Makroproiektuen aurkako manifestaziora deitu du Araba Bizirik plataformak urriaren 23rako

Gasteizko Bilbo plazan hasiko da protesta, 18:30ean. Araba jasaten ari den «etengabeko erasoak» salatu ditu plataformak.

Araba Bizirik plataforma gaur egin duen agerraldian. ARABA BIZIRIK
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko irailaren 14a
17:05
Entzun

Araba Bizirik plataformak agerraldia egin du gaur Elorriagan (Araba), Arabako Kontzejuen Elkartearen egoitzaren aurrean, eta, lurraldea jasaten ari den «etengabeko erasoak» salatzeaz gain, urriaren 23an antolatu duen manifestazioaren berri eman du. Makroproiektu industrialen aurka egingo du protesta Gasteizko Bilbo plazan, 18:30ean hasita.

AHT-rik ez, Arabako Mendiak Aske, Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimendua eta Proiektu Honi Ez! mugimenduek osatzen dute Araba Bizirik plataforma. Agerraldian azaldu duenez, eraikitzen ari diren azpiegitura handiek «arrisku larrian» jartzen dute biodibertsitatea, paisaia eta nekazaritza eta abeltzaintza; modu «itzulezinean» alda daitezkeelako. Megaproiektuen aurka azaldu diren kontzejuei ere «laguntza eta elkartasuna» adierazi dizkie plataformak, eta adierazi du proiektuek eragiten duten «abusu eta mehatxuaren aurka» egiten dutenei «laguntzeko prest» dagoela.

Era berean, salatu du proiektu horiek ez dituztela errespetatzen, batetik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 2019an onartutako Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen «printzipio gidariak», eta, bestetik, baliabideen «jasangarritasun eta ekonomia irizpideak». Horregatik, Administrazio Publikoari eskatu dio Arabako ingurune naturala eta laborantza lurra «pobretzen ez dituzten alternatiben alde» egiteko, baita azpiegitura edo energia berriztagarrien proiektuen garapenerako «benetako itun sozial bat ezartzea» ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.