Ehunka pertsona elkartu dira Donostian 13/13 auziko epaiketaren aurka

Julen Zelarainek esan du epaiketa horren eragina auzipetuengandik haratago doala.

Manifestazioa, Bulebarretik atera denean. JON URBE, FOKU
2021eko irailaren 12a
15:05
Entzun

Gaur eguerdian Donostian manifestatzera atera dira ehunka pertsona 13/13 auziko epaiketa dela eta. Bulebarrean hasi eta Gipuzkoako hiriburuaren erdigunea zeharkatu dute manifestariek, hasierako lekura itzuli arte. Parte hartu dutenen artean zeuden Juan Karlos Izagirre, Reyes Karrere, Markel Ormazabal eta Tasio Erkizia. Manifestazioan euskal presoen aldeko oihuak izan dira.

Amaiera ekitaldian Julen Zelarainek auzipetuen izenean kezka agertu du, eta adierazi auzi horren eragina auzipetuengandik harago doala. Esan du Aieteko konferentziatik hamar urtera, "estatuaren salbuespen neurri gehienak" indarrean daudela, eta Espainiako Auzitegi Nazionala beste edozein erakunderen gainetik dagoela. Eta zalantza bat agertu du: "Herri honetan proiektu politiko guztiak egingarriak izan daitezen agertoki demokratiko bat eraikitzeko gai ote garen". Horregatik herritarrei eskatu die iraganeko agertokiak errepikatu ez daitezen inplikatzeko eta mobilizatzeko.

"Estatuaren estolderia guztia ageri-agerian gelditu da auzi honetan. Hori ez omen da lehen mailako arazo politikoa gure herrian. Ez da aski CNIren esku hartze ilegalak frogatu diren honetan? Ez da aski operazio bezperetan abokatuen bulegoetan gauez sartu zirela egiaztatu denean? Ez da aski operazioaren abiapuntu gisa hartutako hitzordua ez zela gertatu garbi gelditu denean? Ez da aski operazioaren burua Kepa Urra torturatzeagatik zigortu zutela dakigunean?".

Juan Mari Jauregi izan dute gogoan ekitaldiaren hasieran, duela gutxi hil den sumario horretako beste auzipetu bat. Zelarainek esan du Jauregiren gaixotasunean zerikusia izan zuela 2010eko atxiloketak eta salatutako torturek. Zelarainek esan du 13/13 auziko tortura salaketek "lehen mailako erantzun politiko eta instituzionala" merezi dutela, "beste edozein giza eskubide urraketarekin gertatzen den bezalaxe". "Ez dago isiltasunerako lekurik, baina auzi honetan berriz ere testigantza beldurgarrien aurrean alderdi eta erakundeak
isilik gelditu dira, Joxe Arregiren heriotzatik 40 urte pasa diren honetan, Unai Romanoren argazki adierazgarria kaleratu zenetik 20 urte pasa diren honetan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.