Ardogintza

Arabak ardoaren gaia politizatzea egotzi dio Errioxari

Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun nagusiak «ez dagokion auzietan esku hartzea» leporatu dio Errioxako presidente Concha Andreuri, salaketari babesa adierazteagatik. Kontseilu arautzailearekin ere haserre dago, «erkidego bakar baten» erakundea bilakatu delakoan.

Mahats bilketa Villabuenan, artxiboko irudian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko irailaren 10a
16:57
Entzun

Arabako Mahastiak sor-marka proiektuaren auziak gatazka politikora salto egin du. Errioxa jatorri izeneko Kontseilu Arautzaileak gaurko bileran erabaki zuen auzitegietara eramatea Arabako Mahastiak onartzeko espedientea. Erabaki horri babesa emateko, kontseiluaren bileran parte hartu zuen Concha Andreu (PSOE) Errioxako autonomia erkidegoko presidenteak. Agerraldi horrek sumindu egin du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, auzia «politizatzea» iruditzen baitzaio, eta hitz gogorrak izan ditu Andreurentzat: «Eskaera egin dutenak Arabako enpresak dira. Ez dagokion auzietan esku hartze onartezin bat da». Kontseilu Arautzailea ere kritikatu du Gonzalezek: «Gaur egun ez da jatorri izenaren lurralde osoaren kontseilu arautzailea, baizik eta erkidego autonomo batena, eta hori oso larria iruditzen zait».

Auziaren politizazioa ez da gauza berria, baina, oro har, norabide batetik etorri da: Errioxatik. Lurralde horretan hasiera-hasieratik ziurtatu dute Arabako Mahastiak proiektu politiko bat zela, abertzaleen saiakera bat Errioxari eta haren ardoari kalte egiteko. Errioxako eragile politiko, ekonomiko eta sozial gehienek eutsi diote ildo horri, indar handiagoarekin edo txikiagorekin.

Eztabaida horretatik kanpo geratu nahi izan dute Araban, eta upeltegi batzuen proiektua dela nabarmendu nahi izan dute. Berez, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Aldundiak ez dute bat egin: ulerkorrago azaldu da Arantxa Tapiaren saila, eta uzkurrago Arabako Aldundia. Gonzalezek berak gogorarazi zuen atzo sor-marka berria sortzearena ez dela bere gobernuaren proiektua, «zilegia» iruditu arren, eta nahiago lukeela Errioxa aterkipean marka propio bat sortzea, «Bordelen arrakastaz funtzionatzen duen moduan». Eskaera horri jaramonik ez egitea aurpegiratu zion jatorri izeneko gehiengoari, eta jarrera horrekin arrazoi ematen diela sor-markatik atera nahi duten upeltegiei.

Eztabaida maila politikoan kokatu ez den arren, egia da Arabako alderdien aldetik egon dela lerrokatze bat: proiektuaren aurka PSE-EE eta PP, alde EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Dugu, eta zatituago, berriz, EAJ.

40 upeltegiren eskaera

Arabako Mahastiak eratzeko urratsa ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteko 40ren bat kidek egin dute; ehundik gora kide ditu elkarte horrek, eta gutxi batzuek alde egin dute, proiektua salatzeko. Eskatzaileen argudioa da azken urteetan asko handitu dutela ekoizpena upeltegi handiek, eta euren produktua bereizteko eta negozioa egiteko aukerarik ez dutela. Gainera, Grupo Riojan batutako upeltegi handien tresna izatea egotzi diote Kontseilu Arautzaileari.

ABRAko ordezkariek auzibidearen aurkako botoa eman zuten atzo Kontseilu Arautzailearen bozketan, eta abstenitu egin ziren UAGA Arabako nekazarien sindikatua eta Araex elkartea. Azken horretan neurri erdiko upeltegi esportatzaile batzuk biltzen dira, Arabako Errioxakoak gehienak. Emaitza, ordea, garbia izan da: auzibidearen aldeko 134 boto, hamalau abstentzio eta aurkako boto bakarra.

Kontseiluaren bilerara azalduta, haren jarduna «arrakalarik gabe babesten» duela adierazi zuenAndreuk, «errioxar guztien defentsan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.