Albistea entzun

Arkitektura

Hiri garaikideen erronkak aztertuko dituzte hiru egunez Iruñean

VI. Nazioarteko Arkitektura Kongresua abiatu da gaur Iruñean. Hainbat adituk hirien arazoak izango dituzte hizpide ostiralera arte. Antzolatzaileek hirien dimentsio publikoaren garrantzia aldarrikatu dute.

Baluarte auditoriuma, gaur goizean. Han egiten ari dira VI. Nazioarteko Arkitektura Kongresua.
Baluarte auditoriuma, gaur goizean. Han egiten ari dira VI. Nazioarteko Arkitektura Kongresua. Iñigo Uriz / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2021eko irailak 8 09:47

Garatutako hirien arazoak identifikatzea eta horiei modu eraikitzailean heltzea, etorkizunerako nahi dituzten hiriak sortzen hasteko. Hori da VI. Nazioarteko Arkitektura Kongresuaren xede nagusia. Gaur eguerdian abiatu da, Iruñean, Nahi dugun hiria goiburupean, eta hiru egunez nazioarteko hainbat adituren hitzaldiak hartuko ditu. Parte hartzaileen artean egongo dira Mohan Munasinghe Bakearen Nobel sariaren 2007ko irabazlea edota aurtengo Pritzker saria jaso duen Anne Lacaton. Hitzaldi guztiak Internet bidez ikusi ahal izango dira.

Arkitektura eta Gizartea fundazioak antolatzen du egitasmoa, eta Baluarte du egoitza nagusia. Han aurkeztu dute kongresua gaur goizean Jose Maria Ezkiaga zuzendariak eta Patxi Mangado fundazioaren patrono fundatzaileak. Ezkiagaren esanetan, fundazioaren asmoa da bi elementu horiek, arkitektura eta gizartea, berriz konektatzea; horretarako sortu zuten 2008an, eta norabide horretan antolatzen dituzte nazioarteko kongresuak bi urtean behin, 2010etik. Arkitekturaren, jasangarritasunaren, eta baliabideen nahiz energiaren erabileraren arteko loturak ikertzea du helburu, unean uneko testuingurua aintzat hartuta.

Oraingoan, arazoetan arreta jarrita begiratuko diote hiriari, baina ikuspegi «itxaropentsu» batetik: kritikara mugatu beharrean, konponbideak proposatuz. Ardatz horrek lotuko ditu hitzaldiak, Ezkiagaren arabera: «Horregatik du zentzu baikorra kongresuaren izenburuak: nahi dugun hiri hori egin, egin daitekeela uste dugulako».

Landuko dituzten arazo nagusien artean, honako hauek daude: hirien kontrolik gabeko hazkundea, espazio publikoaren balioaren galera, ekitate falta, klima aldaketa edota autoaren lehentasuna. Horiei helduko diete, galdera bat oinarri hartuta: «Zer hiri nahi dugu eta nola eraiki nahi dugu?».

Mangadok azpimarratu duenez, fundazioan ez dute arkitektura bera helburu gisa ulertzen, baizik eta «jendea hobeto bizitzea» xede duen tresna gisa. Alde horretatik, publikoaren zentzua aldarrikatu nahi dute kongresuan, «hiria guztiena dela», ideia hori 2008ko finantza krisiaz geroztik atzera egiten ari dela sinetsita: «Botere publikoak atzera egin du, eta hiriaren zati handi bat esku pribatuetan dago, gero eta gehiago. Horrek atzerapausoak ekar ditzake hiriaren eta arkitekturaren kalitatean ere».

2008ko krisiak hirigintzako parametro asko aldatu zituen arren, 2020koarekin ez dira arazo gehiago sortu; ordea, izurriak lehendik zeudenak azaleratu ditu, Mangadok eta Ezkiagak azaldu dutenez. «Pandemia hasi zenean, behar genuena ez zen autobide edo supermerkatu gehiago. Behar genuena zen farmazia bat etxetik gertu, espazio publikoa erabili ahal izatea, espazio publikoaren eta pribatuaren arteko harremana mailakatuagoa izatea», nabarmendu du Ezkiagak. «Arazo horiekin agerian geratu da pertsonak zaurgarriak garela, bai eta hiriak ere». Uste dute ideia horrekin egin behar zaiela aurre arazoei, eta ikuspegi horrekin ekingo diote kongresuari.

Nazioarteko hizlariak
Anne Lacatonek zabaldu du kongresua, bideokonferentzia bidez; haren atzetik mintzatu dira Dietmar Eberle arkitekto austriarra, Philipp Rode ekonomialaria eta Miguel Anxo Fernandez Lores Pontevedrako (Galizia) alkatea.

Bihar hitza hartuko dute Ezkiagak berak, Fabienne Hoelzel arkitekto suitzarrak, Feniosky Peña-Mora Columbiako Unibertsitateko (AEB) irakasleak, Rafael Fernandez Valverde Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuak, Maria Angeles Duran CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerketa irakasleak, Joan Clos Asval alokairuko etxebizitzen jabeen elkarteko presidenteak, Saskia Sassen Columbiako unibertsitateko katedradunak eta Daniel Ibañez Harvard Unibertsitateko (AEB) ikerlariak.

Azkenik, ostiralean mintzatuko dira Mar Santamaria eta Pablo Martinez Bartzelonako Arkitektura Eskolako kideak, Frances Muñoz geografo katalana, Mohan Munasinghe garapen jasangarriko Sri Lankako aditua, eta Carlos Soltxaga ekonomialari eta politikari nafarra.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Durangoko Azokako eta BBK erakundeko ordezkariak gaur, Bilbon ©Aritz Loiola/ Foku

Sortzaileentzako lau eguneko topagune profesionala antolatu du Durangoko Azokak

Iñigo Astiz

Musikariak ez ezik, bestelako sortzaileak ere bide profesionalean laguntzeko helburuz egingo dute DA! Pro abenduaren 1etik 4ra bitarte

Nogen taldeak jaialdian parte hartuko du. ©Gorka Rubio / Foku

S.A., Nogen, Skakeitan, Tremenda Jauria eta Rodeo, Hatortxu Rocken

Berria

Hamazazpi artista ariko dira guztira abenduaren 18an Atarrabian euskal presoen alde egingo den jaialdian.

Altsasuko minak taularatzea

Altsasuko minak taularatzea

Iñigo Astiz

Maria Goirizelaiak idatzi eta zuzendu du 'Altsasu' antzezlana, eta bihar estreinatuko dute, Bilboko Arriaga antzokian. Ahozko epaiketako transkripzioak izan ditu pieza sortzeko abiapuntu nagusi.

Edorta Jimenezen liburuak Nikole Atxikallenderen eta Sabino Aranaren argazkia du azalean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Edorta Jimenezek 'Nikole bijotzekua' ikerketa idatzi du

Gorka Arrese

Edorta Jimenezek 'Nikole bijotzekua' ikerketa idatzi du. Nikolasa Atxikallenderen biografia osatzeaz batera, Sabino Aranaren bestelako ikuspegi bat dakar. Elkar etxeak argitaratu du liburua

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.