Hizkuntza eskubideak jomugan

Castexekin bildu dira murgiltze ereduetako ordezkariak

Frantziako Gobernu buruaren doinu aldaketa positibotzat jo dute, eta berme juridikoen zain daude.

Jean Castex Frantziako lehen ministroa. LUDOVIC MARIN / EFE
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko irailaren 16a
16:27
Entzun

Frantziako Gobernuko Jean Castex lehen ministroarekin eta Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroarekin bildu dira Eskolim hizkuntza gutxituetako murgiltze ereduetako ordezkariak. Hizkuntza gutxituetako erakunde publikoek ere parte hartu zuten, atzo bideo konferentziaz eginiko bileran. Kontseilu Konstituzionalak murgiltzearen kontra hartutako erabakiaren harira, Castexek bi diputatu izendatu zituen txosten bat egiteko, murgiltze ereduari «berme» batzuk atzemateko erronkarekin. Castexek, orduan, hitzeman zuen txostena osatu ondotik murgiltzearen ordezkariekin bilduko zela, egoeraren berri emateko. Bada, bileran «tonu aldaketa positibo bat» izan da Peio Jorajuria Seaskako lehendakariaren arabera. «Castexek segurtatu digu murgiltze eredua mantentzeko xedea bazutela, eta irtenbideak atzemanen zituztela azkartzeko. Doinu aldaketa prezatu dugu: hizkuntza gutxituen kontra izandako erasoen ondotik, entzun beharra genuen», poztu da.

Hala eta guztiz ere, Jorajuriak zehaztu du ez direla «xehetasun teknikoetan sartu». Murgiltze ereduetako ordezkarien eskaerak «entzun» dituzte Frantziako Gobernuko kideek: murgiltze ereduaren babesa eta sendotzea segurtatzea, eskolako komunikazio hizkuntza euskara dela defendatzea, egoitza publikoak baliatzeko posibilitatea, eta azterketak euskaraz pasatzeko galdea ere. Jorajuriaren arabera, bermeak lortzeko lan juridikoa «zaila» izanen da, eta datozen egun edo asteetan gauzatuko da, zirkular baten bidez. Jorajuria: «erantzun teknikoak berantago izanen ditugu, zirkular baten bidez. Ez dakigu zein hitz baliatuko dituzten, eta hurbildik zaindu beharko dugu. Bilkuran aipaturiko intentzioak ez dakigu juridikoki nola sartuko diren zirkularrean». Dena den, dosierra Castexen eskuetan izatea baikorki hartu dute murgiltze ereduetako ordezkariek: «Urrats handi bat da, behingoz goi-mailako solaskideak ukan ditugu».

Halere, ez dute egutegi finkorik, ez baitakite zuzen noiz aterako den zirkularra. Castexek kontzertazio lan bat abiatuko duela segurtatu die, eta horren ondotik helduko dela berme juridikoa. Jorajuriak «mesfidati» segitzen du, halere; atzoko bilera «lehen seinale positiboa» izanik ere, «ikustekoa baita intentzioan nola gauzatuko diren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.