Soilik turistak daramatzan lehen espaziontzia aireratu da

Hurrengo hiru egunetan, 90 minutuero emango diote buelta bat Lurrari, eta ikusmiraz gozatzeko leiho bat izango dute. 27.360 kilometro orduko abiaduran bidaiatuko dute.

Falcon9 espaziontzia, espazioratu denean. INSPIRATION4, EFE
2021eko irailaren 16a
15:40
Entzun

Bart goizaldean aireratu da Crew Dragon espaziontzia, barruan lau turista espazial daramatzala. Astronautarik gabeko lehen turismo bidaia espaziala da, eta hiru egun iraungo ditu, Lurretik 575 kilometrora. Barruan doaz aberats handi bat, irakasle bat, minbizia gainditu duen bat eta Irakeko gerran izandako AEBetako militar ohi bat.

Space X enpresak antolatu du bidaia. Inspiration 4 du izena misioak, eta 02:02an aireratu da Floridako CaƱaveral lurmuturreko Kennedy Zentro Espazialetik. Lau bidaiariak Tesla autoetan iritsi dira (Elon Musk da Space X enpresaren jabea), eta Netflixeko kamerak aurrean zituztela sartu dira Dragon Relisience kapsulan. Falcon 9 suziriak aireratu ditu.


Hayley Arceneaux, Christopher Sembroski, Jared Isaacman eta Sian Proctor, entrenamendu batean. /

Hurrengo hiru egunetan, 90 minutuero emango diote buelta bat Lurrari, eta ikusmiraz gozatzeko leiho bat izango dute. 27.360 kilometro orduko abiaduran bidaiatuko dute. Ez da publiko egin zer kostu duen bidaiak, baina Time aldizkariak argitaratu du 200 milioi dolar inguru ordaindu dituela Jared Isaascaman aberats handiak; diru horrekin bere txartela eta beste hirurena ordaindu du. Bidaiarekin haurren minbizia ikertzeko zentro baterako finantzaketa lortu nahi duela esan du.

Zentro horretan egiten du lan Hayley Arecenauxek. 10 urterekin minbizia izan zuen, eta orain, 29rekin, espaziora protesi batekin doan lehen pertsona bilakatu da. Beste bi bidaiariak Sian Proctor geologia irakaslea (51 urte) eta Chris Sembroski (42) AEBetako militar ohia dira. Azken bi horiei lehiaketa batean egokitu zitzaien espaziorako txartela; antolatzaileen arabera, 72.000 pertsonak parte hartu zuten, eta 110 milioi dolar bildu zituzten haurren minbizia ikertzen duen ospitale horrentzat.

Bidaia guztia programatuta dago, eta Lurretik kontrolatuko dute. Bidaiariek proba fisiko batzuk gainditu dituzte espazioratu aurretik, eta han direla mediku azterketak besterik ez dituzte egin beharko, euren osasuna nola dagoen aztertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.