Albistea entzun

Lan gatazka

ITP Aeroko langileak: «Jaurlaritzak aurretik izan behar zuen gure kaleratzeen berri»

Rolls Royceri egotzi dio, batetik, pandemia erabili nahi izatea turbina konpainia saltzeko, eta, bestetik, salmentaren «ondorio latzak» langileen gain uzten saiatzea

ITP Aero PCBko langileek eginiko protesta ekintza.
ITP Aero PCBko langileek eginiko protesta ekintza. Monika Del Valle / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2021eko irailak 14

ITP Aero PCBko langileek kritika zorrotzak egin dizkiete enpresako zuzendaritzari eta Eusko Jaurlaritzari. Rolls Royce euskal jatorriko hegazkin turbina enpresa saltzeko asmotan dabil, eta Barakaldoko eta Sestaoko (Bizkaia) plantetako langileek egotzi diote mugimenduen inguruko ezer ez jakinaraztea. Are gehiago, salmenta modu hobean egiteko, pandemia baliatzeko asmo «makabroa» egotzi diote, «ondorio larriak langileen bizkar ezarriz». Ildo horretan, Jaurlaritzaren jarrera ere salatu dute; diotenez, urtebete darama salmentaren «zirkuan» parte hartzen, eta, ondorioz, ITP Aero iazko azaroan egiten saiatu zen lan erregulazioaren berri izan behar zuen. Ondoren EAEko Auzitegiak kaleratze horiek indargabetu egin zituen.

ITP-PCBko langile batzordea auzitegietara itzuliko da ostegunean, enpresak iragan apirilean alde bakarretik erabakitako aldi baterako lan erregulazio espedientea epaituko baita. Bi aldeen artean ez zen akordiorik egon, eta sindikatuek helegitea jarri zioten. Urteko 40 eguneko lan murrizketa da, eta, langileen ustez, ez dago horretarako arrazoirik. Mobilizaziora deitu dute ostegun goizerako, eta horien berri emateko agerraldian enpresaren egoera errepasatu dute. Alde horretatik, gogoratu dute ITP Aerok kaleratzeko asmoa zituen 87 langileak maiatzaz geroztik ari direla soldata kobratzen, eta oraindik ez dietela lantegian sartzen utzi. Enpresak helegitea jarri zion indargabetze ebazpenari, eta Auzitegi Gorenaren erabakiaren zain daude, ondo bidean, udaberri aldera iritsiko dena.

Epaiketa ostegunean izango da, baina egun, enpresaren balizko salmenta da hizpide ITPren inguruan. Albiste agentziek zabaldu dutenez, negoziazioko hiru aldeek, hau da, Rolls Royce egungo jabe eta saltzaileak, Bain Capital erosketa diruz babestuko lukeen inbertsio funtsa eta gobernuek —Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua— hilaren 27ra arteko muga ezarri diete euren buruari operazioa amaitzeko. Baina industria arloa garatuko lukeen bazkide teknologiko baten bila dabil, eta erakunde publikoen bazkide hori Euskal Herrian erroturiko enpresa bat izatea nahi dute. Jaurlaritza bera operazioan parte hartzeko prest agertu da.

Jaurlaritzaren balizko borondate hori da, hain zuzen, langileen susmoa piztu duena: «Urtebete badarama operazioa zaintzen, bertan parte hartu edo dirua inbertitzeko asmotan; uste dugu taldeak egin nahi zituen kaleratze kolektiboen berri izango zuela. Izan ere, arduragabekeria handia litzateke horrelako operazio batean inbertitzea enpresaren egoera asko ezagutu gabe». Langileen salaketa, dena den, urrunago doa. Izan ere, haien ustez, horrela bakarrik «uler daiteke» Jaurlaritzak enpresako zuzendaritzari ez eskatu izana auzitegien ebazpena osotasunean betetzeko.

Rolls Royceri ere dei egin diote. «Asmo makabroa du: larrialdi sanitarioa erabili nahi du ITP saltzeko, eta langileok pairatuko ditugu ondorio larrienak». Bain Capitalek 1.600 milioi euroko eskaintza egin du, eta langileek salatu dute haiek ez dutela jaso inolako informaziorik. Era berean, gogoratu dute denborak arrazoia eman diola batzordeari kaleratzeen aurka emaniko argudioetan: «Krisia behin-behinekoa dela ikusi da. Txertaketaren eboluzioaren eskutik, sektorea berrindartzen ari da». ITP Aerok 8,2 milioi euroren irabaziak izan ditu aurtengo lehen seihilabetekoan. Iaz, epe berean, ez zuen irabazirik izan, baina ezta galerarik ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Egoin taldearen fabrika bat. Zurezko moduluak ekoizten dituzte hartan. ©BERRIA

Egoin Taldeak beste lantegi bat irekiko du, Europako erreferente nagusi izateko

X. M.

Legution jarriko dute lantegia; hari esker, zurezko kontraxaflen ekoizpena handituko dute. 25 milioiko inbertsioa egin du, eta 2023an abiaraziko dute
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia. ©Aritz Loiola / FOKU

ELA: «Pentsioen inguruko isiltasunak beldurra ematen du»

Imanol Magro Eizmendi

Sindikatuak dei egin dei EAJri, EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi pentsioen erreforma oztopatzeko: «Haiek gabe ezin da onartu».

Bilboko Portuan jarduera handiagoa dago aurten iaz baino. ©LUIS JAUTEGIALTZO / FOKU

Esportazioak asko igo diren arren, ez dira pandemia aurreko mailara iritsi oraindik

Xabier Martin

Hego Euskal Herriko kanpo salmentak %20,6 igo dira uztailean, urte arteko tasan, eta 2.944 milioi eurora iritsi dira. Urteko kopuru metatua oraindik mila milioi euro apalagoa da 2019arekin alderatuz

Egoinek Hondarribin eraikitako egurrezko etxe baten lanak. ©EGOIN

Egoin enpresak fabrika bat zabalduko du Legution, 25 milioiko inbertsioarekin

Xabier Martin

Legution bertan beste planta bat du eta Ean beste bat, eta, orain, Icoa zena erosi du, Europako erreferentzia nagusi bat izateko egur kontraxaflatuan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.