio horren arabera, ordea, akusatuek kartzela saihestea lortuko dute. Baina hori bai: beren erantzukizuna onartu, Beltranen eta Sololuzeren familiei kalte ordainak ordaindu eta isun bat ere ordaindu beharko dute. Horren ondoren, ingurumenari eragindako kalteak aztertzeko ikerketa bakarrik geratuko da zabalik.

Prozesu luzea eta motela

Durangoko epaitegiek (Bizkaia) 2020ko otsailaren erdialdean ekin zioten zer gertatu zen ikertzeari. 1. Instrukzio Epaitegia hasi zen ikertzen ea langileen eta pertsonen kontrako deliturik egin ote duten, eta 2. Instrukzio Epaitegia ingurumenaren aurkako deliturik egon ote den. Joan den urteko abuztu amaieran bi auziak 1. Epaitegiko epailearen esku uztea ebatzi zuen Durangoko epaile dekanoak, baina ez zituzten prozedurak bateratu; alegia, bi instrukzio egin dira. Iturri judizialek eta familiartekoek hainbat aldiz adierazi dute prozesua oso motel joan dela une oro.

Azkenean, Jose Ignacio Barinaga Verterren jabe eta sortzaileari, Arrate Bilbao Barinaga kudeatzaileari eta Juan Ignacio Etxebarria azpiegiturako ingeniariari zuhurtziagabekeria larriz eragindako giza hilketa inputatu zien Sofia Maria Sanchez Ortega 1. Epaitegiko epaileak, 2020ko uztailean.

Izan ere, Otsailaren 3an, zaborra amildu baino hiru egun lehenago, Joaquin Beltranek abisua eman zien jabeei, pitzadurak handituta ikusi zituelako. Otsailaren 4an teknikariak hasi ziren aztertzen, kezka agertu zuten, eta 5ean jabeei ohartarazi zieten arriskuaz. Jabeek ez zieten ezer esan langileei, eta lanean normal segitu zuten. 6an bilera bat zuten egitekoa, baina amildu egin zen zabortegia, eta ez ziren bildu.

Hain zuzen, uztailaren 21ean atxilotu zituzten. Ez deklaratzeko eskubidea zuten, eta horri heldu zioten 23an Durangon egindako auzi saioan. Gero, aske utzi zituen epaileak, kautela neurriak ezarrita: agindu zien hilean behin epaitegira sinatzera joateko, eta pasaporteak kendu zizkien. Iturri juridikoek BERRIAri adierazi zioten gisa horretako delitu bat leporatzen zaienei kautelazko beste neurri batzuk ezarri ahal zaizkiela. «Hilean behin sinatzea... Delituak arinagoak izanda ere, ohikoa da epe hori bi astekoa izatea». Espainiako Zigor Kodearen arabera, zuhurtziagabekeriaz egindako giza hilketagatik kondenatutakoei sei hilabete eta lau urte arteko kartzela zigorra ezarri ahal zaie.

Ingurumen kalteak ere bai

Verterreko buruak ingurumenaren aurkako delituaren kausan ere badaude ikerketapean. Izan ere, Verter Recycling 2002 SM da Zaldibarko zabortegiak eragindako «ingurumen kalteen» erantzulea, instalazioaren kudeatzailea den neurrian. Hori ebatzi zuen Eusko Jaurlaritzak, «ingurumen erantzukizuneko espedientea» aztertuta. 2020ko urtarrilaren 20an argitaratutako ohar batean, nabarmendu zuen enpresa dela eremuko lurzoruetan eta azaleko eta lurpeko uretan egindako «kalte esanguratsuen» erantzulea. Arantxa Tapiak egun horretan bertan oroitu zuen amiantoa zuen gela bat «hautsi» egin zela, material toxiko hori zabortegiaren «leku guztietan» isuri zela, eta, «beraz, lur guztia kutsatuta» dagoela.

Enpresak gaitzetsi egin du erantzukizun guztia berari «esklusiboki» egotzi izana. Bi egun geroago ohar bat kaleratu zuen, eta nabarmendu «inplikatutako» beste eragile batzuk ere «erantzule» izan litezkeela. Ez zuen izenik eman, baina, besteak beste, Jaurlaritzaz ari zela ondoriozta daiteke, kontuan hartuz gero hainbat ahotsek salatu dutela administrazioaren kontrola falta zela zabortegiaren egitekoa zaintzeko garaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.