Albistea entzun

Libano

Libanok gobernu berri bat izango du, urtebeteko etenaren ostean

Najib Mikati izango da lehen ministroa. Krisi ekonomikoari aurre egitea izango da haren lehentasuna.

Najib Mikati, artxiboko irudi batean.
Najib Mikati, artxiboko irudi batean. WAEL HAMZEH / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2021eko irailak 10

Urtebete baino gehiago behar izan dute Libanoko politikariek gobernu berri bat osatzeko. Michel Aoun presidenteak jakinarazi duenez, Najib Mikati lehen ministro izendatuak lortu du haren kabinetea izendatzeko akordioa. Herrialdearen egoera ekonomikoa dela medio, egoera «oso zail batean» daudela onartu du Mikatik. Hala, gobernu berriaren lehentasuna «kolapso egoerari» amaiera ematea izango da, «oparotasuna» lortzeko bidean. Lehen bilera astelehenean egingo dute.

«Gobernua Libanoren interesetan zentratuko da, eta, aberriaren interesen alde, behar denarekin arituko gara lankidetzan, Israelekin izan ezik», azaldu du Mikatik, gobernuaren osaera ofizial egin duen lege dekretua sinatu berritan. Zabaldutako informazioen arabera, Mikatiren kabinetea 24 lagunek osatuko dute; horien artean emakumezko bakar bat egongo da. Hala nola Abdullah Abu Habib izango da Atzerri ministroa, eta Bassam Mawlawik gidatuko du Barne Ministerioa.

Halere, begiradak beste alor batzuetan jarrita daude. Herrialdea krisi ekonomiko sakon bat jasaten ari da 2019tik; XIX. mende erdialdetik munduan izandako finantza krisirik handienetako bat, Munduko Bankuaren arabera. Horri aurre egiteko hautatutako politikaria Youssef Khalil da. Finantza Ministeriotik, libera libanoarrak jasaniko kolpeari —bere balioaren %90 galdu du— eta inflazio etengabeari aurre egin beharko die. Egoera horren eraginez, Libanoko biztanleen hiru laurden pobrezia mugaren azpitik bizi dira, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera; iaz herritarren %55 ziren, eta 2019an, %28.

Khalilekin batera, Walid Fayyad eta Firass Abiad, hurrenez hurren, Energia eta Ur ministro eta Osasun ministro izendatu berriak, izango dira kabineteko kide garrantzitsuenetako batzuk. Krisi ekonomikoaren ondorioz, elektrizitate, erregai eta ur edangarri eskasia bizi du Libanok. Besteak beste, udan gasolindegietako erregaia konfiskatzeari ekin zion armadak, gasolina eta diesela herritarren artean banatzeko asmoz.

Erregai eta elektrizitate falta horren ondorio nabarmenenetako bat herrialdeko osasun sistemak jasaniko kalteak izan dira. Sendagaiak eta medikuntza materialak jasotzeko arazoez gain, elektrizitate etenek osasun zentroen lana zaildu dute, hainbat eremutan eguneko lau ordutara murriztu baita hornidura.

Gobernua osatzeko negoziazioetan arazoak eragin dituen kargua, ordea, beste bat izan da, Gizarte Gaietarako ministroarena. Izan ere, Hector Hajjarrek gidatuko duen ministerioaren bidez kudeatuko dira datozen hilabeteetan atzerritik iritsi daitezkeen laguntza ekonomikoak. Besteak beste, NBEk eta Frantziak Libanoko afera tratatzeko abuztuan antolatutako bilkuran, 313 milioi euro inguru bildu zituzten, 1,1 milioi libanoarrentzat laguntza bermatzeko.

Iazko abuztuaren 4an Beiruteko portuan izaniko leherketak gutxienez 203 hildako eragin zituen, eta 6.000 zauritu baino gehiago utzi. Ezbeharrak bat egin zuen COVID-19ak eragindako pandemiarekin eta jada presente zegoen krisi ekonomikoarekin. Hala, herritarrek jomugan jarri zuten orduko gobernua. Hassan Diab lehen ministroak eta haren kabineteak hilaren 10ean aurkeztu zuten dimisioa.
Mustafa Adib izan zen gobernu berri bat osatzeko saiakera egiten lehena. Haren porrotarekin, ordea, Aoun presidentean Saac Haririren esku utzi zuen betebeharra. Hainbat hilabeteez negoziatzen aritu ostean, baina, uztailean amore eman zuen, Aoun berarekin izaniko desadostasunak medio.

Ulertu ezinaren aurrean, nazioarteko presioa nabarmena zen Libanoko politikagintzan. Hala nola Europar Kontseiluko presidente Charles Michelek «erreforma politiko eta ekonomiko sakon baten» beharra adierazi zuen Beiruteko leherketaren urteurrenean, eta Frantziako presidente Emmanuel Macronek gobernu bat osatzea «lehentasuna» dela adierazi zuen.

Hala, Mikatik lortu du egoera baretzea. Ardura hartu zuenetik, 45 behar izan ditu akordioa ixteko. Hala, Libanoko pertsonarik aberatsena hirugarrenez izango da lehen ministro; aurrez, 2005ean eta 2011n ere izan zen. Printzipioz, datorren urteko maiatzera arte iraun beharko luke agintean. Ordurako daude deituta parlamenturako bozak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

<b>Karbono isuriak.</b> Auto pilaketa bat, ke eta behe laino artean, Nigeriako Lagos hirian. ©AKINTUNDE AKINLEYE / EFE

Egungo konpromisoekin, «klima hondamendira bidean» da mundua

Gorka Berasategi Otamendi

Nazio Batuen Ingurumen Programaren txosten baten arabera, estatuek hartu dituzten azken konpromisoak baino askoz ere ausartagoak behar dira klima aldaketa bortitz bat ez gertatzeko
Arantxa Tapiak beste sailburu batzuekin batera atzo egin zuen agerraldia. ©DAVID AGUILAR / EFE

Eusko Jaurlaritzak %30 murriztu nahi ditu berotegi efektuko gasak 2024rako

Jone Arruabarrena

Jaurlaritzak Energia Trantsizioaren eta Klima aldaketaren plana aurkeztu du. Tapiak 305 milioi euroko inbertsioa iragarri du arlo horretan
Erizain bat gizon bati txerto dosi bat jartzen, Johannesburgon (Hegoafrika). ©Kim Ludbrook / Efe

Afrikako Batasunak izurriaren aurkako 110 milioi txerto dosi jasotzeko akordioa egin du

Igor Susaeta

Moderna etxearekin egin du ituna kontinenteko 55 herrialde biltzen dituen elkarteak, AEBetako Gobernuak bideratuta. Afrikan, oraingoz  herritarren %5,23ri jarri dizkiete txertoaren bi dosiak.

Sudango Khartum hiriburuan atzo izandako protesta baten irudia. ©STRINGER / EFE

Militarrek esan dute trantsizioaren «bidea zuzentzen saiatzen» ari direla

Ander Perez Zala

Al-Burhanek adierazi du Sudanen ez dela estatu kolperik izan, eta azaldu du «laster» gobernu berri bat izango dela; Kontseilu Subiranoarentzat, hark du «autoritate legitimoa» oraindik ere. Armadak gutxienez zazpi lagun hil ditu manifestazioetan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.