Cadiz 0-2 Reala

Oiarzabalek garaipena eman dio Realari, bi gol sartuta

Txuri-urdinek azken hiru partidak irabazi dituzte, eta sailkapenean goiko postuetan dira, bederatzi punturekin.

Oiarzabal, penalti jaurtiketan. ROMAN RIOS, EFE
jon ordonez garmendia
2021eko irailaren 12a
21:11
Entzun

Realak 0-2 irabazi dio Cadizi, Espainiako Ligako laugarren jardunaldiko partidan. Mikel Oiarzabalek sartu ditu bi golak, bigarrena penaltiz, eta hiru puntu horiekin sailkapenaren goiko postuetara igo da Reala, bederatzi punturekin. Azken hiru partida irabazi dituzte txuri-urdinek jarraian, eta datorren astean Sevillaren aurka jokatuko du, igandean 16:15ean.

Imanol Alguacilen jokalariak hasieratik atera dira golaren bila. Nagusi izan dira baloiarekin, eta jokaldi bertikalak egin dituzte txuri-urdinek. Le Normandek Oiarzabali egindako pase luze batean izan dute lehen gol aukera, baina Ledesma Cadizeko atezaina azti ibili da, eta jaurtiketa geratu du.

Zelai erdian baloian batetik bestera mugitu dute donostiarrek, baina lehen zatian gol aukerarik garbiena Cadizek izan du, 24. minutuan: Espinok baloia jaurti du, eta Aihenek langara bota du urruntzen saiatu denean.

Atsedenaldiaren ostean, Realak berriro hartu du partidaren lema, eta pixkanaka geroz eta gehiago estutu du Cadiz. Isak gola sartzeko zorian izan da 63. minutuan; orduko horretan ere Ledesma bizkor ibili da, eta aurreratu egin zaio Isaki. 68. minutuan ozta-ozta gelditu du Cadizeko atezainak Oiarzabalen beste jokaldi bat, Isak bigarren zutoinean jaurtitzeko prest zenean.

Azkenean, baina, 71. minutuan iritsi da lehen gola. Gol ederra, zinez. Aritz Elustondok luze pasatu dio baloia Oiarzabali, eta eibartarrak buruarekin bikain sartu du sarean.

Golaren ostean, Alguacilek aldaketak egin ditu eta Sorloth eta Januzaj zelairatu ditu Isak eta Porturen ordez. Udako azken fitxaketa izan da, hain zuzen, bigarren goleko protagonistetako bat. 83. minutuan baloiarekin Ledesmaren aterantz zihoan Cala Cadizeko atzelariak area barruan bota duenean. Epaileak Cala kanporatu du bigarren txartel horia zuelako eta penaltia adierazi du. Oiarzabalek sartu du penalti jaurtiketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.