Albistea entzun

Immunoeskasia dutenei hirugarren dosia jartzen hasiko dira Hegoaldean

Osakidetza gaur hasi da dosi berria hartzeko ordua ematen, eta Nafarroan «berehala» ekingo diote.

Txertaketa kanpaina Donostian.
Txertaketa kanpaina Donostian. Jon Urbe / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2021eko irailak 9

Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak immunoeskasia «larria» duten pertsonei COVID-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia jarriko dietela erabaki zuen atzo, eta txertaketarekin berehala hasiko direla iragarri dute gaur Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Osakidetza gaur hasi da dosia jartzeko ordua ematen, eta Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak adierazi du dagoeneko zerrendak prestatzen hasiak direla.

Immunoeskasia dutenen jarraipena egiteaz arduratzen diren osasun zerbitzuek adieraziko dute noiz hartu beharko duten txertoa, bakoitzaren osasun egoera aintzat hartuta, aurreko txertaketetan egin zen modura. Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 4.500 pertsona inguruk izango dute dosia hartzeko aukera. Indurainek, adiz, ez du zehaztu Nafarroari dagokion kopurua.

Dosiak organo solidoren bat transplantatu dietenentzat, guraso hematopoietikoengandik transplantea hartutakoentzat eta tratamendu immunoezabatzaileak dituztenentzat izango dira, eta aldez aurretik hartutako txertoen jarraibidea segituko dute. Immunoeskasia duten kolektiboek txertaketa orokorraren bidez lortu ez duten immunitatea eskuratzea da neurriaren helburua.

Dosi hori hirugarren dosi gisara aurkeztea saihestu du, ordea, Nafarroako Osasun kontseilariak parlamentuko gaurko bilkuran, dosi «gehigarri» bat dela eta gauza desberdin bat dela azpimarratuz: «Immunologikoki arrisku handiagoa duten kolektiboentzako dosi gehigarri bat da. [...] Ez da hirugarren dosi bat bezalakoa, indartzeko dosi bat izango litzatekeena».

Pandemiaren eragina gazteen osasun mentalean

Halaber, gaurko bilkuran Nafarroako Parlamentuko taldeek pandemiaren kudeaketaren inguruan eginiko galderei erantzunez, Indurainek ohartarazi du gizarteak bizi duen egoerarekin haur eta gazteen artean «ezinegon emozionalaren, antsietatearen eta depresioaren» agerpen sintomatikoak areagotzen eta larriagotzen ari direla.

Osasun kontseilariak azaldu duenez, azken hilabeteetan «ondoez emozionalaren adierazpen sintomatikoen, antsietate eta depresio sintomen, gehiegizko sexualizazioaren, oldarkortasunaren eta suminkortasunaren» areagotze bat nabaritu dute gazteen artean. Eta ez hori bakarrik. Izan ere, «alkoholaren eta pantailen kontsumoa, nerabeen arteko tentsioak, portaera bortitzak, elkar jotzeko topaketak eta sare sozialetako exhibizionismoa» ere areagotu egin dira, Indurainen arabera.

Gainera, portaera horiek gero eta adin txikiagokoen artean agertzen direla azpimarratu du, eta jakinarazi du Nafarroako Gobernua dagoeneko plan eta neurri bereziak garatzen ari dela horri aurre egiteko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Aitziber Sarobe eta Ainara Kaltzakorta, atzo, Ekotopaketen lehen mahaietako batean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Kolektiboki ekiteko dei ozena

Maite Asensio Lozano

Krisi ekosozialari nola erantzun aztertzeko, Ekotopaketak egiten ari dira asteburuan Portugaleten, 'Azken krisia, gure garaia' lelopean

Los Arcos zirkuituaren inaugurazio ekitaldia, 2010eko ekainean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Los Arcos kostatu zenaren %10ean saldu du Nafarroako Gobernuak

Joxerra Senar

Gobernuko arduradunak pozik agertu dira salmentarekin, urtero lau milioi euroko gastua baitzuen zirkuituak. Zazpi milioitan saldu dute
Ikoitz Arrese, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

EH Bilduk harreman fase bat hasiko du eragileekin hezkuntza legeaz aritzeko

Irati Urdalleta Lete

Ikoitz Arrese legebiltzarkideak «patxada eta ausardia» eskatu dizkio Jaurlaritzari. Bildarratzek eragileekin mintzatzeko prestasuna erakutsi du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...