Espainia

Sumendi baten erupzioa hasi da Kanaria uharteetako La Palman

Azken astean milaka lurrikara atzeman dituzte inguruetan. Cumbre Vieja sumendia laba, kea eta hautsa botatzen hasi da 15:00ak aldera.

Erupzioa, El Paso herritik ikusita. MIGUEL CALERO / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko irailaren 19a
17:56
Entzun

Zer edo zer espero zen, baina inor ez zen ausartzen esatera zer. Izan ere, azken egunotan gertaturiko 6.600 inguru lurrikarek adierazten zuten zerbait mugitzen ari zela Kanaria uharteetako (Espainia) La Palma irlako Cumbre Vieja sumendian. Azkenean, gaur hasi da erupzioa, 15:00ak aldera.

Lekukoen arabera, leherketa handi bat entzun da, eta sumenditik kea eta adituek piroklasto deitzen dituzten material solidoak, hau da, harria eta errautsa atera dira. Zabaldu dutenez, laba gutxienez bost sorburutik ari da ateratzen. Larrialdi taldeak inguruko biztanleak etxeetatik ateratzen hasi dira, eta labak hainbat su txiki eragin ditu inguruko basoetan. 35.000 pertsona inguru bizi dira sumenditik gertuen dauden lau herrietan.

Irailaren 11ean, Joan zen larunbatean, hasi ziren lurrikarak uhartean. Lurrikaron fokuak 20 kilometroko sakoneran hasi ziren, baina gero eta azalerago joan ziren gertatzen. Hainbat egunez, mugimenduak lasaitu ostean, gaur goizean 3,8 graduko lurrikara sentitu dute.

Cumbre Vieja Kanarietako sumendi aktiboenetako bat da. Uhartediko azken hiru erupzioetatik bi han gertatu dira: San Juan sumendia 1949an, eta Teneguia 1971an.

Enaire hegazkin trafikoaren kudeatzaileak oharra bidali die aire konpainiei, La Palmarako hegaldirik airera ez dezaten eskatzeko. Edonola ere, igandeko 18:00etan behintzat, ez zegoen aire trafikoa eteteko agindu ofizialik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.