ITP Aero PCBko langileek kritika zorrotzak egin dizkiete enpresako zuzendaritzari eta Eusko Jaurlaritzari. Rolls Royce euskal jatorriko hegazkin turbina enpresa saltzeko asmotan dabil, eta Barakaldoko eta Sestaoko (Bizkaia) plantetako langileek egotzi diote mugimenduen inguruko ezer ez jakinaraztea. Are gehiago, salmenta modu hobean egiteko, pandemia baliatzeko asmo «makabroa» egotzi diote, «ondorio larriak langileen bizkar ezarriz». Ildo horretan, Jaurlaritzaren jarrera ere salatu dute; diotenez, urtebete darama salmentaren «zirkuan» parte hartzen, eta, ondorioz, ITP Aero iazko azaroan egiten saiatu zen lan erregulazioaren berri izan behar zuen. Ondoren EAEko Auzitegiak kaleratze horiek indargabetu egin zituen.
ITP-PCBko langile batzordea auzitegietara itzuliko da ostegunean, enpresak iragan apirilean alde bakarretik erabakitako aldi baterako lan erregulazio espedientea epaituko baita. Bi aldeen artean ez zen akordiorik egon, eta sindikatuek helegitea jarri zioten. Urteko 40 eguneko lan murrizketa da, eta, langileen ustez, ez dago horretarako arrazoirik. Mobilizaziora deitu dute ostegun goizerako, eta horien berri emateko agerraldian enpresaren egoera errepasatu dute. Alde horretatik, gogoratu dute ITP Aerok kaleratzeko asmoa zituen 87 langileak maiatzaz geroztik ari direla soldata kobratzen, eta oraindik ez dietela lantegian sartzen utzi. Enpresak helegitea jarri zion indargabetze ebazpenari, eta Auzitegi Gorenaren erabakiaren zain daude, ondo bidean, udaberri aldera iritsiko dena.
Epaiketa ostegunean izango da, baina egun, enpresaren balizko salmenta da hizpide ITPren inguruan. Albiste agentziek zabaldu dutenez, negoziazioko hiru aldeek, hau da, Rolls Royce egungo jabe eta saltzaileak, Bain Capital erosketa diruz babestuko lukeen inbertsio funtsa eta gobernuek —Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua— hilaren 27ra arteko muga ezarri diete euren buruari operazioa amaitzeko. Baina industria arloa garatuko lukeen bazkide teknologiko baten bila dabil, eta erakunde publikoen bazkide hori Euskal Herrian erroturiko enpresa bat izatea nahi dute. Jaurlaritza bera operazioan parte hartzeko prest agertu da.
Jaurlaritzaren balizko borondate hori da, hain zuzen, langileen susmoa piztu duena: «Urtebete badarama operazioa zaintzen, bertan parte hartu edo dirua inbertitzeko asmotan; uste dugu taldeak egin nahi zituen kaleratze kolektiboen berri izango zuela. Izan ere, arduragabekeria handia litzateke horrelako operazio batean inbertitzea enpresaren egoera asko ezagutu gabe». Langileen salaketa, dena den, urrunago doa. Izan ere, haien ustez, horrela bakarrik «uler daiteke» Jaurlaritzak enpresako zuzendaritzari ez eskatu izana auzitegien ebazpena osotasunean betetzeko.
Rolls Royceri ere dei egin diote. «Asmo makabroa du: larrialdi sanitarioa erabili nahi du ITP saltzeko, eta langileok pairatuko ditugu ondorio larrienak». Bain Capitalek 1.600 milioi euroko eskaintza egin du, eta langileek salatu dute haiek ez dutela jaso inolako informaziorik. Era berean, gogoratu dute denborak arrazoia eman diola batzordeari kaleratzeen aurka emaniko argudioetan: «Krisia behin-behinekoa dela ikusi da. Txertaketaren eboluzioaren eskutik, sektorea berrindartzen ari da». ITP Aerok 8,2 milioi euroren irabaziak izan ditu aurtengo lehen seihilabetekoan. Iaz, epe berean, ez zuen irabazirik izan, baina ezta galerarik ere.