Lan merkatua

Aldi baterako erregulazioa luzatzeko negoziazioa hasi da

Hilaren 30ean da bukatzekoa oraingo eredua. Espainiako Gobernuak langileak lanera itzultzea saritu nahi du, baina gizarte eragileek ez dute aldaketarik nahi hobarietan.

Ostalaritza izan da ABEEak gehien baliatu dituen sektoreetako bat. GORKA RUBIO / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko irailaren 16a
12:14
Entzun

Hiru hilabetero errepikatzen ari den negoziazioa berriro hasi da Espainiako Lan Ministerioan. Gobernuko, CEOE eta Cepyme patronaletako, eta CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariak gaur eguerdian dute lehen bilera enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearen baldintzak negoziatzeko, hilaren 30ean iraungiko baitira orain indarrean dauden baldintzak.

Ez da inolako zalantzarik aldi baterako erregulazioaren behin-behineko araudia luzatuko dela, baina ohiko tirabira espero da: batetik, Espainiako Gobernuak, ematen dituen laguntzak pixka bat arindu nahian, langileak enplegura itzultzera bultzatuko ditu; bestetik, gizarte eragileek, bakoitza bere ñabardurekin, oraingo baldintza onak ahal bezainbat luzatu nahiko dituzte.

Hiru dira eztabaida gehien sor dezaketen gaiak. Lehenik, Gizarte Segurantzaren hobariak daude. Gaur egun, enpresek aldi baterako erregulazioan geratzen diren langileen kotizazioen %100 arte aurrez ditzakete (%90, 50 langiletik gorakoak badira), baina laguntza hori jaitsi egiten da beren sektoreak babes txikiagoa badu. Nadia Calviño Ekonomia ministroak ohartarazi die gizarte eragileei laguntza horiek jaitsi nahi dituela, eta langileak lanera itzularazten dituzten enpresak saritu nahi dituztela. Sindikatuek eta patronalek, ordea, aldarrikatuko dute larri dabiltzan sektoreetako enpresek dute babesa gehiagoren beharra.

Bigarrenik, ikusteko dago zertan geratuko den zero kontagailuaren afera: hau da, ABEE batean daudenek langabezia saria gastatuko duten ala ez. Ez dute halakorik egin azken urte eta erdian.

Azken auzia patronalaren betiko eskaera da: bertan behera uztea ABEE bat baliatu duten enpresek langileak kaleratzeko debekua. Sindikatuak eskaera horren aurka daude, eta Espainiako Gobernuak ez du orain arte aintzat hartu.

Gauzak ez aldatzeko deia egin du Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak. «Logikoena, sinpleena, aurreko baldintzekin berritzea da», ziurtatu du, aldaketa handiak egin nahi izateak «negoziazioa zaildu dezakeelako». Bada, ordea, «ukituko» lukeen puntu bat: iruzurra eragin dezaketen egoerak antzematea eta zigortzea. «Erregulazioan dauden langileetako batzuk lanean dituzte haien enpresak. Uste dugu langile batzuk lanean ari direla, edo ordu gutxiagoengatik kotizatzen eta lanaldiak luzatzen».

Ia 12.500 langile

Aldi baterako lan erregulazioan dauden langileen kopuruak goia jo zuen 2020ko udaberrian, Hego Euskal Herrian lau ia soldatapekotik bat egon zelako egoera horretan, 250.000 langile. Orduz gero, asko apaldu da haien kopurua, nahiz eta gorakadak izan diren, pandemiak gogorren jo eta jarduera murrizteko neurriak zorroztu zirelako. Baina txertaketak aurrera egin ahala, joera beheranzkoa izan da: ekainean 22.000 ziren, uztailean 16.600 eta abuztuaren amaieran 12.490 langile zeuden ABEE batean. Horietatik 7.720 zeuden batere lanik gabe, eta beste 4.770k ordu edo egun batzuetako erregulazioarekin.

Horiei batu behar zaizkie jarduera eten behar izan duten autonomoak. Abuztuan, 6.770 lagun ari ziren autonomoentzat sortutako langabezia sari berezia eskuratzen.

Sistema osoan, berriz, 272.190 langile daude ABEE batean. Horietatik 65.000 dira ostalaritzako langileak, 39.100 hoteletakoak eta antzekoetakoak, 24.700 denda txikietakoak , 15.200 handizkako merkataritzakoak, 13.500 bidaia agentzietakoak, eta 11.800 aisialdi eta kirol jardueretakoak. Portzentualki, berriz, bidaia agentziak dira kaltetuenak, langileen %35 dituztelako erregulazioan. Atzetik doaz aireko garraioa (%15,5), apustu etxeetakoak (%13) eta hoteletakoak (%11,6).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.