Gaztetxeak defendatzera dei egin dute Arrotxapean

Jendetza bildu da Iruñeko Arrotxapea auzoan, irailaren 2an hustu zuten gaztetxearen alde. Antolatzeko lekuen premia aldarrikatu dute.

Manifestariak, gaztetxea zenaren aurretik pasatzen. IñIGO URIZ / FOKU
Ane Eslava.
2021eko irailaren 11
21:07
Entzun

Beren kabuz antolatzen eta jarduten duten mugimenduek horretarako espazio fisikoak ezinbestekoak dituztela aldarrikatu dute gaur arratsaldean Iruñeko Arrotxapea auzoan egindako manifestazioan. Bederatzi egun dira Poliziak auzo horretako gaztetxea hustu zuela, eta jendetza bildu da gune autogestionatuen defentsan. Antolatzerik ez espaziorik gabe lelopean egin dute martxa. Auzoa poliziaz josia zen, baina ez da istilurik egon.

Manifestazioak Arrotxapeko hainbat kale zeharkatu ditu, eta hustu eta hesitu berri duten gaztetxearen eraikinaren aurretik ere igaro da. Han bi lagunek pankarta bat zabaldu dute, eta txalo ugari jaso dituzte. Martxaren amaieran Mila esker eta Borrokak darrai mezuak zeramatzan pankarta bat jarri dute, eta gaztetxeko batzarreko bi kidek komunikatu bat irakurri dute. Bertsolariak eta musikariak ere izan dira amaierako ekitaldian.

Gaztetxeen eta antzeko espazioen aurkako erasoak zenbait mugimendu «antolakuntzarako baliabiderik gabe» uzten ari direla salatu dute gaztetxeko batzarreko kideek; «espekulatzaileen gaitasunen aurrean ahul» daudela. Horiek «estatua, legea eta polizia» haien alde dutela salatu dute; dirua dutela «armatzat», eta «masa komunikabideak haien alde» dituztela. Horren aurrean, «indarrak metatzearen» garrantzia nabarmendu dute: «Gu txikiak gara, baina handiak potentzian».

Horrekin lotuta, elkartasuna adierazi diote husteko arriskuan den Gasteizko zentro sozialistari, eta Hazparnen (Lapurdi) sortu duten Ttattola gaztetxeari, berriz, aurrera egiteko «animorik handienak». Oro har, halako guneak defendatzeko deia egin dute: «Antolakuntzarako aukeren murrizketaren aurrean, ezinbestekoa da espazio hauen aldeko borrokan aurrerapausoak ematea». Erraki sareari eskerrak eman dizkiote, halako guneen alde egiten ari den lanagatik.

Husteko prozesua

Iruñeko Lehen Instantziako 4. epaitegiak Arrotxapeko gaztetxea hartzen zuen eraikina husteko agindua eman zuen abuztuko lehen egunetan, eta, luzamendutan ibili gabe, irailaren 2an burutu zuen prozesua Espainiako Poliziak, Foruzaingoaren eta Udaltzaingoaren laguntzarekin. Espazioa hustu zuten, eta protesta egiten ari zirenen aurka oldartu ziren. Sei atxilotu, dozenaka zauritu, eta hainbat identifikatu izan ziren operazioan. Atxilotutakoak aske utzi zituzten hurrengo egunean, kautelazko neurririk gabe. Kausa judiziala irekia dute, ordea: Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakinarazi zuenez, desordena publikoak eta lesioak eragitea, eta poliziei eraso egitea leporatuta ikertuko dituzte.

Gaztetxeko kideek emandako informazioaren arabera, aurretik, La Caixak, Iruñeko Udalak eta Juslaberri enpresak gaztetxearen aurkako salaketa jarri zuten, eta epaiketa hiru aldiz atzeratu ondoren, urtarrilean egin zuten. Salatu zutenez, «40.000 eurorainoko kostu judizialak» erreklamatzen zizkien akusazioak. Azkenean, akordio bat lortu zuten, kopuru hori murrizteko.

Iruñeko Udalak oharra bidali zuen hustearen hurrengo egunean, eta adierazi zuen eraikina hustu eta eraitsi ostean, udalak «eremuaren urbanizazioa burutu» ahalko duela. Zehazki, etxebizitzak eraiki nahi dituzte, gaztetxearen eraikinean eta aldamenekoetan. Abandonatutako lantegi eta tailerrak dira gehienak, eta udala bera da horietako baten jabea.

Oharrean, baina, udalak aitortzen zuen hirigintza plan hori 2007an onartu zutela, duela hamalau urte. Azken hamarkadetan hutsik egon dira eraikin horiek, 2016ko irailean gazteak sartu ziren arte. Alegia, udalak hamarkada oso batez geldirik egondako plana berreskuratzeko asmoa du. «Jabedunek espazioa objektu soil bilakatu nahi dute kapitala metatzen jarraitzeko helburuarekin», salatu dute gaur gaztetxeko kideek.

Irailaren 3an —hustearen hurrengo egunean— bost urte bete ziren Arrotxapeko gaztetxeak ateak ireki zituenetik, «antolakuntzarako espazioen beharra agerikoa» zen une batean, gaztetxeko kideen esanetan. «Ordutik, auzoko gazte eta ez hain gazteen espazioa izateaz gain, Iruñerriko antolakunde eta eragile ugarirentzako ezinbesteko azpiegitura izan da». Hori dela eta, elkartasuna antolatzearen garrantzia nabarmendu dute. «Hamaika aldiz erori» arren, «hamabi aldiz altxatzeko» asmoa agertu zuten, «antolakuntzaren defentsan, auzoarentzako espazio baten alde».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.