Euskal Herriko trenbide sare osoa, lehen aldiz plano bakar batean

Ingeniaritza Zibileko ikasle batek Euskal Herrian dauden trenbide sareak batu ditu mapa bakar batean, eta azkar zabaldu da irudia sareetan. Euskara hutsezko mapa bat ere sortu du BERRIArentzat.

Euskara hutsezko planoa. @GALDER_AGUDO
jone arruabarrena
2021eko irailaren 17a
12:07
Entzun

Zenbat tren hartu behar dira Euskal Herria zeharkatzeko? Edo zenbat plano ezberdin ikusi eta ulertu behar dira? Euskal herritarrei itzulinguru ugari saihestuko dizkien planoa sortu du Galder Agudo bilbotarrak. Ingeniaritza Zibileko ikaslea da, eta duela egun batzuk izugarrizko arrakasta izan zuen sareetara igo zuen mapak. «Ipar Euskal Herrian izan nintzen duela egun batzuk, eta bertan garraio publikoaren bidez mugitzeko asmoa nuen. Trenen planoak begiratzen hasi nintzenean, ohartu nintzen Akitania Berrian bertako trenbide guztiak biltzen zituen mapa bat zeukatela, eta hemen ez genuela halakorik», azaldu du Agudok.

Hemen klikatuta mapa PDF formatuan deskarga daiteke.

Euskal Herriko trenbide sare osoa biltzen du mapak. Guztira, 950 km baino gehiagoko ibilbidea zehazten du, 263 geltokirekin. Trenaz gain, metroko linea batzuk, mendiko trenak eta tren arinak, eta abiadura handiko trenaren zerbitzu batzuk ere biltzen ditu.

Hala ere, Agudok jakinarazi du planoa «sinplifikazio bat» dela momentuz: «Aldiriko eta metro sarean soilik herri nagusietako geltokiak adierazi dira». Metroari dagokionez ere, zehaztapen batzuk egin ditu: «Soilik Bilboko L1, L2 eta L3 lineak hartzen dira metro lineatzat». Horregatik, mapatik kanpo geratzen dira Euskotrenen E2 linea eta Topoa, besteak beste.

Twitterreko erabiltzaileek egilea ohartarazi zuten mapak zeuzkan akatsez. «Feedbacka jasotzeko igo nuen sareetara, eta gainerako txiolarien proposamenak entzun ondoren, zuzenketak egin ahal izan ditut». Iradokizun guztiak bilduta, mapa eguneratu bat sortu du Agudok. Sareetan zabaldu den bertsioa elebiduna da, euskaraz eta gazteleraz. Egileak, ordea, euskara hutsezko mapa bat egokitu du BERRIArentzat.

Hala ere, izan dira bestelako kritikak ere sare sozialetan, mapari baino gehiago, horrek erakusten duen errealitateari. Iruzkinen artean, txiolari asko kexatu dira Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian dagoen garraio publiko faltaz.

Egilea ere jakitun zen horretaz. Azaldu duenez, mapak trenbide sarearen «gabeziak» ikusteko ere balio du: «Bi aukera neuzkan: zerrenda eran egitea, edo ikuspuntu geografikoa lehenestea. Bigarrena aukeratu nuen, horrela nabarmenagoa baita hutsune hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.