Katalunia

Aragonesek elkarrizketa mahaitik kanpo utzi du JxC

Presidenteak ez ditu onartu JxCk mahaikide izateko proposatutako kideak, batzorde exekutiboan, horietatik hiru gobernutik kanpo daudelako. Ordezkaritzari eutsi dio JxCk, eta esan du ez duela ERCrekin egindako akordioa urratzen.

Pere Aragones Kataluniako presidentea eta Jordi Puignero presidenteordea Generalitateko batzorde exekutiboaren bileran. QUIQUE GARCIA / EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Julen Aperribai
2021eko irailaren 14a
09:02
Entzun

Azken orduan eta Espainiako telebista publikoari eskainitako elkarrizketa batean berretsi du Pedro Sanchez gobernuburuak Kataluniako elkarrizketa mahaian parte hartzeko asmoa. Bada, krisia lehertu da mahaiaren bestaldean, eta Pere Aragonesek bilera horretatik kanpo utzi ditu JxC Junts per Catalunyako kideak. Horrenbestez, Aragones bera, Laura Vilagra Presidentetza kontseilaria eta Roger Torrent Enpresa kontseilaria izango dira Generalitatearen ordezkariak.

JxCk mahaikide izateko egindako aukeraketak eraman du Aragones gobernukideak kanpo uztera. Jordi Puignero presidenteordeaz gain, Jordi Sanchez JxCko idazkari nagusia, Jordi Turull JxCko presidenteordea eta Miriam Nogueras JxCren Espainiako Kongresuko bozeramailea dira alderdi horrek presidenteari proposatutakoak, eta hark momentuan baztertu ditu, azken hirurak gobernutik kanpo dauden kideak direlako. Batzorde exekutiboan eman dio erabaki horren berri Aragonesek JxCi, eta alderdi horretako kideek bilera geratzea eskatu dute, presidentetzako iturriek Nacio Digital atariari jakinarazi diotenez. Etenda egon da denbora batez bilera, eta JxCko kideak elkarrekin bilduta egon dira. Ondoren, berriz ekin diote, baina desadostasunak ez dira desagertu.

Ordu gutxira azaldu da Aragones prentsa aurrera, erabakia arrazoitzera eta mahaian parte hartuko dutenen izenak iragartzera. Negoziazio mahaian «gobernuaren ordezkariek» egon behar dutela defendatu du, hori baita «herrialdea bere osotasunean ordezkatzeko» modua, haren esanetan: «Kataluniaren aldean herrialdeko instituzioek egon behar dute, ez alderdiek, zeinak parte hartzekobeste hainbat espazio baitituzte».

Aurrez gobernukideekin kontsultarik egin gabe JxCk bere hautagaiak aurkeztu izanak ere haserratu du ERC, baita aukeraketaren berri negoziazio mahaia bildu baino 24 ordu lehenago egin izanak ere. Presidentetzako iturriek gogoratu dute Generalitateak mahaira eramango dituen kideen izenak batzorde exekutiboan adostu behar direla.

Presidenteak defendatu du JxCrekin egindako akordioan jasota zegoela soilik gobernuko kideek parte hartuko zutela mahaian. Halaber, JxCren proposamenaren berri izan zuen modua ere kritikatu du: «Ez da onargarria, presidentea naizenez gero, halako proposamen bat hedabideen bidez ezagutzea. Uste dut zintzotasunez aritu behar dugula». Nabarmendu du inork ez daukala «betorik» elkarrizketa mahaian parte hartzeko, betiere, gobernuko kide baldin bada, eta printzipio hori onartzen duten gobernuko kideak aurrerago mahaikide gisa onartzeko prest agertu da: «Atea ireita egon da, irekita dago, eta aurrerantzeran ere irekita jarraituko du».

