MEMORIA

Sortuk ekitaldi irekia antolatu du irailaren 27aren bueltarako

Juan Paredes Manot 'Txiki' eta Angel Otaegi etakideen fusilamenduaren urteurrenean «haien ispilu diren guztiak» izanen dituzte «gogoan». Irailaren 25ean ekitaldia eginen dute Oiartzunen, eta 27an manifestazioak herrietan.

Haimar Altuna Sortuko kidea, gaur, Donostian egindako agerraldian. MAIALEN ANDRES / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko irailaren 16a
12:44
Entzun

46 urte beteko dira aurten Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi etakideak fusilatuta hil zituztela, eta, «urtero bezala», oroitu eginen dituztela adierazi du Sortuk. Ezker abertzaleko alderdiak nabarmendu du, «beste hainbat burkidek bezalaxe, Juanek eta Anjelek beren bizitzarekin ordaindu» zutela «Euskal Herria askatzeko eginiko ahalegina». Haimar Altuna Sortuko kideak gaur Donostian egin duen agerraldian zehaztu duenez, «pauso garrantzitsu bat emateko apustua» egin du Sortuk aurten, «egun seinalatu hau gogora ekartzeko» ekitaldi irekia antolatu baitute. Irailaren 25ean izanen da ekitaldi hori, Oiartzungo kiroldegian, 17:30ean.

Euskal Herria bihotzean, independentzia! jarri diote leloa ekitaldiari, «gure herriarekiko maitasunak ezinbesteko sugarra izaten segitzen duelako askapen borrokan aurrera egiteko, eta independentzia, noski, Euskal Herriaren etorkizuna, ezinbestean, hortik pasatzen delako, eta horrek jarraitzen duelako izaten gure eskaintza euskal jendarteari». Lelo beraren pean eginen dituzte manifestazioak irailaren 27an Euskal Herriko hainbat herritan.

Altunak adierazi du «kezka handiz» bizi dutela «interes politiko zehatzen barruan memoria eta kontakizunaren alorrean ezarri» nahi dieten «ikuspegi manipulatu eta desitxuratua». Horren barruan kokatu dute Gasteizen eraiki duten Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa: «[Meliton] Manzanas torturatzaile faxistari gorazarre egiten dioten bitartean, herri honen alde jardun duten hainbat biktima bazterrean uzten dituzte».

«Pertsona guztiak, eskubide guztiak, memoria guztiak» aldarrikatu ditu Sortuk: «Azken batean, sufrimendu guzti-guztien oroimena aldarrikatzen dugu, batzuena zein besteena, inor bazterrean utzi gabe, soilik modu horretan eraiki baitaiteke herri honek hain beharrezko duen memoria partekatua eta elkarbizitza». Jakinarazi dute urtero antolatuko dituztela irailaren 27ari lotutako ekitaldiak, «aurrera egiteko oroitzea ezinbestekoa zaigulako; nora goazen jakiteko, nondik gatozen jakitea ere funtsezkoa zaigulako; herri honek behar-beharrezkoa duen elkarbizitza eraikitzen jarraitu nahi dugulako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.