Albistea entzun

Sail Ofiziala

Amatasunaren hariak eta izuak

Claudia Llosak Distancia de rescate filma erakutsi du Sail Ofizialeko lehian. Vous ne désirez que moi (Claire Simon) eta Crai Nou (Alina Grigore) pelikulak ere aurkeztu dituzte.

Maria Valverde, Clara Llosa, Samanta Schweblin eta Dolores Fonzi, gaur, Donostian.
Maria Valverde, Clara Llosa, Samanta Schweblin eta Dolores Fonzi, gaur, Donostian. Jon Urbe / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde -

2021eko irailak 21

Bere etxetik urrun, hilzorian dago emakume bat, eta haur bat du alboan. Bien arteko elkarrizketek gidatzen dute Claudia Llosa zinemagilearen Distancia de rescate filma. Ez dira ama-semeak, baina, hala ere, amatasunaren inguruko kezkak eta gogoetak daude filmaren oinarrian, baita beldurrari eta arrisku ikusezinei buruzkoak ere. Samanta Schweblinen izen bereko eleberria egokitu du zuzendari perutarrak, eta Kursaalen erakutsi zuen, atzo eguerdian, Sail Ofizialeko lehiaren barruan.

Kontakizuna Argentinako landa eremuan girotuta dago —egiaz Txile hegoaldean filmatu zuten—. Bertan etxe bat hartu du Amandak (Maria Valverde), alaba txikiarekin uda igarotzeko. Han, Carola (Dolores Fonzi) ezagutuko du, David izeneko mutiko baten ama dena, eta errealitatearen eta naturaz gaindikoaren artean dagoen istorio bat kontatuko diona. Istorioak kezkak areagotuko dizkio Amandari. Izan ere, alabari askatasuna ematearen eta arriskutik babestearen arteko orekak arduratzen du; erreskate distantzia kalkulatzeak, haria noraino luzatu ebazteak. Eta tentsio horretan murgilduko du ikuslea filmak. Hain zuzen, edonoiz ezbehar bat gertatzearen beldurrarekin jolas egin nahi izan du Llosak. «Niretzat, egunerokotasuneko izuen inguruko film bat da», adierazi zuen, emanaldiaren osteko prentsaurrekoan.

Tentsioa eta izua osagaien artean badaude ere, zinemagilearen ustez, berea ez da zehazki generoko film bat, haren ertzetan dabilena baizik. Azaldu zuenez, beldurrezko zineman, ohikoan, kanpoko elementu batek sortzen du izua, baina berak barne beldurretan jarri nahi izan zuen arreta. Istorioa errealitatean errotuta egoteari ere garrantzia eman zion. «[Liburutik] Gustuko nuen dena dela erreala, baina, aldi berean, ezohikoari buruzko galdera guztiak irekitzen dituela; egunerokotasuna arraro bihurtzen da, eta hori beldurgarria da». Testutik gustuko izan zuen beste zerbait nabarmendu zuen: «Beti interesatu zait errealitatean dagoen arrakala hori, pentsamendu magiko hori». Zuzendariak eta idazleak elkarlanean egokitu zuten gidoia, eta Schweblinek aitortu zuen «lan handia» ekarri ziela. Kontakizuna gidatzen duen off-eko ahotsari eustea garrantzitsua zen harentzat, baina jakitun zegoen hori zineman arriskutsua izan daitekeela. «Erronka izan zen; azken ordura arte aritu ginen lantzen».

Llosak Madeinusa-rekin (2006) egin zuen debuta, eta, gero, La teta asustada (2009) lanarekin Urrezko Hartza irabazi zuen Berlinalen, baita ingelesez besteko film onenaren Oscar sarirako izendapena lortu ere.

Duras, maitalearen bozetik

1982an Michele Manceauxek Yann Andrea elkarrizketatu zuen bi egunetan. Magnetofoia piztu eta noizean behin bideratzen bazuen ere, batez ere, hitz egiten utzi zion Andreari, konta zezan zer harreman afektibo eta sexual izan zuen Marguerite Durasekin. Elkarrizketa hori oinarri hartuta, Claire Simon zinemagile frantziarrak Vous ne désirez que moi filma ondu du, Andrearen hitzari —Swann Arlaud interpretatua— ia erabateko presentzia emanez.

