Pfizerrek dio bere txertoa «segurua» dela 5 eta 11 urte arteko haurren artean ere

Pfizer eta BioNTech konpainiek 2/3 faseko entsegu kliniko baten emaitzak iragarri dituzte, eta, horien arabera, txertoak «erantzun sendoa» izan du 5 eta 11 urte bitarteko haurretan.

Osasun langile bat haur bati COVID-19aren aurkako txertoa jartzen. IDOI ZABALETA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko irailaren 20a
15:36
Entzun

Pfizer eta BioNTech konpainiaren txertoa 5 eta 11 urte arteko haurretan ere «eraginkorra» dela erakutsi dute botika etxeek egindako entsegu klinikoek. Albert Bourla Pfizerreko presidente eta zuzendariak jakinarazi du 2/3 faseko entsegu klinikoaren emaitzek erakutsi dutela 5 eta 11 urte bitarteko haurretan ere txertoa «segurua» dela bi dosi ematen baldin badira 21 eguneko aldearekin. Zehazki, entsegu klinikoetan 12 urte edo gehiagokoentzat erabiltzen den dosia baino txikiagoa eman zitzaien 5 eta 11 urte bitarteko haurrei (10 ug-ko dosia), eta jasotako emaitzek erakutsi dute 16 eta 25 urte bitartekoetan sortutako antigorputz maila oso antzekoa izan zutela.

«Azken bederatzi hilabeteetan, 12 urteko edo gehiagoko ehunka milioi pertsonak hartu dute COVID-19 txertoa. Txertoak ematen duen babesa herritar gazteagoei zabaltzeko irrikaz gaude, batez ere delta aldaerak haurrentzat duen mehatxua ikusten ari garelako», azaldu du Bourlak. Jakinarazi du uztailetik COVID-19aren kasu pediatrikoak %240 ugaritu direla AEBetan, eta horrek erakusten duela haurrak txertatzeko beharra.

Pfizerrek entsegu klinikoaren emaitzen berri emango die FDA Medikamentuen eta Elikagaien AEBetako erakundeari eta EMA Sendagaien Europako Agentziari, lehenbailehen onar dezaten haurrentzako txerto hori.


Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.