Adostu zutenaren inguruan ere ez daude ados ERC eta JxC, ordea. Sanchezek ukatu egin du gobernu akordioak jasotzen zueniok mahaiko partaideak kontseilariak izan behar zirela. Akordioaren zati bat erakutsi du Twitterren, bere alderdiaren posizioa arrazoitzeko: «Ordezkaritza kontsentsu bidez aukeratuko da, eta gobernuak izendatuko du, proiektu independentistaren pluraltasuna ordezkatzeko borondatez. Gizartearen %80k babesten dituen autodeterminazioaren eta amnistiaren aldeko kontsentsuak ordezkatu eta defendatzeko borondatea izango du».

Aragonesen arabera, bi akordio egin zituzten gobernukideek. Lehenengoak egun presidente denaren inbestidura ahalbidetu zuen, eta horrek ez zien mugatzen elkarrizketa mahaian parte hartzeko aukera gobernutik kanpoko kideei. Bai, aldiz, uztailan egindako «ahozko akordio» batek.

Sanchezek, Aragonesen erabakia baloratzeko geroago egindako agerraldi batean, ukatu egin du bigarren akordio hori izan zenik, eta gogoratu du ERCk pasa den maiatzean esan zuela Oriol Junqueras presidenteorde ohiak mahai horretan izatea nahi zuela. Goizean aurkeztutako ordezkarizari eutsiko diotela ziurtatu du, eta gobernutik haragoko kideak mahaian parte hartzearen alde agertu da: «Ez gaude gobernuen arteko gatazka baten aurrean, herrialdeen artekoan baizik».

Aragonesen erabakia Madrilek baldintzatu duela esan dute JxCko iturriek, eta hala iradoki du Sanchezek ere. «Eztabaidari ekiteko Espainiako aldearen borondate eta baldintza falta» agerian uzten duela azpimarratu du. «Moncloak eta Pedro Sanchezen gobernuak Kataluniako ordezkaritzaren zati bati betoa jarri diote, ez daudelako prest amnistiaren eta autodeterminzaioaren gaiari heltzeko», gaineratu du.

Madrilen «babesa»

Mahaia osatuko duten kideen inguruko baloraziorik egingo ez duela esan du Isabel Rodriguez Espainiako Lurralde Politikarako ministroak, baina «gobernuen arteko mahai bat» dela nabarmendu du, eta, beraz, Kataluniako aldearen ordezkaritzan Generalitatetik kanpoko kideak izatea ez lukeelaonartuko Madrilek. Horregatik, «babesa» agertu dio Aragonesen erabakiari.

Espainiako Gobernuko presidentearekin Bartzelonara joango direnen izenak ere iragarri ditu Madrilek; Presidentetza ministro Felix Bolaños, Kultura eta Kirol gaietarako ministro Miquel Iceta, Garraio ministro Raquel Sanchez, Lurralde Politikarako ministro Isabel Rodriguez, Yolanda Diaz presidenteorde eta Lan ministroa, eta Unibertsitate ministro Manuel Castells.

Sanchezek erreferendumean ez zentratzeko eskatu zien herenegun independentistei, hori haren aldearentzat «onartezina» delako eta eztabaida horretan trabatzeak «frustrazioa» eragin besterik ez lukeelako egingo. Inolako galdeketarik ez duela onartuko argi utzi zuen Sanchezek, behin gobernuen artean adostasunera heldu eta gero baitagokie herritarrei horren inguruan bozkatzea, azaldu zuenez.

Ustezko CDRak, «terrorismo akusaziopean»

Espainiako Auzitegi Nazionaleko« epaile Manuel Garcia Castellonek, bestalde, prozesatu egin ditu CDR errepublikaren defentsarako batzordeetako kidetzat dituen hamahiru lagun, «erakunde terroristako kide» izatea egotzita. 2019ko irailean atxilotu zituzten hamahiru kideak, Guardia Zibilak Judas operazioa izena eman zion sarekadan.

Epaileak auzipetze autoan jaso duenez, CDRen barneko ERT Erantzun Taktikoko Taldeko kide ziren atxilotuak. Hainbat CDRetako kideez osatutako talde bat zen hori, haren arabera, eta «erradikaltasun handikoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.