«Yann Andreak Marguerite Durasekin izan zuen harremana kontatzen zuen liburua irakurri nuen 2016an, eta inpresio handia eragin zidan», azaldu zuen Simonek atzo emandako prentsaurrekoan. «Bi aldiz gehiago irakurri nuen, eta Durasi buruz antzezlan bat egiteko asmoz zebilen lagun batekin hitz egin nuen». Berehala erabaki zuen, ordea, zinemak izan behar zuela Andrea eta Durasen arteko harremana kontatzeko tresna. «Eta ikusi nuen elkarrizketa horren grabazioa kontatu nahi nuela. Maitasun istorio hori interesatzen zitzaidan. Grabazioan zegoena».

Filmak kontatzen du elkarrizketa hori; besterik gabe, nahiz eta Andrearen hitzak laguntzen dituzten beste irudi batzuk ere txertatu dituen zuzendariak; tartean, Durasenak berarenak —besteak beste, sekuentzia batean idazlea azaltzen da Andrea bera zuzentzen Agatha et les lectures illimitées filmean—, eta baita idazlearen eta Andrearen arteko sexu harremanak irudikatzen dituzten marrazki batzuk ere. «Nola erakutsi sexu harreman bat? Nahi nuen marrazki horiek mugimendua izan zezaten, eta alderdi sexual hori erakutsi». Baina elkarrizketaren filmaketak du pisu handiena pelikulan, eta, Simonek agertu zuenez, hasieratik pentsatu zuen elkarrizketak berak «une zinematografikoa» izan behar zuela.

Testuak inportantzia erabatekoa du filmean, eta Arlaudek onartu zuen ezinezkoa egin zitzaiola dena ikasi eta memorizatzea. «Filmatzen hasi baino hilabete lehenago jaso nuen gidoia, eta ezinezkoa zen testu osoa ikastea, nire interpretazioa bi monologo luzetan baitago oinarrituta [45 minutu ingurukoak biak]». Hori ikusita, taldeko kide batek esaten zion testua filmatzeko momentuan bertan. «Guztiaz gogoratu gabe, inportanteena zen esaldi bakoitzaren esanahiaz jabetzea. Horrela banekien nola hasi eta bukatu behar nuen».

Ihesbide baten bila

Aktore eta gidoilari aritu eta zenbait labur zuzendu ostean, bere lehen film luzearekin aurkeztu da Alina Grigore errumaniarra Sail Ofizialeko lehiara: Crai Nou. Familiako giro itogarri, bortitz eta matxistan harrapatuta bizi den emakume gazte bat du protagonista, Irina (Ioana Chitu). Bukarestera jo nahi du, ikasten jarraitu eta familiarengandik ihes egiteko. Baina senideek ez dute begi onez ikusiko haren hautua. Filma bere komunitatean inspiratuta dagoela azaldu zuen zinemagileak emanaldiaren ostean. «Herritik atera nintzenean, goi mailako heziketa lortu zuten bakarrenetakoa izan nintzen. Uste nuen denborarekin hori aldatuko zela, baina itzuli nintzenean azaldu zidaten berdin segitzen zuela».

Filma osatzeko, emozioen ildoari jarraitu nahi izan ziola esan zuen, eta Irinaren bilakaera psikologikoan jarri fokua, ikuslea haren larruan jartzera eramateko. Aktoreekin lan egiteko duen era ere azaldu zuen. «Antzezleei eskatu nien elkarrekin ikerketa prozesu bat egiteko. Hala, hobeto ulertu ahal dituzte pertsonaien helburu eta motibazioak».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Neomak taldearen zuzenekoa ikusteko jende ilara luzea egin zen Plateruena kanpoaldean atzo arratsaldean, Durangoko Azokaren bigarren egunean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Plaza eta euskarri bete doinu

Ainhoa Sarasola

Zuzenekoak itzuli dira Durangoko Azokara, aurten Plateruenan. Landakon, Musikaren Plazak bildu ditu diskoetxeak eta musikariak. Diskoa nagusi den arren, euskarri digitalak gero eta ugariago dira
Xabier Eizagirre, Iratxe Retolaza eta Hedoi Etxarte, atzo, Landako guneko Talaia aretoan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Liburugintza diglosiko bat

Itziar Ugarte Irizar

Euskaraz argitaratzen diren liburuen datuak aletu dituzte Xabier Eizagirrek, Iratxe Retolazak eta Hedoi Etxartek. Kultura gutxitu baten isla direla adierazi dute.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Urte osoak eusten dio azoka asteari»

Andoni Imaz

Pozik hartu dute murrizketarik gabeko azoka bueltan, eta gogotsu sumatu dute ingurua ere. Inguru hori zabaltzen asmatzea daukate gakotzat.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...