Literatura

Alaine Agirre eta Leire Vargas saritu dituzte Irun Hiriko Kutxa Literatura Sarietan

‘Karena’ du izena Agirreren saritutako nobelak, eta ‘Dena ametsa den irudipena’ Vargasen poema bildumak

Alaine Agirre idazlea. JUAN CARLOS RUIZ/ FOKU
Inigo Astiz
2021eko irailaren 11
15:12
Entzun

Odol mamituak eleberriarekin hasi zuen bere literatur ibilbidea Alaine Agirre idazleak (Bermeo, Bizkaia, 1990), eta beste sei nobela, narrazio liburu bat eta poema bilduma bat ere kaleratu ditu geroztik. Ibilbide hori guztia eginda duela jaso du orain 44. Irun Hiriko Kutxa Literatura Saria Karena izeneko eleberriagatik. 25.000 euro eta garaikurra jasoko ditu idazleak horregatik.

Poesia liburu batekin jaso du saria Leire Vargas idazleak (Durango, Bizkaia, 2002): Dena ametsa den irudipena izenekoarekin. Aldizkarietan argitaratutako ale solte batzuk kenduta, aurrez ez du publikazio propiorik kaleratu, baina itzulpengintza ikaslea da, eta sarean daude irakurgai hark itzulitako Sally Rooney idazlearen Soldata jauna eta Raymond Carver idazlearen Bizikletak, giharrak, zigarretak narrazioak. Bertsolari ere aritzen da. 15.000 euro eta garaikurra jasoko ditu berak.

Epaimahaiak eta parte hartzea

Bost kidek osatu dute eleberriak saritzeko epaimahaia: Felipe Juaristik, Jon Martin Etxebestek, Jon Kortazarrek, Arantxa Urretabizkaiak eta Joxe Mari Iturraldek. Guztira, 25 proposamen jaso dituzte sariketarako, eta haien artean hautatu dute Agirrerena. Poesia bilduma hautatzeko epaimahaiak, berriz, 36 lan aztertu ditu, eta haien artean Vargasena izan da onena. Iñaki Aldekoak, Lourdes Otaegik eta Itxaro Bordak hartu dute erabakia, kasu honetan.

Inoizko parte hartzerik handiena izan dute Irun Hiria Kutxa Literatura sariek, antolatzaileek jakinarazi dutenez. 44. aldia izan dute aurtengoa, eta, guztira, euskarazko 61 lan jaso dituzte, eta 1.614 lan, berriz, gaztelerazko modalitateetan. Edonola ere, nagusiki, gaztelerazko modalitatean eman da antolatzaileek nabarmendu duten igoera, duela bi urte azken sariketa egin zutenean baino 1.103 lan gehiago jaso baitituzte aurten. Euskarazko modalitatean, ordea, 56 lan jaso zituzten 2019an, eta bost gehiago aurten.

Omenaldia, Antonio Colinas idazleari

Sarituen izenen berri emateko ekitaldian, bestetik, Antonio Colinas idazlea ere omendu dute. Sariketaren lehen edizioan jaso zuen Irun Hiria saria, ‘Truenos y flautas en un templo’ poesia lanari esker, eta geroztik, 50 urtez, aldiro izan da sariketako epaimahaikide.

Gaztelerazko modalitateak ere bi sari izan ditu. David Franco Montiel idazlearen Historia provincial de la infamia eleberriak jaso du bata, eta Pablo Luqueren ‘Greenwich’ poema bildumak bestea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.