Espioitza

Litvinenko Errusiak hil zuela ebatzi du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak

Espioi ohia Londresen hil zen, 2006. urtean, polonioarekin pozoituta. Erresuma Batuak aitortua zion asilo politikoa.

Aleksandr Litvinenko errusiar espioi ohia, 2006ko azaroan, pozoitua izan eta egun gutxira, Londresko ospitale batean. EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko irailaren 21a
12:02
Entzun

Errusiako Gobernua da Alexandr Litvinenkoren heriotzaren arduraduna, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak gaur ebatzi duenez. Epaiak zigor ekonomikoa ezarri dio Moskuri: KGBko espioi ohiaren alargun Marina Litvinenkori 100.000 euroko kalte ordaina emateko agindu dio. Horrez gain, beste 22.500 euro ordaindu beharko ditu auziak eragindako gastuengatik.

Epaimahaiaren erabakiak sei epaileren aldeko botoa jaso du. Kontra bozkatu du epaimahaiko epaile errusiarrak. Sententziaren arabera, Errusiak Giza Eskubideen Europako Itunaren 38. artikulua urratu du, auzia behar bezala ikertzea oztopatu duelako. Bigarren artikulua urratzea ere leporatu dio Estrasburgoko auzitegiak, bizitza eskubidea ez errespetatzeagatik.

Epaimahaiak ohar bidez adierazi duenez, Errusiak «justifikaziorik gabe» egin dio uko Litvinenkoren heriotza argitzeko eskatu zaion materiala errazteari. Auzitegiaren esanetan, Errusiak ez du ikerketa «eraginkor» bat egin gertakariak eta Litvinenkoren hiltzaileak zein izan ziren argitzeko.

Halaber, baztertu egin ditu Moskuk Erresuma Batuko justiziaren ikerketak froga gisa onartu izanagatik aurkeztu zituen argudioak. Erresuma Batuko justiziaren ikerketak 2016an ondorioztatu zuen Andrei Lugovoi eta Dmitri Kovtun errusiarrek hil zutela Litvinenko, ziurrenik FSB Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalaren operazio batean ari zirela. Ondorio horrekin bat egin du Estrasburgoko auzitegiak gaurko epaian.

Errusiako Gobernuak bere kontrako akusazio guztiak gezurtatu ditu, eta uko egin dio auziko prozesuan parte hartzeari. Litvinenkoren heriotzaren gaineko epaiketa arrazoi politikoengatik egin dela salatu du hainbatetan. Estrasburgoren epaia «oinarririk gabea» dela adierazi du gaur Dmitri Peskov gobernuko bozeramaileak. «Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du autoritaterik ezta ahalmen teknologikorik ere auzi honen gaineko informazioaren jabe izateko. Ikerketa honek oraindik ez du emaitzarik». Peskovek aurreratu du Kremlinek ez diola men egingo epaiari. Europako Kontseiluak du Estrasburgoren sententziak betetzen direla zaintzeko ardura, eta hala egin ezean erabakiak hartzekoa.

KGBtik Londresera

Litvinenko 2006ko azaroan pozoitu zuten, Londresko hotel batean. Polonio 210 gai erradioaktiboa nahastu zioten haren te berdeari, eta substantziak agoniazko heriotza eragin zion. KGBko espioi ohia Errusiako FSB Segurtasun Zerbitzu Federalean aritu zen lanean, SESB desegin ostean. Ardura horietatik kanporatu egin zuten, FSBren eta gobernuaren kontrako salaketa larriak egin ostean. Vladimir Putin Errusiako presidenteari mafia taldeekin elkarlanean aritzea leporatu zion, eta FSBri, gobernuari deseroso zitzaizkion politikari eta enpresariak hiltzea eta bahitzea.

Espioi ohia traidoretzat jo zuten, eta bi aldiz atxilotu zuten 1999an. Hurrengo urtean, Errusiatik ihes egin zuen, eta asilo politikoa eskatu zuen Erresuma Batuan. Onartu egin zioten 2001ean. Pozoitua izan baino hilabete bat lehenago, Erresuma Batuko hiritartasuna aitortu zioten.

Errusiatik kanpo izan zen denboran, Putinen ahots kritiko entzunenetako bat bihurtu zen Litvinenko. Erresuma Batuko justiziak egin zuen ikerketak jasotzen duenez, Litvinenko MI6 inteligentzia agentzia britainiarrarekin elkarlanean ari zenari buruzko informazioa zuen FSBk.

Pozoitua izan ondoren, Londresko Unibertsitate Ospitalean zela, bere heriotza Putinen agindu zuzena zela adierazi zuen.

Skripal auzia

Erresuma Batuko justiziak Errusiari leporatzen dion beste pozoitze kasu batean hirugarren auzipetu bat dela jakinarazi dute gaur. Denis Sergeev espioi errusiarra akusatu du justizia britainiarrak, Sergei Skripal espioi errusiar ohia eta haren alaba Yulia Skripal pozoitzen ahalegintzeagatik, 2018ko martxoan, Ingalaterra hegoaldeko Salisbury herrian. Novitxok substantzia erabili zuten erasoan.

Sergeevek —Erresuma Batuan Sergei Fedotov izen faltsua ibili zuen— hainbat delituren akusazioari egin beharko dio aurre Skripal aita-alaben hilketa saiakerarengatik. Beste bi susmagarri daude auzipetuta kasuan: Alexandr Mixkin eta Anatoli Txepiga. Ikerketak Errusiako GRU inteligentzia militarrerako erakundearekin lotzen ditu hiru auzipetuak. Akusazioaren arabera, elkarrekin jardun zuten antzeko operazioetan aurretik ere, Bulgarian eta Txekian.

Erresuma Batuko Fiskaltzak ez du Sergeeven estradizioa eskatuko, «Errusiako Konstituzioak ez duelako baimentzen hango herritarrak estraditatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.