HILBERRIA

Juan Mari Jauregi hil da, 13/13 sumarioko auzipetuetako bat

Uztailean Espainiako Auzitegi Nazionalean abiatutako auzi saioetara joateaz salbuetsi zuten, bere osasun egoeragatik. Torturak salatu zituen 2010eko apirileko atxiloketaren ondotik.

Juan Mari Jauregi, 2010eko ekainean, torturak salatzeko egindako agerraldi batean. JON URBE / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko irailaren 3a
15:05
Entzun

Sortuk jakinarazi duenez, Juan Mari Jauregi militante independentista zendu da. 13/13 sumarioan auzipetua zeuden zortzi euskal herritarretako bat zen. Uztailean Espainiako Auzitegi Nazionalean hasi zen epaiketara joateaz salbuetsi zuten, haren osasun egoera zela eta. Torturak salatu zituen 2010eko apirilean atxilotu zutenean —atxiloketa horien ondorio da 13/13 sumarioa—. LABeko militante erretiratua zen orduan.

Sortuk eta 13/13ko gainerako auzipetuek «besarkada goxo eta sentikorra» eta elkartasuna adierazi diete Jauregiren senide eta hurbilekoei. 13/13ko auzipetuek adierazi dute «bereziki gogorra» egiten zaiela Jauregi agurtzea, «jakitun» daudelako «2010eko atxiloketak eta haren ondorengo ibilbide luzeak» haiengan guztiengan izaten ari diren eraginaz: «Guk bezalaxe, estatuen bortizkeria pairatu dugun euskal herritar guztiok dakigu zein sakona den eragiten digun zauria». 13/13ko auzipetuentzat «elkartasun, konpromiso eta duintasun eredu» da Jauregi, «bere bizitza osoan eta azken hatsera arte gure ondoan izan dugulako, bai gure sumarioaren atzean dauden estatu interesak salatzeko, nola presoei bere elkartasuna eta maitasuna adierazteko edo Euskal Herriaren aitortza aldarrikatzeko»..

Sortuk ere salatu du Jauregik «konponbide demokratikoaren alde apustu egiteagatik» pairatu behar izan zuen «infernua»: «Atxilotzean oso modu basatian torturatu zuen Guardia Zibilak Juan Mari, erabateko inpunitatez, bere lekukotzak erakutsi zuen moduan». Ezker abertzaleak gogoratu du 13/13 auzian epaitzen ari diren euskal herritarrak garai hartan «lanean» ari zirela EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa «agertoki berrira egokitzeko, presoak agertoki hartan eragile aktibo izan zitezen». Sorturen hitzetan, «estatuaren biolentziaren biktima» da Jauregi: «Torturak osasunari kalte egin ez ezik, sumarioa hamarkada batez luzatzeak oinazea areagotu baino ez zion egin».

Hilaren 12an, manifestazioa

Sortuk iragarri duenez, 13/13 makroepaiketaren aurka manifestazioa eginen dute irailaren 12an. 13:30ean abiatuko da, Donostiako Bulebarretik: «Bakea eta irtenbide demokratiko bat bilatu duten militante politikoen aurkako epaiketa politikoek behingoz amaitu behar dute. Oraindik indarrean den biolentziak, estatuaren biolentziak, amaitu egin behar du. Bada garaia».

«Biluztu egin ninduten»

66 urte zituen Jauregik 2010ean atxilotu zutenean, eta arritmia zeukan. Halaxe salatu zuen aske utzi ondotik Jose Luis Gallastegi eta Joxe Domingo Aizpuruarekin 2010eko ekainean egindako agerraldian: «Nire eritasunaz ohartu zirenean, esan zidaten han gelditzen banintzen, hiltzen banintzen, ez zela ezer gertatuko. [Jon] Anzarena bezala izango zela. Esan zidaten han ez nuela inolako eskubiderik, ni etsaia nintzela eta etsaia suntsitu egin beharra zegoela». Kontatu zuenez, Madrilera iritsi orduko begiak estali zizkioten, eta hotza pasatu zuen lehen galdeketan. «Biluztu egin ninduten. Zutik egon nintzen denbora guztian. Dardaraz hasi zitzaizkidan hankak, hotzaren, beldurraren eta nekearen ondorioz. Erortzear egon nintzen». Egoera horretan galdera eta mehatxuak etengabeak izan zirela salatu zuen. Bigarren egunean, berriz, beroa pasarazi zioten. «Itomena nuen. Berokia guztiz lotuta, begiak estalita eta begien estalkien gainetik beste kaputxa edo trapuren bat jarri zidaten». Beste norbaiten oihuak entzuten zituela azaldu zuen: oihuak, kolpeak, garrasiak, irainak... Haren alaba erditzear zegoen, eta hura atxilotuko zuten mehatxua ere egin zioten: «Nire emaztearen eta alabaren aurkako mehatxuak etengabeak ziren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.